Bigarren Antzerki Eskolen Eguna egingo dute igande goizean Azpeitiko plazan. Gaur bertan hasiko diren Azpeitiko XXXII. Euskal Antzerki Topaketen barruan antolatu du EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak. Antzerki eskoletan egiten den lana ezagutzera eman nahi dute egun horretan. Horregatik, eskoletako saio bat kalera aterako dute. “Urte osoan zehar antzerki eskoletan egiten den lana ezkutukoa da, eta hori ezagutarazi nahi dugu. Eskoletan lantzen dena asko baita: gorputza, ahotsa, sentimenduak…”, dio Itziar Elias EHAZEko koordinatzaileak.
Antzerki eskoletan dabiltzan ikasleen topagune ere izan nahi du iganderako antolatu duten ekintzak. “Eskola bakoitza bere kasa dabil lanean, eta denak batzeko leku bat izan nahi du”, Eliasen arabera.
Azpeitiko Topaketetan iaz egin zuten aurreneko aldiz, eta ondo atera zela dio EHAZEkoak. “Adin eta herri desberdinetako antzerki ikasleak bildu ziren iaz, eta aurten ere hala izango delakoan gaude. Antzerki eskoletara gonbidapenak bidali ditugu, baina igande goizean Azpeitiko plazara joandako bateren batek parte hartu nahiko balu horretarako aukera izango du”.
Aurreneko esperientzia aberasgarria izan zelakoan dago Alaitz Olaizola antzerkilaria eta Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerreko eta gazteen eta haurren antzerki eskoletako gidaria: “Ekintza gustatu egin zitzaien ikasleei, eta hainbat belaunalditakoek elkarrekin jarduteko aukera eskaintzen du gainera”.
Iaz bezalaxe, aurten ere, Antzerki Eskola Eguna gidatzen Inaxio Tolosa aktore eta antzerki irakasle zumaiarrak jardungo du. Tolosak Zumaian gazteei eta haurrei antzerkiko eskolak ematen jarduten du, eta tarteka 60 urtetik gorakoekin antzerki tailerrak ere egiten ditu. Horrez gain, Zarauzko hainbat ikastetxetan ere ematen ditu antzerkiko eskolak.
Gaur egun antzerki eskolak ikastetxetik kanpo eta ikastetxeko ordutegiaren barruan ematen dira Tolosak dioenez: “Guk dagoeneko hemezortzi urte daramazkigu Zarautzen ia eskola guztietan antzerki eskolak ematen: bai eskola ordutegi barruan eta bai kanpo ere”. Baina, bertan egiten dena oraindik ere jende askok ez duela ezagutzen uste du:”Antzerki eskolen kontua baztertuta dagoen zerbait da, ezagutzen ez dena”. Beraz, Antzerki Eskolen Egunak egiten duten lan hori “ezagutarazteko balio du”.
Tolosaren esanetan, gaur egun antzerki eskola asko daude: “Uste dugun baino gehiago, eta, gainera ugaltzen ari dira. Dena den, nahiz eta ia herri guztietan egon bat edo beste, jendeak ez daki edo ez du asko ezagutzen bertan zer egiten den”.
Eskola antzerkietan beti daude aukerak antzerki taldeak sortzeko edota antzezlan bat egiteko, Tolosaren ustez. “Antzerki eskoletan ikasi daiteke, horretarako teknika jakin batzuk daude eta training bat dago. Hori dena pixkanaka normalizatzen ari da, baina oraindik ez dago erabat normalizatuta”.
Antzerki eskola bateko “saio normal bat” egingo dute igande goizean Azpeitiko plazan: “Iaz ere halaxe egin genuen, orduan 20-30 bat ginen eta oso ondo pasatu genuen”. Antzerki eskoletan dabiltzanez gainera ez dabiltzanak ere probatzera animatu ditu Tolosak: “Antzerki eskolena benetan da hain dibertigarria, hain da polita, hain gauza berezia; askotan,espero ez duzun horrek berak ere espero ez dituen gauzak egiten ditu. Puntu berezi eta majiko bat badaukalako. Horregatik, mundu guztia probatzera animatuko nuke. Dibertigarria eta berezia da, beste sentsazio batzuk izateko aukera ematen duelako”. Jolasean eta jolas sormen berezian jarduteko aukera emateko asmoa du Tolosak igandean.
Topaketak gaurtik aurrera
Antzerki Eskolen Eguna igandean da, baina gaur hasiko dira Topaketak Soreasu antzokian Kamikaz kolektiboaren Euli giro lanaren estreinaldiarekin, 21:30ean. Bihar, berriz, Tartean Teatroaren Pankreas lana izango da, eta igandean Eidabe Kultur Elkartearen Egun berri bat. Azaroaren 23ra dira Topaketak, Soreasun. Baina, hilaren 20tik 22ra Azpeitiko Gaztetxean Antzerki Alternatibo Zikloa egingo dute.
Leave a Reply