Zestoako herritarrak informazio eske

Ezustean harrapatu ditu Zestoako bizilagunak Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiak. Diputazioak publiko egin zuenetik Osinbeltz harrobian bizigabetutako materiaren biltegia eraiki nahi duela, herritar guztien ahotan gai bera ibili da. Oihartzun handia izaten ari da. Herenegun, herri plataforma “apolitiko bat” sortzeko asmoz, kultur etxean bilera bat egiteko deia egin zuten hainbat herritarrek. Bildutako jendetzaren eraginez, elizan egin behar izan zuten azkenean bilera.

Herritar taldearen esanetan, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak iragan astean emandako azalpenek “proiektuaren xehetasunik eza eta ziurtasun gabezia” erakutsi zuten. “Ez gaude gordailuaren alde, ez kontra. Herritar bezala, frogak, bermeak eta datuak nahi ditugu”, zioen herritarrak biltzeko zabaldutako mezuak. Hori dela eta, plataforma bat osatzea proposatu dute, informazio “gardena, objektiboa eta fidagarria” lortzeko helburuarekin.

Plataforma hori ez dute oraingoz era ofizialean eratu. Izenik ere ez dute, eta asteazkeneko bileran argi gelditu zenez, informazio eskaeraz harago, irizpide aniztasuna nagusi da oraindik. Izan ere, batzuk inerteen biltegiaren kontra azaldu diren arren, beste batzuek datu guztiak ezagutu nahi dituzte erabaki bat hartu baino lehen, eta gero, galdeketa bat egin. Bertaratutako gehienek Zestoako Udala egiten dute informazio faltaren erantzule. “Datu objektiboak behar ditugu, antzeko kasuen berri izan, Europan auzia nola planteatzen den ezagutu… lan hori udalak egin beharko luke, baina orain arte, ez du halakorik egin”, azaldu du izenik eman nahi ez duen zestoar batek.

Plataforma sortu aurretik ere informazio falta zen herritarren kezka nagusietako bat. Nagore Telleria bizilagunak dio “haserre” atera zela joan den astean aldundiaren erabakia azaltzeko Zestoako Udalak herritarrekin egindako bileran. “Espero nuen bileran aurkeztuko zigutela frogaren bat, baina ezer ez genuen jaso”. Telleriaren ustez, kalkulu elektorala dago erabakiaren atzean: “Hiru mila biztanle gara Zestoan. Gipuzkoa osoak, berriz, lasai har dezake arnasa. Ondo ateratzen zaio Bilduri elektoralki. Erantzukizun gutxirekin ari dira , berriz, alderdi politiko guztiak. Aurreko bileran ere ez zen udaleko EAJko ordezkaririk agertu. Salduta gaude”. Telleriaren iritziz, galdeketa bat egin beharko litzateke herritarren iritzia entzun ahal izateko, 2004an egin zen bezala. Urte hartan, aldundia EAJren esku zegoen, eta erraustegia eraikitzeko hautagaietako bat Zestoako herria zen. Udalak antolatutako galdeketan parte hartu zutenen %91 agertu ziren erraustegia egitearen kontra. Plataforma osatzen dutenetako batzuen aburuz, berriz galdetu behar zaio herriari. Beste herritar askok ez dute horren garbi: “Herriak hartu zuen erabakia 2004an, eta erabaki genuen erraustegirik ez genuela nahi. Beraz, bistan da geratzen zaigun aukera biltegiarena dela. Orain dela gutxira arte gure hondakinak ibili gara eramaten beste zabortegietara, eta orain ezetz eta ezetz ari dira batzuk, arrazoirik eman gabe”, azaldu du Aitor Alberdi zestoarrak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.