Irakasle ikasketak amaitu orduko hasi zen Tolosako euskaltegian lanean Eli Azpiroz (Berastegi, 1968), eta Donostiako Ilazki euskaltegian daramatza azken hemezortzi urteak.
Esan daiteke betidanik zarela euskara irakaslea.
Bai, 1991z geroztik. Irakasle ikasketak amaitu ondoren, Tolosako euskaltegirako euskara irakasleak behar zituztela ikusi nuen egunkarian; probara aurkeztu nintzen, eta hartu egin ninduten. Tolosako udal euskaltegian guraso talde batzuei euskara eskolak ematen hasi nintzen; bost ikasturteren ondoren, Donostiako Ilazki euskaltegira etorri nintzen, eta bertan nago geroztik .
Urteotan guztiotan, aldatuko zen euskaltegien jarduna.
Goizetan bost ordukako taldeak izaten ditugu, lan orduetatik liberatuta etortzen direnak: administrazioko jendea, Osakidetzakoa… eta orain ez baditugu ere, irakasleak ere urte askoan izan ditugu. Horiez gain, beste talde asko izaten ditugu, guk libreak deitzen diegunak; euren kabuz etortzen dira, lan orduetatik kanpo, eta gehienak titulu bila etortzen dira. Eskolak emateko era erabat aldatu da. Ni hasi nintzenean, eduki gramatikalean oinarritzen ginen. Horrek zuen garrantzia. Orain, berriz, Europako Erreferentzia Markoari jarraituz, helburu komunikatiboetan oinarritutako ekintzak ditugu lan tresna.
Nolakoa da euskara ikastera doazenen soslaia?
Aniztuna oso: adin, ingurune eta helburu desberdineko jendea. Zenbaiten helburua, gazteena batik bat, titulua eskuratzea izaten da, lan munduan sartu ahal izateko edo lantokian aurrera egin ahal izateko. Beste zenbait, berriz, euren ingurukoekin edo lan arloan euskaraz aritzeko trebatzera etortzen dira.
Eta nolakoak gara ama hizkuntza euskara dugunok euskara ikasten ari direnekin?
Uste dut gehienok pozten garela norbait euskara ikasteko ahalegina egiten ari dela sumatzen dugunean, eta lehen jarrera animoak ematekoa eta laguntzekoa izaten dela. Baina, gero, konfiantza dagoen inguruetan eta, elkarrizketa luzeak izaterakoan, pazientzia galtzen dugu. Askotan esan dit ikasleren batek bere bikotekidea euskaldun zaharra dela baina ez duela berarekin euskaraz hitz egin nahi izaten.
Zuretzat, aldiz, pasioa da ez dakitenei euskara irakastea.
Bai, ni euskalduna naiz, euskaraz bizi naiz, nire izaera ez dut euskararik gabe ulertzen… Izan dezakedan lanbiderik onena da euskara irakastea. Ezer jakin gabe, hutsetik hasitako ikasleak izan ditut, eta handik urte batzuetara eurekin kalean topo egin eta euskaraz hitz egin ahal izatea edo ikustea urrian nola etortzen den ikasle bat eta ekainean zenbat ikasita joaten den, hori izugarria da.
Ikasle izandakoren batek eman dizu sorpresa atseginik?
Joan den astean, adibidez, hitzaldi batera joan nintzen, eta nire ikasle izandako bat zen hitzaldia eman zuena. Oso-osorik ez, baina hitzaldiaren erdia-edo euskaraz egin zuen. Kontu teknikoak-eta hasi zirenean, jendearen galderak erantzun behar zituenean, barkamena eskatu zuen seguru sentitzen ez zelako, eta gaztelaniara pasatu zen. Seguru nago galderak erantzuteko gai ere izango zela euskaraz, baina beldurragatik ez zuela egin. Edonola ere, berrogei bat lagunen aurrean azalpenak euskaraz emateko gai dela ikustea oso polita izan zen.
Euskara ikasi nahi baina ezinean dabilenak esaten du: “Euskara oso hizkuntza zaila da”.
Ez da. Beste hizkuntza bat da, beste egitura bat duena. Izan ere, zaila, zaila, zerekin alderatuta? Gaztelaniarekin? Bueno, ba beste hizkuntza bat da. Nik ikasleei beti hori esaten diet. Oinarri gisa gaztelania baduzu, normala da zaila iruditzea, euskarak beste egitura bat duelako. Baina bat ez da bestea baino zailagoa, desberdina da.
Euskaldunberri bati entzundakoa: “Zertarako ikasiko dut euskaltegian ‘ulertu’, kalean jendeak ‘entenditu’ esaten badu?”.
Euskaltegietan irakasten dugun euskara batua dela erantzungo nioke. Nik neuk ere euskaltegian euskara bat erabiltzen dut, eta etxean beste bat, oso desberdina, neure herrikoa. Donostian euskaltegian hitz egiten dena eta kalekoa ez dira hain ezberdinak; baina Berastegin ere aritu izan naiz euskara irakasten, eta hango ikasleei argi esaten nien: “Euskara batua irakatsiko dizuet, gero idazteko-eta hori behar duzuelako; baina jakin ezazue guk dago esan ordez dau esaten dugula, eta dugu esan ordez, deu“.
Leave a Reply