Azoka berezien segidak ez du etenik Tolosako udazkenean, eta azaroak babarrun usaina dakar, festarekin batera. Lurrak emandakoaren aitzakian, Babarrunaren Festa izango da asteburuan, zenbait berrikuntzarekin.
Ekoizleen lehiaketa tradizio bilakatu da jada, eta larunbat honetan ere ez da babarrun alerik falta izango Triangulo plazan. Uda hezea izan da joan berri dena, eta horrek zenbait arazo sortu dizkie eskualdeko ekoizleei: “Leku laiotz eta hezeetan ereindako babarrunek gutxi eman dute. Aldiz, goi eta eguterako soroetan oparoa izan da uzta. Udazkenak denboraldia libratu digu”. Horrenbestez, 24 hektarea erein dituzte 41 ekoizleren artean, eta 26.500 kilo biltzeko aurreikuspena egin dute.
07:30ean sutan jarri, eta 11:30erako prest izan beharko dituzte babarrunak. Eltzeei ukiturik bereziena emate horretan ariko dira Fronton jatetxeko Roberto Ruiz, Astelena jatetxeko Peio Doiharzabal, Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran eta Botarri jatetxeko Txemari Esteban. Behin babarrunak prest daudela, epaimahaiak lanean hasi beharko du, eta aditu eskarmentudunak ariko dira. Aurten, ordea, herritarrek ere sari bat banatzeko aukera izango dute, ADEMGI esklerosi anizkoitzaren Gipuzkoako elkarteari lagunduz: herritarrek euro bat ordaindu beharko dute, eltzeei begiratu eta itxurarik onena duen babarruna aukeratzeko.
Eta hor txertatu du Tolosako Udalak aurtengo berrikuntzarik nabarmenena. Babarrun leka enkantera atera izan da beti, baina, antolakuntza aldatu, eta botoa ematen duten herritarren artean zozkatuko dute babarrun lekarik onena.
Lehiaketa ostean, festa
Ekoizleen lehiaketak abiarazitakoa ekitaldiz jositako asteburua izango da, eta, larunbatean, azoka berezia, tabernariek antolatutako bazkariak eta haurrentzako tailerrak izango dira.
Igandean, berriz, Gure Kaiola elkarteak antolatutako lehiaketa gastronomikoa eta bazkaria izango dira, eta, arratsaldean, musaz, zesta puntaz eta harri-jasotzaileez gozatzeko aukera izango da.
Leave a Reply