Behin hasi eta gelditu ez

Urteak joan eta urteak etorri, 1919az geroztik berrogeita bederatzi aldiz korritu da Behobia-Donostia lasterketa. Hogei kilometroko ibilbideak berrogeita hamargarrenez lotuko ditu Irungo Behobia auzoan kokatutako irteera eta Donostiako helmuga. Proba berezia izango da; antolatzaileek 25 lasterketatan edo gehiagotan parte hartu duten korrikalariak omenduko dituzte irteeran.

Haien artean egongo dira Juan Carlos Diez Peralta irundarra (62 urte) eta Ander Diez Azparren donostiarra (60 urte). Haiek dira 1979az geroztik lasterketa guztietan parte hartu duten korrikalari bakarrak. Data esanguratsua da, 1963tik 1979ra ez baitzen lasterketarik jokatu. Antzeko istorioa dute biek. 1979ko urriko Donostiako maratoia korritu ostean erabaki zuten bi korrikalariek hilabete geroago egitekoa zen Behobia-Donostia lasterketan lehiatzea.

Joxe Mari Ibarburu donostiarraren (55 urte) kasuan, aitarengandik datorkio lasterka egiteko zaletasuna. Aita, hura ere Joxe Mari Ibarburu, 1950eko hamarkadan goi mailan ibilitako korrikalaria izan zen, gerora Real Sociedad atletismo taldeko arduraduna izan zena. Talde horrekin irabazi zuen 1942ko lasterketa, garai hartan txandaka korritzen baitzen Behobia-Donostia. Semeak barrutik bizi izan zuen atletismoa, eta Emil Zatopek korrikalari txekiar ospetsua bera ere ezagutu zuen. Izan ere, aitaren laguna zen Olinpiar Jokoetan lau urrezko domina lortu zituen giza lokomotorra.

Ibarburu semea ez da gorengo mailara iritsi, baina 1983an Behobia-Donostia aurrenekoz korritu zuenetik, ez da gelditu: aurten hogeita hamargarren aldiz parte hartuko du. Behin baino ez du huts egin azken urteetan; 1987an, “amestutako bidaia” egin zuenean Himalaiara.

Guztiak datoz bat: asko aldatu da lasterketa. Teknologiari erreparatu besterik ez dago. Egun, korrikalariek txip bat eramaten dute zapatiletan denbora ofizialki neurtzeko. “Lehen, helmugan antolatzaile bat egoten zen magnetofono batekin. Batek heltzen ziren korrikalarien dortsal zenbakiak esaten zituen ozen, eta besteak grabatu, ondoren koaderno batean apuntatzeko”, dio Diez Azparrenek. Korrikalarien kopuruak ere gora eta gora egin du. 1980ko hamarkadan mila korrikalari inguruk parte hartzen zuten; aurten, hogeita hamar mila lagunek baino gehiagok. Diez Azparrenen ustez, korritzeko era ere aldatu da. “Jendea dokumentatuta dago. Lehen, maratoiak korritzen zituztenei galdetzen genien nola prestatu behar genuen”.

Masifikazioa

Behobia-Donostia fenomenoak jendetza mugitzen du. Azken urteetan ohiko bihurtu da parte hartzaileen langa urtetik urtera gainditzea. Irteerako pilaketak saihesteko, antolatzaileek kolore ezberdinetako dortsalak ematen dizkiete parte hartzaileei, aurreko urteetan lortutako markaren arabera. Adibidez, aurreko hiru urteetan antzeko lasterketaren batean marka hamabi minutu ondu duten gizonezkoei dortsal horia banatuko zaie, eta gauza bera marka ordubete eta hogeita bost minutu baino gutxiago egiten duten emakumeei. Hala, dortsal horia duten lasterkariak izango dira aurrenak ateratzen. Gero, moredunak aterako dira, eta haien atzetik beste bost koloretako dortsalak dituztenak, koloretik kolorera tarte bat utziz.

Ibarburuk positibotzat jo du gero eta jende gehiagok parte hartzea: “Fortuna atletismo taldeak oso ondo jakin du antolatzen proba. Aukera ematen dio mundu guztiari parte hartzeko. Gainera, masifikazio horri esker, urte guztiko aurrekontua orekatzea lortzen du. Masifikazioak ez du zertan txarra izan. Paris, Amsterdam, Londres, Berlin, New York… hor ere jendetza biltzen da”.

Iazko proban emakume bat hil zen bihotzekoak jota, eta ezbeharrak eztabaida piztu zuen. Jendea behar bezala prestatuta dago hogei kilometro korritzeko? Galdera denen ahotan ibili zen bolada luze batez, 2002az geroztik hiru korrikalari hil baitira Donostiako erdi maratoian.

Diez Peraltaren ustez, heriotza horiek istripuak izan dira. “Jende gutxi erretiratzen da lasterketatik. Oro har, ondo prestatuta joaten dira gehienak. Beste gauza bat da zein erritmotan egin nahi duten karrera. Hori esperientziak esango dizu. Baina azken urteetako heriotzak istripuak izan dira. Lasterkan ibiltzearekin hesiak jartzen dizkiezu gaixotasunei”.

Igandean aurrenekoz parte hartuko duten korrikalari asko elkartuko dira irteeran. Diez Peraltaren ustez, garrantzitsuena ondo zaudela bukatzea da, haren esanetan “iristea irabaztea baita”. Aholkuren bat edo beste ere eman du: “Irteera oso arriskutsua da; eskarmenturik ez baduzu, erritmo biziegiarekin ekin diezaiokezu lasterketari. Hogei kilometroko ibilbidea da, eta izango duzu denbora hori eta gehiago errekuperatzeko”. Horregatik, egokiena erlojua albo batera uztea dela dio. “Zaila da ez begiratzea, baina erlojua ez da korrikalarien bidelagunik onena. Korrika disfrutatzeko da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.