Umetan eskolara bidean usaintzen zuen txokolateak piztu zion pasioa Koldo Salinas txokolategileari (Irun, 1949). Aitaren gozotegian ibiltzen zen txiki-txikitatik, eta 1983an bonboiak eskuz bainatzen ikasi zuenetik, ez da gelditu ere egin, eta lantalde oso baten babesean, Irungo BrasilIrunen gozotegiaren jabe da orain. Txokolategile on batek fantasiarako joera izan behar duela iruditzen zaio, eta uste du txokolatea gustuko ez duen jendea badago berari dagokiona probatu ez duelako dagoela.
Jose Salinas aitagandik al datorkizu txokolatearekiko pasioa?
Nire aita pastelgilea zen, ez zuen txokolatearekin lotura berezirik; lantzen zuen, hori bai. Txokolatearekiko dudan pasioa haurra nintzenetik datorkit, eskolara joaten ginenean Irunen txokolatea usaintzen genuelako. Jatea asko gustatzen zitzaidan, eta bonboiak jaterakoan, era oso zehatz batekoak izaten nituen gustuko.
Eta, noiz hasi zinen zeu txokolategintzan?
1983an, gertuko emakume batek erretiroa hartu behar zuen, eta bonboiak eskuz bainatzen irakatsi zidan. Orduan hasi nintzen bonboiak egiten, eta gaur arte.
Munduan zehar asko ibili zara.
Bai Calgaryra [Kanada] joan nintzen 1982an, City Bakery gozotegi ospetsura; handik Parisko Le Notrera, eta, azkenik, ikastaldia amaitzeko, Bordeleko [Frantzia] Lopez de Libourne gozotegian egon nintzen. Txokolatearen munduan egon daitezkeen kezketatik ikasteko aukera eman zidan horrek, baita neure burua zein tokitan zegoen ikustekoa ere. Horrek guztiak ideia berrien ekarpena egiteko balio izan dit. Formula berriak ezagutu ditut, fantasiaren mundura hurbildu naiz; hemengo txokolategintza tradizioan oinarritutakoa eta ia beti berdina zen, eta fantasia ahaztuta bezala geneukan. Kanpora joateak zerbait berria ekartzea dakar, baita jendeari iritzia emateko aukera ematea ere.
Suitzako txokolateak izen ona du, baina zaporea?
Nik Turkian bonboi oso onak jan ditut, baita Japonian ere. Suitzakoa legenda bat da, beste txokolateak bezain ona da hangoa, baina bezain, ez gehiago, oso klasikoa da eta.
Nongo txokolatea, nongo lehengaia lantzen duzu zuk?
Ba, Frantziatik eta Belgikatik ekartzen dugu materiala, ongi findutako txokolatea eta kalitate onekoa delako; Venezuelatik, berriz, bonboiei amaitu ostean gehitzen zaizkien kontuak ekarri izan ditugu.
Eta zein txokolate da zuri gehien gustatzen zaizuna?
Unearen arabera, oporretan nagoenean, adibidez, txokolate beltza jatea gustatzen zait. Hala ez denean, gorputzak eskatzen didanaren arabera. Baina egunero jaten dut, hori bai.
Munduko txokolateak ezagututa, BrasilIrunen gozotegia duzu Irunen.
Aitak gozotegia hartu zuenean, Brasil izenarekin hartu zuen, eta hala jarraitu genuen 1983ra arte. Orduan, aldaketaren beharra zegoela ikusi genuen, bonboien kontuarekin eta. Baina Brasilgo hori ez genuen albo batera utzi nahi, eta BrasilIrunen izen egokia iruditu zitzaigun denerako.
Toki askotan jaso dituzu sariak; nolako esanahia dute?
Badira batzuk, bai: 1991n, Trufen Dastaketako I. saria eta Praline Dastaketako I. saria jaso nituen Jean Marie Sibelaner Sari Nazionalean [Gasteiz]; 1993an, Mazapanezko Bonboiaren I. saria, Bonboi Espezialitatearen I. saria eta Estiloaren I. saria, Annecyko Nazioarteko Jaialdian [Frantzia]. 1994an, Armagnac Bonboiaren I. saria eta Aurkezpen Onenaren I. saria Mont-de-Marsango Armagnac Bonboiaren Jaialdian [Frantzia]; 1995ean, Atzerriko Bonboigile Onenaren Excellence saria eta Diseinuaren I. saria Auxerreko Txokolatearen Nazioarteko III. Jaialdian [Frantzia]. 1998an, Bonboigile Onenaren Excellence saria Roanneko Txokolatearen Nazioarteko VI. Jaialdian [Frantzia]. Normalean, txokolatearekin egiten genuen artisau lanketagatik saritu gaituztela esango nuke. Lehen sariak oso garrantzitsuak izaten dira; meritua aitortzen dizutela jakitea beharrezkoa da. Sari dezente jaso ditugu, baina Frantzian, esaterako, ez da batere erraza izan, lehia oso estua izaten delako; eta horiek beti izaten dute esanahi berezia .
Sari horien artean baduzu ahaztuko ez duzun bat.
Gasteizen jaso genuena; ez dut sekula ahaztuko 300 lehiakideren artean gu nabarmendu izana. Baina ahaztuko ez dudana Europa mailan txokolategile artisauen eta indsutrialen artean dagoen lehiakortasuna da.
Baina meritua partekatzearen aldekoa zara.
Garena izatera heldu bagara, gurekin lan egin duen jende guztiari esker heldu gara, eta, bereziki, aipatu nahiko nuke nire emaztea, Soledad Agirre Garro.
Zer behar du txokolategile on batek?
Nire ustez, fantasia, eta hemen, hori falta zaigu. Garbi dago produktu onak izatea ezinbestekoa dela, baina, hori aparte utzita, fantasia da behar dena; baita bezeroen gustuak ezagutzea ere. Euskal Herrian, abantaila bat dugu: hemengo jendeak gustuko dituen zaporeen artean presente dago txokolatea, eta horrek erraztu egiten du bezeroa pozik uztea. Espainia hegoaldeko kasuan, txokolatea ez dago horren presente jendearen gustuetan, eta zailagoa litzateke.
Zuen gozotegian txokolatea arte bihurtzen omen duzue.
Saiatzen gara etengabe gauza berriak egiten; batzuetan ondo ireten da, eta besteetan ez. Artearen kontuari dagokionez, zerbait berria sortzen denean, posible da handik urte batzuetara irautea eta jendea zutaz gogoratzea. Hori gustatzen zaigu.
Egia al da txokolatea afrodisiakoa dela?
Kar, kar, kar…! Oso ona izango litzateke hori, baina ez da egia.
Gizentzen duela bai, egia da.
Bai, asko jaten baduzu. Baina garrantzitsuena da, bereziki txokolate beltzaren kasuan, animoa hobetzen laguntzen duela.
Norbaiti txokolatea ez zaiola gustatzen entzunez gero, zer erantzuten duzu?
Nik uste dut bere gustuekin ondo datorren txokolatea probatu ez duelako dela.
Leave a Reply