“Pena da andre gehiago ez ikustea”

Mende laurden bat darama Rosa Luenak (Andoain, 1965), hutsik egin gabe, Behobia-Donostia lasterketan parte hartzen. Urtero lortu du hogei kilometroko ibilbidea osatzea, eta hala jarraitzea espero du urte luzez, lesioek arazorik ematen ez dioten bitartean.

Kronometroa erabiltzen jarraitzen al duzu?

Orain urte gutxi batzuk arte bai, baina orain lasaiago nabil. Aldean eramaten nuen Behobia prestatzen nuenean, lasterketan lehiatzen nintzenean edo gainontzeko karreretan parte hartzen nuenean, baina badaramatzat hiruzpalau urte lasaiago nabilela. Adinak ez du eraginik, korrika egiten jarraitzen dudalako, baina gehiago kostatzen zait suspertzea, eta errazagoa da min hartzea ere. Bizitza aldatuz doa, eta ezin zaitezke kronometro baten inguruan bueltaka bizi. Orain ere jarraitzen dut korrika, baina ez kronometroari begira.

Erlojuak asko kezkatzen zaitu?

Lehen gehiago sufritzen nuen, eta denbora bat hobetzea lortzen ez banuen, haserretu ere egiten nintzen, horretarako entrenatzen nintzelako. Azken hiru urteetan behin baino gehiagotan lesionatu naiz. Urteekin zaila da markak hobetzea; beheraka zoaz, eta saiatzen naiz gehiago disfrutatzen. Entrenatzea ondo datorkit, burua argitzen laguntzen didalako.Baina egia da oso lehiakorra naizela. Ondo pasatzera ateratzen banaiz ere, daukadan onena ematen dut beti, kar-kar.

Korrika egitea noiz bihurtu zen ohitura zuretzat?

Gogoan dut 1989ko uztailean hasi nintzela korrika egiten, erretzeari utzi eta egun gutxira. Entrenatzen hasi nintzen, eta herrian bat baino gehiago hasi zitzaidan galdezka, ea zergatik ez nuen Behobian parte hartzen. Beste askok esaten zidaten ez nintzela gai izango, eta azkenean, zirikatuta, lasterketa amaitu nuen.

Lasterketa askotan aurrenekoa.

Bai. Atletismoak harrapatu egin ninduen. Herriko [Andoain] atletismo taldean eman nuen izena, Zumeatarran, eta maratoi erdiak eta herri lasterketak korritzen hasi nintzen. Maratoi batzuk ere egin nituen: Bilbon, Madrilen, Donostian, Iparraldean… Baina maratoiak korritzeari utzi nion duela urte batzuk.

Guztira 25 aldiz parte hartu duzu Behobia-Donostia lasterketatan. Hori egin duen emakume bakarra zara, eta omenaldia ere egingo dizute igandean.

Ez nuen uste bakarra izango nintzenik. Baina pena ere bada, emakume gehiago ikustea politagoa litzatekeelako. Halere, uste dut Behobiako lasterketan gero eta emakume gehiagok hartzen dugula parte.

Lehiatu zinen aurreneko urteetan emakume gutxi zineten?

Gutxiago ginen, bai, baina egia da garai hartan ez zela batzen gaur egun batzen den jendetza. Hiru mila korrikalari inguru ateratzen ginen irteera lekutik. Hala ere, inguruko lasterketen aldean, Behobian emakume gehiagok parte hartzen zuen. Horrek hobera egin du. Aurten korrikalarien %20 emakumeak izango gara. Zifra ona da, baina ikusten da oraindik ere asko dugula egiteko.

Hainbeste aldatu al da Behobia-Donostia urte hauetan?

Ikaragarri.Orain leku guztietan ezagutzen dute. Fortuna atletismo taldeak lan handia egin du antolakuntzan. Jende kopuru izugarriak parte hartzen du, baina ederki antolatuta dago; bakoitzak, daraman dortsal eta kolorearekin, badaki noiz atera behar duen irteeratik.

Masifikazioa ona al da?

Ona da gero eta jende gehiago ateratzea korrika egitera. Gustatuko litzaidake jendea gainontzeko karreretara ere joatea.

Hasierako urteetako zein irudi aukeratuko zenuke?

Zaleena. Gelditu gabe animatzen zuten. Baina, egia esan, orain ere berdin-berdin jarraitzen dute. Milaka korrikalarien artean beste bat baino ez zara, baina zaleei esker protagonista sentitzen zara. Nahi gabe, hegaz ari zarela uste duzu, oilo ipurdia jartzeraino. Zorionez, Gipuzkoan zaletasun handia dago.

Eta zein momenturekin?

Gertatu izan zait inoiz karrera batean lasterka joan eta nire izena entzutea. Burua bihurtu eta urte luzez ikusi ez dudan lagun bat ikustea. Zerbait berezia da.

Igandean parte hartzaile berri asko egongo da. Aholkurik?

Lasai hasteko. Aurreneko aldian, erlojuarekin ahaztu behar da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.