Hondartzaz gozatzeko eguna

Joanek hiru urte daramatza futbolean jokatzen. Hamar urte ditu, eta Donostiako Jakintza ikastolako ikaskideekin parte hartzen du txapelketetan. Guztiak dira neskak, eta egun berezia izan zuten igandekoa, aurrenekoz Kontxako hondartzan jokatzeko aukera izan baitzuten. “Bezperatik urduri zegoen, zer-nolako zapatilak eraman behar zituen galdezka”, dio Edorta Lizarrondok, Joaneren aitak.

Hondartzan marraztutako zelaia, entrenatzaileak hondartzan marraztutako eskema, urak leundutako eremua edota beste hegalean altxatutako hondar tontorrak orain arte ezagutu gabeko gauzak izan dira haientzat. Denborarekin ohituz joango dira, baina igandean ikasi zuten, adibidez, aurreneko txandan jokatzen dutenek sartu behar dituztela zutoinak hondartzan, eta gero langa jarri. Jokalekua ere jokalariek markatu behar dute partida hasi orduko.

Orain arte belar artifizialeko zelaietan jokatu dute futbolean, baina aurten, irizpideak aldatuta, mutilek zein neskek izango dute hondartzan jokatzeko aukera. Izan ere, orain dela bi urte Donostiako Jakintza ikastolako guraso talde batek arartekoarengana jo zuen, neskek ere hondartzan jokatzeko eskubidea zutela aldarrikatuz. Kexa haien ondorioz, arduradunek beste formatu bat diseinatzeko beharra ikusi zuten. Lizarrondo pozik dago aurten zabaldu zaien aukera dela eta: “Iaz, alabak galdetzen zidan ea zergatik ezin zuten mutilek bezala hondartzan jokatu. Gozamena izan da haientzat. Asko disfrutatu dute neskak nesken aurka jokatzen”.

Eguzkia lagun, gurasoek ere igande goiz ederra pasatu zutela aitortu du Lizarrondok. “Beti joan izan gara bai semearen eta baita alabaren partidak ikustera, saskibaloikoak, eskubaloikoak edo futbolekoak izan. Hala ere, harritu egin nintzen hainbeste kamera ikusita, uste nuelako naturalagoa izango zela guztia, baina ez dago zalantzarik guztiontzat ederra izan zela”.

Lizarrondoren esanetan, zorionez gainontzeko kiroletan ez da horrelako arazorik sortzen: “Saskibaloian talde mistoak daude, eta guztiek jokatzen dute kantxa beretan. Errugbian ere, Anoetako miniestadioan neska zein mutil ibili izan dira, eta primeran moldatu izan dira”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.