Pareko lubakikoari fatxa deitzen ibiltzen den hori izan ohi da, ia beti, herriko fatxarik potoloena. Behin batean zorrotz esan zidan anaiak, eta markatuta geratu zait, antifa mugimenduetan baino fa desatseginagorik ez duela sekula inon topatu. Beharbada horregatik, Diario Fatxo kontuari norbaitek gomendatutako begiratua bota nionean —ez dut Twitter jarraitzen—, ez nuen aparteko zirrararik sentitu. Arerio bakarra jomugan ipini eta 24 orduz akats bila radarra martxan mantentze hori errazkeria iruditu zitzaidan.
Logela ilun batean galtzontzilotan —horrela irudikatzen ditut nik Interneteko apatxeak— Diario Fatxo eguneratuz bizi den horren munizioa Gipuzkoako itzal handieneko botere faktikoaren miseriak dira. Lurraldeko imajinarioan txertatuta dago Diario Vasco-ko zuzendaritzatik mugitzen direla Donostiako Udaleko eta Foru Aldundiko hainbat txotxongiloren hariak. Zer esanik ez, Igaran erabakitzen dela Realeko entrenatzaileei gillotina noiz pasa behar zaien. Hainbestekoa da aitortzen zaion eragina, Diario Fatxo-ri kontua ordu batzuz eten ziotenean askok egitatetzat hartu zuten parodiatzen ari den egunkariak zentsuratu zuela bere sare sozialetako grano deserosoa. Twitterren beraren azalpenak —sinesgarri askoa, niri galdetuko balidate behintzat— bestelakorik badio ere.
Dozenaka mila gipuzkoarrek egunero debozio elizkoiaz irakurriz elikatu dute munstroa. Eta munstroak esnatu eta goizero han jarraitzen zuen, jarraituko ez zuen ba. Aitak Diario Vasco erosteari utziko ziola esan didan bakoitzean odolki bat jan izan banu, 2012ko David de Jorge mengel legoke nire alboan. Iñaki Badiolak esan zuen behin DV zakurraren kakak jasotzeko ere ez lukeela erabiliko. Realeko presidente ohi bitxiak hainbeste maite zuen esamoldea berreskuratuz, naif samarra izan beharra dago gosaltzerako goitik behera eskaneatzen ez zuela imajinatzeko.
Behin laugarren paragrafora iritsita, aitormena. Unibertsitatean nintzela urtebetez Diario Vasco-n aritu nintzen. Ohitura garestiak nituen orduan ere, gurasoen errapeak zukututa, eta beka beste batzuk baino luzeagoa zen eta hobeki ordaindua zegoen. Txapela kentzeko lankide mordoxka ezagutu nuen han. Txapela kentzeak antonimorik badu, txapela jarrita uzteko behargin eta nagusi bat baino gehiago ere bai. Enpresa, berriz, txapela kendu, kaskoa jantzi, motoa hartu eta Valentino Rossiren abiadan ihes egiteko modukoa iruditu zitzaidan. Ia enpresa guztiak bezalaxe.
Gremioko lankideei buruz idaztea ez omen da oso dotorea. Prentsa askatasuna defendatzeko ez bada: kasu horretan, inork ez du esan ohi testu horiek dotorezia falta dutenik. Idatzi gabeko legedia da. Egunkaria itxi zutenean, Diario Vasco-ren editorial aseptiko askoak ez ziren batere aproposak izan, nire gusturako. Baina ederra nago ni. Santiago Oleaga erail zutenean lankide ohi bakar bati ere telefonoz deitu ez izana ez luke inork egokitzat joko, preseski. Barka beza, beraz, Kazetarien Kolegioak nire orduko hutsegitea eta gaurko atrebentzia ez hain dotorea.
Leave a Reply