“Funtsezkoa da urak duen garrantzia berriro hartzea”

Ura da planetari edaten ematen dion elementu garrantzitsuena. Urak berdatzen ditu basoak, eta urez osatuta daude ozeanoak. Urak eratzen du, halaber, gizakion barruaren gehiengoa. Baina nahikoa al dakigu urari buruz? Iñaki Albisua informatikaria da ikasketaz (Urretxu, 1975), eta gizakiaren ongizate fisikoaren zein emozionalaren gaineko kezkak Onuraren sortzaile taldeko kide egin du. Onura Euskal Herrian ekoizten den lehenengo ur egituratua eta finkatua da. Camerosko mendilerroko San Millan iturburuan (Errioxa) jasotako ura da, hain zuzen, Onuraren jatorria eta oinarria.

Zein prozesu betetzen duzue ura egituratzeko?

Prozesu fisiko bat da. Ur molekulek taldeak osatzeko joera dute. Talde horien tamaina aldakorra da, bost molekulatik seiehun molekularaino. Aldakortasun horrek zuzenean eragiten die urak organismo bizidunetan —giza gorputza, bestelako bizidunak, landareak…— betetzen dituen funtzioei. Izan ere, molekula talde horiek asko luzatzen badira, urari zailago egingo zaio gure organismoetako zelulen mintza iragatea.

Ura egituratzeko, tresneria jakin bat erabiltzen dugu, hain zuzen: altzairu herdoilgaitza, 24 kilateko urre plaka eta kuartzo kristal ezberdinez eginiko tresneria. Horien bitartez, zurrunbilo destrogiroa edo erloju orratzen norabide bereko zurrunbiloa eragiten dugu. Zurrunbiloa baita naturak ur energia sortu eta ura purifikatzeko zein bizkortzeko erabiltzen duen tresna nagusia.

Onuraren beste ezaugarri bat da finkatutako ura dela. Baina nola finkatzen da ura?

Urak memoria dauka. Homeopatiak, esaterako, uraren ezaugarri horretan du oinarria. Uraren memoriari buruz luze idatzi dute nazioarteko zientifiko askok. Horietako bat da, adibidez, Masaru Emoto japoniarra. Emotok hainbat lan publikatu ditu non sustantzia ezberdinek urean duten eragina azaldu duen; areago, soinuek nahiz pentsamenduek urari eragiten diotela ondorioztatu du. Finkatzea, horrenbestez, Onuraren prozesuko atalik sotilena da.

Ura finkatzean, aurretik ekar ditzakeen memoria zaharrak garbitu eta frekuentzia puruak gehitzen dizkiogu. Zurrunbiloak, urreak, mineralek eta preseski sortutako soinuek ura kontsumitu arte eraginik gabe gordetzeko aukera ematen digu.

Zergatik da garrantzitsua ura egituratzea eta finkatzea ?

Gizakia neurri handi batean ura da. Neurri hori aldatu egiten da hainbat faktoreren arabera; esate baterako, adina.

Ura funtsezkoa da bizia egon dadin. Eta guretzat funtsezkoa da, ondorioz, uraren garrantziaren kontzientzia berriro hartzea. Gure ustez, uraren funtzioak gogoratu beharrean gaude.

Zerrendatuko al zenituzke uraren funtzio horietako batzuk?

Urak funtzio ugari betetzen ditu, eta nik hainbat nabarmenduko nituzke. Esate baterako, urak garraio funtzioak egiten ditu gure gorputzaren barruan. Hain zuzen, funtzio horri esker elikagaiak jaso eta hondakinak botatzen ditugu zeluletako mintzen bitartez; sakabanatu ere egiten dira odolaren, linfaren eta bizigarriaren bidez. Urak egiturazko funtzioa dauka, substantziak hidratatzen baititu molekula mailan; horri esker, substantzia horiek egonkortu eta egituratu egiten dira. Zelula mailan, bestalde, urak trinkotu egiten ditu zelulak, ehunak eta organoak. Horrez gain, urak barruko tenperatura erregulatzen digu; barruko likidoek oreka zaintzen dute, eta izerdiak hoztu egiten gaitu.

Urak nabarmentzeko moduko beste funtzio bat ere badauka; izan ere, artikulazioetako likido sinobialak hezurren arteko marruskadura gutxitzen du, eta garuneko likidoa gerta litezkeen kolpeak arintzeko dago hor, besteak beste.

Nolatan ekin zenioten Onuraren abenturari?

Bizitzan gertatu ohi den bezala, bide hau hainbat kausalitateri esker hartu genuen. Lantaldeko kide guztiok interesa dugu ongizate fisiko, emozional eta mentalarekin lotutako gaietan.

Interes hori abiapuntu hartuta, bat egin eta elkarrekin hartu dugu uraren bidea. Beste bide batzuk egon badaude, baina guk urarena aukeratu dugu.

Zergatik?

Behin uraren garrantziaz jabetuta, ez zegoen atzerabiderik. Egiten dugun horren inguruan sentitzen dugun pasioak egin du gainerakoa.

Ur honen ezaugarriak jakinda, Onura izenak oso egokia dirudi.

Euskarazko izena nahi genuen, eta, aldi berean, atzerrian proiekzioa izan dezakeena. Asmatu dugulakoan gaude, esanahiagatik —on ura— eta izena euskaraz izanagatik mundu zabalean ez delako arrotzegia egingo.

Ur egituratuak eta finkatuak egin al du jadanik biderik atzerrian?

Bai. Amerikako Estatu Batuetan, esaterako, saltzen da.

Nola banatzen duzue Onura?

Webgunearen bitartez ari gara: Onurawater.com. Poliki-poliki salmenta tokiak ugaritzen ari gara, Euskal Herrian zein kanpoan. Esate baterako, Galiziako sukaldari batek bere telebista saioan erabiltzen du, eta Bartzelonan [Katalunia] saltzen ari gara jada.

Ezaugarri horietako ura belar dendetan salduko da etorkizun hurbilean.

Elikadura osasuntsuari garrantzia ematen diotenak al dira, horrenbestez, Onuraren kontsumitzaile potentzialak?

Guk ahalik eta pertsona gehienengana iritsi nahi dugu, ura dastatu eta nork bere erara senti dezan. Ordea, errazago iritsiko gara elikadura osasuntsuaren eta ongizatearen gaineko kontzientzia dutenengana. Oraindik Onuraren bideari ekin baino ez diogu egin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.