Urretxuk harrizko bihotza du

Urretxuko bihotzaren zati bat harrizkoa da. Ez da, dena dela, edonolako harria. Mineralak, fosilak eta harribitxiak nahasten baitira Urretxuko bihotzean. Bihotz horren egoitza Urrelur museoa da. 1987an museoaren ateak ireki zituztenetik, Euskal Herriko eta nazioarteko harrien gordailu bihurtu da, eta jadanik 1.000 mineral inguru katalogatuak ditu; fosilak eta harkaitzak ere badaude. Bisitariei museoaren ateak irekitzen dizkiete, bisita gidatuak egiten dituzte, eta, urtero, azaro hasieran, museoari lotuta Mineralogia eta Paleontologia Astea antolatzen du Urretxuko Udalak.

Aurreko astelehenean abiatu zen Mineralogia eta Paleontologia Astea. Urrelur mineral eta fosilen museoa astearen arima da. Harriek kontatzeko duten guztia entzun daiteke Urretxuko museoan. Harrien edertasun soilaz harago, lurra osatzen duen materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz ere hitz egiten dute mineralek eta fosilek. Hain zuzen, hori da museoak bisitariei eskaini nahi diena: harriei begiratzeko eta entzuteko beste modu bat.

Baina Urrelur museoa ez dago Urretxun zoriak hala erabakita, Urretxu harrietara lotzeko arrazoiak abizen jakin bat dauka: Aguado sendiarena. Nicasio Aguado zenaren bildumak egiteko zaletasuna da, hain justu, Urrelur museoaren abiapuntua. Javier Aguado semearen hitzetan, “aitak denetariko bildumak egiten zituen. Mineralak gogoko zituen, eta Gabiriako fundizioa saldu zuenean, euskal hiriburuetako merkatu txikietara joaten hasi zen”. Aguado aita harriekin iritsi zen Urretxura, eta bilduma oparoa osatu zuen poliki-poliki. Aguado semearen hitzetan, “aitarena benetako bilduma egile baten istorioa da”. Urrelur museoa Aguado familiak Urretxuko herriari egindako doako lagapenaren emaitza da.

Egun, museoko mineralak konposizioaren arabera katalogatuta eta hamaika taldetan banatuta daude. 1.000 pieza gordetzen ditu museoak. Fosilen atalari dagokionez, bost kontinenteetatik jasotakoak eta kronologikoki ordenatuak daude. Horrez gain, Urrelur museoko erakusketak harkaitzei eskainitako leku berezia dauka.

Museoak urte osoan jasotzen ditu bisitak. Bisitari gehienak ikasleak diren arren, ez dira museoak hartzen dituen bisitari bakarrak; Urrelurrera elkarteek antolatzen dituzten ibilaldietako talde asko ere joaten dira.

Bisita gidatuak

Artelatza Ingurumen Zerbitzuak enpresako Aitziber Sarasolak gidatzen ditu bisitariak, Arantxa Oria kidearekin batera. “Gure lana mineralogia plazaratzea da. Nahiko mundu ezezaguna da. Bisitariei testuliburuetan agertzen ez diren gauza bitxiak kontatzen saiatzen gara”, dio Sarasolak. Bisita gidatuak bisitarien eskakizunetara moldatzen dituzte: “Batzuek mineralei buruzko azalpena baino ez dute nahi. Beste batzuek fosilena”.

Urrelur museoko gidariek mineralek egunerokoan txertatuta daudela erakusten diete bisitariei. Museoko beira-arasan ezezagun gisan agertzen den grafitoa arkatzaren mina dela azaltzen diete, eta grafitoa diamantearen ahaidea dela esaten diete, karbonoa egonkor egiten denean ohikoena baita diamante edo grafito obilakatzea. Gatza, egunerok otorduak prestatzeko horrenbeste erabili ohi den elementua, minerala dela gogoratzen diete Urrelur museoko bisitariei.

Mineralogia eta Paleontologia Asteak 27. ekitaldia du aurten. Joan den astelehenean eman zioten hasiera, Meatzaritza eta meatzariak erakusketa zabalduta. Iñaki Irisarrik prestaturiko erakusketa Urretxuko udaletxearen sarreran egongo da zabalik igandera arte. Olio lanparak, jantziak, lan tresnak, dokumentuak… Objektu ugari ikus daitezke han, tartean, garai bateko argazkiak ere bai, zeintzuek lur sakoneko ofizioaren gogorra agerian uzten duten. Bisita gidatuak egin daitezke, doan.

Ez da, baina, Urretxun egunotan ikus daitekeen erakusketa bakarra. Javier Aguadok Euskal Herriko Mineralak bilduma ikusgai ipini du Juan de Lizarazu aretoan. Aguadok dokumentazio lan zorrotza egin du luzaroan, eta, gutxienez, 5.000 irudi bildu ditu jada. Mineralak argazki bidez dokumentatuta daude, eta argazki horien lagin bat ikusgai dago Urretxuko erakusketa aretoan.

Mineralogia eta Paleontologia Astearen ekitaldirik garrantzitsuena izaten da Mineral, Fosil eta Harribitxien Azoka. Gaur goizean ireki dute. Ederrena pilotalekua salerosketa gune bihurtu dute Euskal Herriko eta nazioarteko bildumagile eta salerosleek. Miren Castillo Urretxuko kultur teknikariaren hitzetan, “frontoian kabitzen den bezainbeste salerosle dago, eta jasotzen ditugun eskari guztiei ezin diegu bidea eman”. Salerosleak hamaika tokitatik iristen dira Urretxura. Feriaren muina da saltzen eta erosten diren harrien %80 naturak eman dituen bezala saldu eta erosi behar direla. Beste %20 bitxiak edo bestelako objektuak izan daitezke, betiere, mineral, fosil edo harribitxiekin egindakoak.

Asteburuak hartuko dituen beste ekintzak umeentzat dira. Urrelur mineralogia eta paleontologia parkea ireki dute gaur goizean, Gernikako Arbola plazan. Parkeak harrien unibertsora hurbildu nahi ditu umeak, baita haiekin lotutako jardueretara ere. Aurten, meatzaritza parkea Iparragirre plazan jarri dute, haurrei meategien erraietan murgiltzeko aukera emateko.

Eta, behin astea amaituta, museoak bere bidea egiten jarraituko du Urretxuko bihotzean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.