Kontxan jokatutako futbol partidak amaituta, taldekideek argazkiak atera zituzten elkarri helduta, talde profesionalek zelairatzean egiten duten gisan. Ez zen gutxiagorako, joan den igandean Donostiako hondartzan ikusitako irudia esanguratsua izan baitzen oso.
Orain arte bosgarren eta seigarren mailako neskek belar artifizialeko zelaietan jokatu behar izan dute futbolean. Izan ere, leku falta dela eta, azken urteetako antolatzaileen erabakia izan da hondartzan mutilek eta talde mistoek baino ez jokatzea. Orain dela bi urte guraso talde batek salatu zuen erabakia “errespetu irizpideen aurkakoa” zela eta arduradunek nesken futbola ikusgarritasun gutxiagoko lekuetara mugatzen zutela. Generoen berdintasuna bermatzeko asmoarekin, Iñigo Lamarca arartekoarengana jo zuten, kexa arduradunengana hel zedin. Bi urte igarota, igandean beren aurreneko partidak jokatu zituzten bosgarren mailako neskek Donostiako Kontxan.
“Aurpegian nabaritzen zitzaien pozez zoratzen zeudela”, azaldu du Aitor Jimenezek, Santo Tomas Lizeoko nesken entrenatzaileak. Futbolean jokatu izan du Jimenezek berak, baina orain bazter batetik ikusten du jokoa, gaztetxoei aginduak emanez. “Ez zuten ulertzen beraiek zergatik jokatu behar zuten zelai artifizialean eta mutilek hondartzan. Neskek zein mutilek nahiago dute Kontxan jokatu. Hemendik hogei urtera gauza eder baten moduan oroituko dute”.
1990eko hamarkadaren azken urteetan neskaz zein mutilez osatutako taldeek jokatu izan zituzten beren partidak Donostiako itsasertzean marraztutako zelaietan. Pare bat urtez baino ez zuten partekatu elkarrekin joko zelaia, neska talde oso gutxi osatu baitziren hurrengo urteetan. Geroztik, mutilentzako barruti pribatua izan da Kontxa, nahiz eta talde mistoetan neskek ere jokatzerik izan duten. Azken urteetan neskaz osatutako talde ugari eratu arren, belar artifizialeko zelai gainean ibili behar izan dute baloiari ostikoak ematen. Santo Tomas Lizeoko kirol koordinatzaile Xabier Ezeizaren esanetan, erabaki horretan eragina dute adin horretako mutil eta neskek eskolaz kanpoko kirolak lantzeko dituzten egutegiek ere. Bosgarren eta seigarren mailako ikasleek gutxienez bi kirol landu behar dituzte urtean, eta mutil gehienek hondartzako futbola hautatzen dute lehen kirol gisa. Horregatik, ikasturte osoan asteburu batean hondartza futbolean aritzen dira, marea behean dagoenean, eta hurrengo asteburuan, hautatutako bigarren kirola praktikatzen dute, marea goian dagoela aprobetxatuz.
Nesken egutegia, aldiz, naturalagoa da, ikasturte erdian astebururo kirol bat praktikatzen baitute, eta bigarren ikasturte erdian hautatutako beste kirola. Neskek lehen urte erdi horretan astebururo futbol partidak jokatu behar zituztenez, belar artifizialean egitea erabaki zuen federazioak, argudiatuz bi astetik behin Kontxako hondartzan jokatzen ziren partidetan ez zegoela talde guztientzako lekurik.
Marea behean dagoenean Kontxako hondartzan hamabost jokalekutarako tokia dago, eta, hiru txandatan banaturik, guztira berrogeita bost partida jokatzen dituzte. Orotara, 90 taldek parte hartzen dute. Aurten, esaterako, mutilez osatutako 91 taldek eta neskaz osatutako 26k eman dute izena.
Irizpide aldaketa
Mutilek eta neskek eskubide berak izan ditzaten, iraila iritsi aurretik hainbat bileratan parte hartu dute Donostia Kirola elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Futbol Federazioak, Realak eta Donostiako ikastetxeek. Bileren emaitza izan da lehen indarrean zegoen irizpidea aldatzea. Aurten, mailen arabera banatuko dute; lehen ikasturte erdian bosgarren mailakoek jokatuko dute futbolean, eta bigarren ikasturte erdian seigarren mailakoek.
“Egutegi berri bat behar zen, eta, azkenean, orain arte neskek erabili duten egutegia erabiltzea erabaki genuen. Hau da, ikasturtearen lehen erdian futbola praktikatzea, eta ikasturtearen bigarren erdian beste kirola”, dio Ezeizak. Baina espazioaren arazoak hor zirauen. Hori ikusita, ikasturtea mailaren arabera banatzea erabaki dute. Hortaz, “marea behean dagoen asteburuetan Kontxan jokatuko dute, eta marea goian dagoenetan, berriz, belar artifizialeko zelaian”. Orain dela bi asteburu hasi zuten liga txapelketa bai mutilek eta bai neskek; hain zuzen ere, Añorgako instalazioetan.
Hala ere, beste arazo bat sortu da: Gipuzkoako Futbol Federazioak, zeinak orain dela 71 urtetik hondartzako futbola antolatu duen, uko egin dio aurtengo saioak antolatzeari, haren esanetan formatu berriak txapelketaren egitura aldatu baitu. Hori ikusita, ikastetxeek antolaketa bere gain hartzea erabaki dutela azaldu du Ezeizak: “Gure lehentasuna gure ikasleek parte hartzeko aukera izatea da. Horregatik, hiru ikastetxeren artean antolatzen ari gara arbitrajeak —Santo Tomas Lizeoa, Axular Lizeoa eta Luberri—, kirol klubak ere bagarelako. Halere, gainontzeko ikastetxeek laguntzen dute, eta Donostia Kirolak da egutegiaren arduraduna”
Leave a Reply