Hamabi herrialde, hamalau abesbatza, lau kantu modalitate eta 30 bat musika saio. Tolosako Abesbatza Lehiaketa urteko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtu da eskualdean eta Gipuzkoa osoan, eta, antolatzaileen arabera, zale guztiak asetzeko moduko edizioa izango da aurtengoa ere.
Zehazki, Bielorrusiatik, Esloveniatik, Espainiatik, AEBetatik, Hungariatik, Indonesiatik, Letoniatik, Norvegiatik, Erresuma Batutik, Errumaniatik, Singapurtik eta Ukrainatik etorritako koruek parte hartuko dute lau modalitatetan: musika sakratua, musika profanoa, polifonia eta folklorea.
Horrez gainera, ganbera koruen kategoria ere mantenduko dute, aurreko urtean ezarritako irizpideari jarraiki. Kategoria horretan, koru mistoez gain, gizonez edo emakumez soilik osatutako abesbatzek ere parte har dezakete. Bestalde, Haur Abesbatzen kategoriarik ez da egongo aurten, baina, horren ordez, Ahots Taldeen kategoria ezarri dute.
Agertokiei dagokienez, berriz, Leidor antzokian eskainiko dituzte abesbatzen saio eta kontzertu gehienak, baina saio batzuk Aita Frantziskotarren parrokian edo Santa Klara elizan izango dira.
Lehiaketa baliatuz, gainera, abesbatza parte hartzaileek 70 kontzertu baino gehiago eskainiko dituzte Euskal Herri osoan datozen egunetan.
Igandera arte, Leidor antzokian eta Aita Frantziskotarren elizan.
Leave a Reply