Gerra garaian, atxiloketa gune gogorrenetako bat Ondarretan zegoen. Euskal Herriko nahiz atzerriko ehunka herritarrek amesgaiztoa bizi izan zuten han. Askok ez zuten askatasuna berreskuratu: izurriteek edo goseak jota hil ziren batzuk; beste asko, fusilatuta. Eta fusilatze bakoitzarekin, Ondarreta inguruko txakurrek zaunka egiten zuten. Heriotzaren oihartzun bihurtu ziren animaliak; min handienaren berriemaile, donostiar askorentzat. Gaur egun ere, badago txakurrak zaunka aditzen dituen aldiro kirioak dantzan sentitzen dituenik ere. Ia zortzi hamarkada igaro diren arren, 36ko gerrak orban sakonak utzi baitzituen Euskal Herri osoan. Historia osatzen duten istorio txiki horiek oinarri hartuta, Oroimen Historikoaren Ibilbidea ondu dute Donostian.
“Oraindik orain, familia askotan ez da 36ko gerraz hitz egiten”, esan du Miren Koro Campos historialariak. Koma Zerbitzu Kulturalak enpresako langilea da, Oroimen Historikoaren Ibilbideko bisita gidatuak egiten dituen enpresakoa. Haren irudiko, gertuegi dago gerraren mamua. “Gai hori tabua da askorentzat, eta horregatik iruditzen zaigu beharrezkoa dela oroimena gordetzea”.
Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoaren ekimenez, urrian hasi ziren bisita gidatuak egiten, larunbatero, euskaraz zein gaztelaniaz. Azaroaren 15era arte egingo dituzte, 11:00etan eta 17:00etan. “Udalak argitaratutako Oroimen Historikoaren Mapa oinarri hartuta diseinatu genuen ibilbidea”, azaldu du Camposek. Gatazka belikoen kokalekuak, fusilatzeak, bonbardatutako lekuak, atxilotze guneak, hilobiratzeak eta beste hainbat elementu zehazten dira mapa horretan, eta, horien artean, zazpi gune hautatu dituzte ibilbideari forma emateko. 1936ko gerrak nahiz ondorengo diktadurak Donostian eragindako minaren erradiografia osatzen duten zazpi puntu.
San Telmo museoaren barruan hasten da Oroimen Historikoaren Ibilaldi gidatua. Han, testuinguru historikoa ezagutzeko gakoak eskaintzen zaizkie bisitariei, hainbat agiri, argazki eta testigantzaz lagunduta. “Gerra baino lehen, Donostia hiria eta donostiar gizartea nolakoak ziren azaltzen dugu lehen gune horretan. Izan ere, XIX. mendeko azken hamarkadetan, lehen mailako leku turistikoa zen Donostia. Hori guztia ezerezean gelditu zen XX. mendean. Gainbehera errepublikaren garaian hasi zen, baina, batez ere, 36ko altxamenduaren ondorengo urteetan zapuztu zen Donostiaren izaera turistikoa”.
Camposek Kursaalera eta Ondarretako hondartzara zuzentzen ditu begiradak Salamanca pasealekuan, garai batean espetxe izandako espaziora. Uztailaren 18ko estatu kolpearen ondorengo asteetan, 500 bat pertsona atxilotu zituzten Donostian erreboltari edo susmagarri izateagatik, eta Ondarretako kartzelan sartu zituzten denak.
“Diktadura garaian kartzela barruko bizimodua nolakoa zen azaltzeko baliatzen dugu gune hau”, dio historialariak. Hamaika testigantza zuzen bildu dituzte horretarako: torturak, gosea, bizi-baldintza izugarriak… horiek guztiak agerian gelditzen dira bisitaldiak irauten duen bitartean jartzen dituzten ikus-entzunezkoetan. Horien artean, badago pisu berezia duen lekukotza bat: Jean Pelletier presoarena. Hark idatzi zuen 1937. urtean Seis meses en las prisiones de Franco (Sei hilabete Francoren espetxeetan) liburua, eta Komako historialariak horretan oinarritu dira, besteak beste, kartzela barruko errealitate gordina islatzeko.
1936ko gerrak eztanda egin zuenean, 85.000 biztanle zituen Donostiak, eta, ordura arte ohikoa zen bezala, turistaz lepo zegoen. Askok iparraldera ihes egin zuten, eta Miarritzen bilatu zuten babeslekua. Bien bitartean, Donostia gudu zelai bihurtu zen. Istilurik larrienak Urbieta kalean eta Okendo plazan gertatu ziren, eta, gaur egun ere, tiroek eta morteroak utzitako zuloak ikus daitezke Maria Kristina hoteleko paretetan.
Triskantzaren aztarna horiek baliatzen ditu Camposek hirian piztu ziren borrokaldiez hitz egiteko: “Hasiera batean, orduko legalitatearen kontra matxinatutako militarrek uste zuten oso erraza izango zela Donostia mendean hartzea, baina biztanleriak aurre egin zien Larramendi kalearen inguruetan, eta borroka asko luzatu zen. Hori dela eta, gerraren egunez egunekoa kontatzen dugu ibilbidearen puntu honetan”.
Esaera batek dio guda guztien lehen biktima egia izaten dela, eta 36ko gerraren kasuan ere halaxe gertatu zen: Garibai kaleko 32-34 zenbakietan Frente Popular egunkari errepublikazalearen egoitza zegoen, eta matxinatuek eraikina bonbardatu zuten, ahots deserosoak isilarazteko.
“Iraganaren aztarnen desagerraraztea, zentsuraren ezarpena, terminologia propioa… Hori guztia lantzen dugu bisita gidatuaren puntu honetan. Kaleen izenak oso esanguratsuak dira zentzu horretan: Ategorrieta hiribideari General Mola izena eman zioten; Zurriolari, Generalisimo Franco, eta abar. Historia garaileek idazten dute beti, eta, horrexegatik, bertsio horretatik ihesi, testigantza zuzenengana jo dugu”.
Iragan maiatzean, frankismoak fusilatutakoen omenezko monumentua inauguratu zuten Ijentzia kalean. Horrek aukera ematen die Komako historialariei gatazkaren ondorio zuzenak aztertzeko: erailketak, familien sakabanatzeak, atxiloketak, ur edo janaririk eza…
Gatazkak iraun zuen bitartean, emakumeek parte hartze aktiboa izan zuten, bai frontean baita atzeragoardian ere: borroka egin zuten, kartzelatuak izan ziren eta familien sostengu bakarrak izan ziren askotan. Horri buruzko aipamenik, ordea, ez dago kasik historia liburuetan. “Emakumeen rol garrantzitsua isildu egin da betidanik”. Hori konpontzeko asmoz, Oroimen Historikoaren Ibilbideko ataletako bat Elbira Zipitriari eskaintzea erabaki zuten Giza Eskubideen Bulegoko eta Komako arduradunek. Datozen asteetako bisitak, ordea, ezberdinak izango dira: “Hasiera batean, Elbira Zipitria kalean geldialdia egiten genuen, emakumearen rola azaltzeko adibide ona zelako eta Parte Zaharrean emakume izena duen kale bakarrenetako bat delako. Hala ere, haren figurak pisu handia du, eta ez genuen emakumeen rola kasu bakar batean zentratu nahi. Horregatik, emakumeei buruzko aipamenak ibilbide osora zabaltzea erabaki genuen”. Ibilbide osoa egin ostean, Zuloaga plazara itzuli dira bisitariak. Han, hautetsontzi bat paratu dute antolatzaileek, bakoitzak bere gogoetak edo oroitzapenak idatzita utz ditzan. Hitza eta esperientziaren transmisioa baitira amnesiaren kontrako txertorik onena.
Leave a Reply