“Geneuzkan amets piloa betetzea lortu dugu Putzuzulon”

Bide berria urratzera goaz lelo gisara hartuta ari da Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrika bederatzigarren urteurrena ospatzen. Bihar egingo dute urteurrenari lotutako azkenengo ekitaldia: Bertsio Gaua. Hodei Esteban (Zarautz, 1983) gaztetxeko kidearen esanetan, “ametsen fabrika honen etorkizuna kolokan izan da urte hauetan guztietan; horri bukaera eman eta proiektu handiago bat osatzeko bidea urratzen hasteko garaia da”.

Bederatzi urte bete dira gazteok Lizundia lantegia zena hartu eta Putzuzulo Amets Fabrika sortu zenutenetik. Nolakoa izan da urteotako ibilbidea?

Urteotako ibilbidearen balorazioa positiboa da. Okupatzera sartu baino urtebete lehenagotik hasi ginen lanketarekin. Urtebeteko lan horren ondoren, batetik, ez genuen espero horrelako toki batera sartzea lortuko genuenik, eta gutxiago behin sartuta egun bat ere aguantatuko genuenik, eta bederatzi urte pasatu dira ja; bestetik, positiboa izan da, geneuzkan amets pilo bat bete ditugulako hemen. Gainera, Putzuzulon bertan hainbat gauza antolatu eta sortu ditugu, eta herriko hamaika eragilek eta jende desberdinek toki hau erabili dute hainbat gauza egiteko.

Urteotan gorabeherarik ez al da izan Putzuzuloko dinamikan?

Gorabehera piloa izan da. Sortu berritan, 200 pertsona biltzen ginen batzarrean; gero, husteko arriskua pasatu zenean, pixka bat behera egin zuen. Ondoren, obrak bukatu eta berriz ere gora joan zen. Gorabehera pilo bat egon dira, eta azkenengo bi urte hauetan ere nabaritu dugu hori, lehen egondako jende pilo bat hemen bertan sortutako beste proiektu batzutan dabiltzalako. Urteurren hau jendearentzako pizgarri izatea nahi genuen, eta hala izan da, eta jende berria ere gehitu da Putzuzulora. Aurrera begirako pausoa benetan garrantzitsua izango da, eta etorkizun ezegonkor hori egonkortzeko lan egin beharko da.

Urteurren honen barruko ekintza nabarmenetako bat gaztetxea kalera ateratzekoa izan da. Zein helbururekin?

Batetik, erakusteko gaztetxean zer egiten den. Eta, bestetik, gaztetxe honetan sartu aurretik urtebeteko dinamika bat kalean egin genuen, bilera denak kalean izaten ziren. Baina, gero, lokala lortu eta dinamika hori guztia bertan egiten da, eta, azkenean, kaleko presentzia ere pixka bat galdu egin da. Hasiera-hasieratik saiatu gara adierazten hau nahi duten denentzat irekia dagoela parte hartzeko eta antolatzeko, baina oraindik jende askori kostatu egiten zaio etortzea. Orain, bide berri bat urratu eta proiektu berrira jende gehiago elkartzea nahi bagenuen pixka bat kaletik hasi beharko genuela pentsatu genuen. Dena den, herri eragileek, euskara taldeek, aisialdikoek, udalekuetakoek, umeenek, helduenek, udalak… antolatu izan dituzte Putzuzulon gauzak, denentzako irekia delako. Aurten, hori erakusteko, kalean presentzia gehiago izaten saiatu gara, eta Gaztetxea Kalean egunari garrantzi handiagoa eman eta indartu egin dugu.

Bide berri bat urratuko duzuela esan duzue; zein da bide berri hori?

Kontua da etorkizuna ez daukagula ziurra, gaztetxea dagoen gune honetarako etxebizitzak egiteko plan bat dagoelako. Bederatzi urte hauetan inoiz ez dugu hemen egongo garen segurtasunik eduki, eta horrek eguneroko dinamikan asko erretzen du, eta asko jaten du. Orain, obra horiek gerturatzen ari direla ikusita, zerbait lotu beharra dago. Adierazi nahi izan dugu etorkizun ezegonkor batekin egoteko garaiak bukatu direla, eta behingoz badela garaia herri honetan kultur etxe, kultur azpiegitura, herri eragileen etxe bat egoteko. Azpiegitura bat finkoa, etorkizun segurukoa eta herriko jende desberdin guztiak parte hartu ahalko duena. Guk hori sortu nahi izan genuen Putzuzulon, baina planagatik ez da posible izan, eta toki berri bategatik apustu egin nahi dugu. Udalak toki hau galdutzat badu, beste bat proposatu beharko du. Horregatik deitzen diogu bide berria: goazen hau baino zerbait handiagoa egitera, jende gehiagok parte hartuko duen toki bat sortzera eta behingoz finkoa izango dena. Herri honetan badaude liburutegia, zaharren egoitza… eta proiektu pilo bat betirako direnak eta egunerokoan segurtasun batekin lanean ari direnak. Baina kultura eta aisialdi aldetik azpiegitura hori oraindik behar da. Proiektu hori egitera goaz, pauso bat haratago ematera, Putzuzulo izan dena oraindik handiago izateko.

Horren gainean udalarekin hitz egiten ari al zarete?

Udalarekin ari gara lantzen, eta toki posible bat ere atera da: Monte Albertia. Orain, Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean ikusi beharko dute toki horretan zer aukera dagoen. Udalak lekua ziurtatuz eskaintza bat egin beharko du, batetik, eta, bestetik, guk eragileon artean saretu eta proiektua idatzi beharko dugu. Orain, eragileekin elkartu eta urtarrilera bidean proiektu hori lantzen eta zehazten joango gara. Proiektua sorreratik eragile guztiok parte hartuko duguna izatea nahi da, eta gero hori ziurtatzeko edo ez udalak egin beharko ditu bere lanak.

Putzuzulo gaztetxearen eraikinak ba al du data bat jarria?

Toki honetarako eginda dagoen planeko obrak bi urte barru hasiko direla esan dute, baina ez dakigu bi urte horiek atzeratu daitezkeen, auskalo. Sartu ginenean hiru urtera hasiko zirela esan zuten, eta krisiarekin atzeratu egin zen. Guk horrelako proiektu batek aurrera jarraitzea oso arriskutsua ikusten dugu, herrian etxe huts piloa dagoelako eta gazteok ezin dugulako etxe bat hartu dituzten prezioengatik, eta berri gehiago egiten badira, egoera okertuko zaigu. Alde horretatik, guk beti egin dugu toki honetarako dagoen proiektuaren kontra. Baina ez dakigu zer gertatuko den proiektu horrekin.

Urteurreneko ekitaldiak bihar bukatuko dira, Bertsio Gauarekin. Zer moduz doaz?

Zoragarri. Beste urteetan baino lehenxeago hasi ginen urteurrenarekin, Bide berri bat urratzera goaz kanpainarekin. Jendeak aurten zerbait berria bazela eta bederatzi urtez beti etorkizun hori irabazten aritu behar horretaz nekatuta geundela transmititzea nahi genuen. Bederatzi urte hauetan nahiko garbi gelditu da zenbat behar asetzen dituen eta zenbat behar berri eta amets berri sortzen dituen Putzuzulok. Urteurreneko brindisean inoiz baino jende gehiagok parte hartu zuen; kalean egindako bazkarian 150-160 pertsona elkartu ginen; kontzertuan jendetza ibili zen; eta aurreko asteburuan ere jende piloa bildu zen belaunaldi desberdinen arteko kale kantuan. Beraz, gu zoratzen gaude orain arteko urteurreneko ekintzek izan duten harrerarekin. Bihar, berriz, Bertsio Gaua da, eta horrek jendetza biltzen du, gau oso magikoa izaten da. Jende pilo bat igotzen da oholtzara, eta bere bizitzan lehenengo aldiz gitarrarekin kanta bat jotzera igotzen denik ere izaten da, eta hori oso polita da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.