Herria ikuspegi hezitzaile batetik hobetzeko helburuarekin, Arrasatek Hezi izeneko proiektua osatu dute elkarlanean udalak, Txatxilipurdik eta Bagarak. “Edozein herri edo komunitatetan, hezkuntzak berebiziko garrantzia du. Heztea, ordea, ez da soilik eskolaren edo familiaren betebeharra, gizarte osoarena baizik”, adierazi dute. Horregatik, Arrasate “herri hezitzailea” izateko bidea urratzen hasi dira hango eragileak.
Helburua kontuan hartuta eta herritarrak “aktiboak” izateko asmoarekin, parte-hartze prozesu “laburra, interaktiboa eta emankorra” abiarazi dute ekinbidearen antolatzaileek. “Herriaren errealitateari buruzko diagnosia egin, proposamenak jaso eta aurrera begirako ekintza plana zehazteko iritzi eta ikuspegi guztiak beharrezkoak baitira”.
Iraunkorra eta epe luzerako izateko asmoa duen proiektua da Arrasatek Hezi. Sustatzaileen arabera, “eragile hezitzaile eta hezkuntza proiektu komunitario baten partaide potentzialak dira herritarrak”. Gipuzkoako hainbat hiri nahiz herritan (Ordizian eta Zarautzen, adibidez) era honetako proiektuekin duten esperientzia kontuan hartuta osatu dute Arrasaterako proiektua.
Egitasmoaren jatorria, ordea, Bartzelonako Udalak 1990eko azaroan antolatutako hiri hezitzaileen lehen biltzarra izan zen, proiektuaren sustatzaileen arabera: “Mugarria izan zen, han hiri hezitzaileak errealitate bihurtu nahi izan zirelako. Hor dugu hogei printzipio biltzen dituen hiri hezitzaileen gutuna”.
Proiektuaren barruan hainbat eragilerekin egon dira, eta joan den asteartetik, eskuragarri jarri dute galdetegi bat herritarrek parte hartu ahal izateko: udal liburutegian, biztanleen arreta zerbitzuan, gazte txokoetan, ludoteketan, gazte bulegoan eta erretiratuen etxeetan. Gainera, bloga zabaldu dute [http://blogak.goiena.eus/arrasatekhezi/] eta han ere jarri dute galdetegia. Hori betetzeko epea hilabete pasatxokoa izango da, abenduaren 10a artekoa.
Galdetegiak betetzeko epea zabaltzearekin batera, parte hartze prozesuan ariko diren taldeen aurreneko saioa egin zuten iragan den asteartean. Zehazki, sei “interes talde” identifikatu dituzte: hezkuntza formala, hezkuntza ez formala, asmo eraldatzailea duten eragileak, hezkuntzan adituak eta arituak, udala eta herritarrak. Abenduaren 17ra arte, sei saio egingo dituzte. Datorren urtearen hasieran interes taldeetatik ateratako ideiak partekatzeko saio bateratu bat egiteko asmoa dute, “denon artean hurrengo urratsen norabidea definitzeko”. Horrez gainera, lanketa bat ere egingo dute udaleko hainbat arlorekin, eta gazteen zein haurren parte hartzerako bideak jarriko dituzte.
Saioak hasita daude
Aurreneko saioan hezkuntza formaleko eragileak bildu ziren: Arrasateko ikastetxeetako irakasle, zuzendari eta gurasoak. 34 lagun inguru. “Batzuek bazuten aurretik proiektuaren berri, eta jorratu beharreko gaiak planteatu zituzten saioaren abiapuntu moduan”, azaldu du Blanka Jauregi Arrasateko Udaleko Gazteria teknikariak. Ondoren, talde txikitan banatu, eta behar eta kezka nagusiak identifikatu zituzten ikastetxeetako ordezkariek. “Gero, ateratako ideiak denen artean berriz aztertu genituen, eta, bukaeran, hurrengo saiorako planteamenduak egin ziren”.
Lehenengo saio horretan, gazteekin proiektua lantzeko, mahai gainean jarri ziren ere maila guztietan eztabaida saioak antolatzeko ideiak. “Parte hartzea ahalik eta zabalena izatea nahi dugu, herritar guztientzako erronka bat baita abiatu dugun hau”, adierazi du Jauregik.
Leave a Reply