“Garai batean, etxean egiten genuen aletze eta zakuratze prozesua”

Hogei urtez zuzendaritzan eta hemezortzi urte lehendakari izan eta gero, postua uzteko unea dela erabaki du Mari Karmen Iradi irurarrak. Tolosako Babarrun Elkarteko lehendakari moduan gauza asko bizi izan dituela nabarmendu du, eta, zailtasunak zailtasun, elkarteak urte hauetan guztietan babarrunari dagokion lekua ematea lortu duela.

Hemezortzi urte igarota, lehendakari postua utziko duzu.

Garaia da uzteko, eta gazteei ere utzi behar zaie lekua, gainera. Penaz utziko dut, baina baita pozez ere, lortu den guztia ikusita. Babarrun Elkarteko lehendakari izateagatik gauza asko ikusi eta bizitzea egokitu zait, leku askotan izan naiz, eta jende asko ezagutu dut. Horrekin batera, babarruna oso preziatua dela ikusi dut. Asteburu honetan izango dugun Babarrun Asteko ekitaldiek ere ilusio handia egiten dute. Niretzat oso polita izan da.

Gauzak asko aldatuko ziren hemezortzi urtean, ezta?

Asko. Hasieran, lan guztia etxean egiten genuen, aletu, bereizi, zakuratu, izoztu… hori dena etxean egiten genuen. Gerora, eskaera handituz zihoan heinean, eskakizunak ere handituz joan ziren, eta izena ematetik hasi ginen. Tolosako Babarrun Elkartea erregistratu genuen.

Pauso hori eman eta gero etorriko ziren hurrengo lorpenak.

Kostata, baina lortu genuen elkartea erregistratzea, eta, ondoren, egoitza eskatu genion udalari. San Esteban auzoan utzi zigun udalak lokala eta lur saila. Makina bat eskuratu genuen, babarruna aletzeko, eta bereiztera etxera eramaten genuen. Gero, bereizteko makinak ere egoitzan jarri genituen. Horrela, lan izugarria kentzen da. Zomorroari ere gogor egin behar zitzaion, berehala sortzen zelako. Orduan, izozkailuan sartzea pentsatu zen. Elkartean izozkailua jarri genuen, eta orain ale guztiak handik pasatzen dira. Gaur egun, beraz, etxean bildu, ganbaran lehortu eta zakuetan jaso ostean, elkartera eramaten da dena, han aletu, bereizi eta izozteko. Zakuratu eta saltzeko prest uzteko. Hemezortzi urte horietan, pausoka-pausoka lortuz joan gara hori dena. Labela ere sortu genuen, eta horrek indar handia eman zion.

Zenbat ekoizle zaudete elkartean gaur egun?

Gipuzkoa guztiko berrogei ekoizle gaude.

Zenbat kilo jaso dituzue aurten?

20.000 kilo espero ditugu. Joan den urtean 14.000 izan genituen, eta aurten, beraz, 6.000 gehiago espero ditugu. Lehortea dela, edo euri gehiegi dela, beti izaten dugu desberdintasunen bat. Aurten, egin duen eguraldiaren ondorioz, kilo gehiago izango ditugu. Horretaz gain, ekoizle gehiago ere baditugu aurten.

Eguraldiak eragin handia izaten du ekoizpenean. Zergatik?

Biltzeko garaian ere eguraldiak zerikusi handia du; erdi helduak geratzen diren horiek, irail-urrian eguraldi ona egiten badu, heldu egiten dira, eta orduan dena jasotzen duzu.

Kalitateari begiratuta, nolakoa da aurtengo babarruna?

Askotarikoa. Leku batzuetan, oso ona, eta beste batzuetan, erdoilak jota ere bai. Hala ere, orokorrean, oso ona dator.

Leave a Reply

Your email address will not be published.