Afinazioa garrantzitsua bada, erritmoa eta doinuera ez dira gutxiago, musika kalitatez interpretatu ahal izateko. Maitasunez egiten denean, ordea, kalitateaz gain zirrara berezi bat iristen zaigu belarrietatik, gorputz osoa zeharkatzen duena: musika. Jaiotzen garenetik, asko edo gutxi, denon bizitzaren parte dena. Momentu onak eta txarrak sorrarazten dizkiguna. Festarako, dantzarako, lasaitzeko, negar egiteko… Inork imajina al dezake bere bizitza musikarik gabe? Edonora sartzen garelarik, dendara, trenera edota bankuetxera, musika dago airean, kalean.
Musika entzuteko, jotzeko, ulertzeko eta maitatzeko helburuarekin, musika eskolak sortu ziren gure herri eta hirietan. Haur, nerabe, heldu eta denontzat bilgune diren eskola hauetan norberaren mailara egokitutako hezkuntza eskaintzen da, afizionatu mailatik profesionaletara joan nahi duenari ere bideak irekiz. Musika irakasten ez den edo musika eskolarik ez duen herri gutxi izango da gurean.
Eta leihoa musikarekin ireki badut ere, zabaldu bezain pronto bere ondoan ikusi ditut dantzariak, antzerkilariak, bertsolariak eta margolariak ere. Izan ere, musika, dantza, antzerkia, bertsolaritza edota pintura bizirik dauden adierazpideak dira. Gure kultura eta nortasuna zabaltzen eta indartzen laguntzen dutenak, eta batzuek besteen beharra dutenak. Denon arteko elkarlanak, sorkuntza berriak, ikuspegi zabal bat erakusteko aukera eskaintzen digu. Doinuak, hitzak, erritmoak, eskuak, gorputza… Badugu zer ikasi eta zer ikusi, baina baita zer erakutsi ere!
Europako zenbait herrialdek arteari ematen dioten garrantziaz jabetzen bagara ere, hausnartu beharko genuke guk gure herrian zer nahi dugun: nolako eskolak nahi ditugun eta nola antolatuko diren; hezkuntza arautuak zenbateraino jorratu behar duen arte irakaskuntza; arte eskolak nola, noiz eta nork sortuko dituen… Aspaldiko kontuak direla pentsatuko dute askok. Eta egia da. Lan handia egiten da, eta proiektu asko maitasunez aurrera ateratzen dira. Herri honetan badago gaitasuna.
Horregatik, sinetsi nahi dut gauzak inoiz aldatuko direla. Diru laguntzak indartu eta kultur politikak politikarien agendetan egongo direla, azpiegitura erraldoien ordez. Eta egiten denari behar duen tokia emango zaiola. Krisiaren izenean inork ez dizkigula ametsak eta harmonia hautsiko. Sinetsi beharra dugu, melodia batean bezala, doinuak bere tokian, denak erritmo berean goazela eta azken nota batera eta afinatua emango dugula.
Leave a Reply