Eskualdeko azokarik garrantzitsuena barrutik ezagutzeko saioak

Hileko azken larunbatetan bisita gidatuak egingo dituzte Tolosan, eta, hala, eskualdeko azokarik garrantzitsuena beste modu batera ikusteko aukera emango dute. Udalaren eta Tolomendiren egitasmoa da, eta joan den larunbat goizean egin zuten lehen bisita, Arrate Iturbe azoka dinamizatzailearen gidaritzapean.

Hamar pertsona irten ziren Santa Maria plazatik, Tolosaldea Tourrek bertan duen bulegoaren aurretik, eta Tolosako azokako dinamizatzaileak hamar laguni bisita gidatuaren lehen xehetasunak kontatu zizkien. Lehenik eta behin, azokaren garrantzia azaltzeko, Iturbek historian kokatu zituen larunbateroko euskal jaiaren sustraiak.

Ondoren, Berdura plazara joan ziren. Bertan, dinamizatzailearen hitzak entzuteaz gain, bisitariek produktuen inguruko informazioa jasotzeko aukera ere izan zuten, ekoizleekin hitz eginez.

Plazaz aldatuta, bisita gidatuak Zerkausiraino eraman zituen bisitan parte hartu zuten goierritar eta tolosarrak. Berdura plazan egin bezalaxe, azokako gune nagusian ere gauza bera egin zuten: gidariaren hitzekin azoka kokatu, produktuak ikusi eta ekoizleekin hitz egin. Azkenik, goiz pasa ederrarekin amaitzeko, Lurretik Sukaldera postu berrian bertako produktuak dastatu zituzten, bi plazetako postuetan ikusitakoak, hain zuzen.

Tolosako azokako bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek Tolosaldea Tour turismo bulegoarekin harremanetan jarri beharko dute. Horretarako, mezu elektroniko bat bidal daiteke tour@tolosaldea.net helbidera; halaber, 943-69 74 13 telefono zenbakira deitu edo bulegora joan daiteke.

Hasiera batean bisita gidatu horiek hileroko azken larunbatetan izango diren arren, aurrez eskatutako hitzorduekin taldea osatuz gero, zerbitzu hori edozein larunbatetan jasotzeko aukera izango da. Nabarmentzekoa da, gainera, lau hizkuntzatan egin ahal izango direla Tolosako azokako bisitak: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.