Etzi, azaroaren 16a, Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna da. Egun horren aitzakian, aurten lehenengo aldiz, Ondarea Bertatik Bertara egitasmoa prestatu du astebururako Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak. Gipuzkoako udalekin, museoekin, Arkeolanekin eta Aranzadirekin elkarlanean antolatu du, gainera.
Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak azpimarratu duenez, “beste leku batzuetan ezagutu izan ditugu horrelako ekintza batzuk, eta modu polita iruditzen zaigu Gipuzkoako ondarea aintzat hartzeko eta ezagutarazteko”.
Ildo horretan, Gipuzkoako hamabi herritan, molde askotako ekintzen eta bisiten zerrenda osatu dute. “Normalean oso bistan ez dauden ondare elementuak bistaratzea” izan da helburua. Museoez gain, artxiboak, elizen bobedak, kaperak, aztarnategiak eta beste ikusteko eta ezagutzeko aukera izango da asteburuan.
Programa bateratua
Programa bateratu bat osatuta, bertatik bertara dagoen ondareari indar handiagoa eman nahi diote. “Elkarren ondoan jarrita, erakutsi nahi dugun horri balio handiagoa ematen zaio. Ikusgarritasuna ere handiagoa da; indar handiagoa hartzen du, guztiok elkarrekin partekatzen dugulako. Ikusgarrixeago planteatzeak efektu positiboa dauka”, zehaztu du. Adibide bat ere jarri du Lopez de Etxazarretak: “Segur aski, Ezkio-Itsason elizara bisitak maiz egiten dituzte, baina orain, programazio orokor baten barruan kokatuta, beste balio bat hartzen du, nire iritziz”. Beste hainbeste ondareren zerrendan jarrita, balio handiagoa ematen zaio. “Ezkio-Itsasoko edonork pentsa dezake berak uste baino garrantzitsuagoa edo interesgarriagoa dela Ezkio-Itsasoko eliza. Lagundu egiten du, bertatik bertara daukagun hori gehiago baloratzeko eta estimatzeko”.
Lopez de Etxezarreta gustura dago osatu duten egitarauarekin: “Lehenengo aldia izateko, nahiko egitasmo polita geratu zaigu. Ekitaldi desberdinak eta askotarikoak antolatu ditugu. Familian egitekoak ere badaude”. Asteburu bete-betea izango da, beraz.
Kultura Saretzen
Dena den, Ondarea Bertatik Bertara egitasmoak ere badu beste helburu bat, Lopez de Etxezarretak azpimarratu duenez: Gipuzkoako kultura sarea ehuntzea. Kultura Saretzen egitasmoan, Gipuzkoako udalerriekin elkarlanean jarri dugun sare hori indartu nahi izan du foru aldundiak. Pauso bat gehiago izan nahi du Gipuzkoa sare baten gisan ehuntzeko bidean: “Tresna moduan baliatu dugu Ondarea Bertatik Bertara egitasmoa, Gipuzkoako udaletako kultura arloak, museoak eta aldundia elkarlanean jartzeko”.
Kultura Saretzen proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko udalek bultzatzen duten proiektu bat da. Sarearen helburu nagusia “lurraldeko kultur arloko ezagutzak eta baliabideak partekatzea, elkarlanean eta sarean aritzea” da.
Ondarearen gordailua
Egitasmoaren barruan, hirugarren ardatz bat ere nabarmendu nahi izan du Kultura zuzendariak: “Gipuzkoako ondare higigarriaren Gordailua gunea ere indartzea”. Irunen dago Gordailua, eta bihar bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, 11:00etan euskaraz eta 12:00etan ele bietan.
Lopez de Etxezarretak uste du helburu guztiak kontuan hartuta Ondarea Bertatik Bertara egitasmo berria tresna egokia dela Gipuzkoako ondarea “gizarteratzeko eta saretzeko”.
Alde horretatik, bertakoa bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko deia egin nahi die gipuzkoarrei foru aldundiak: norberaren herriko ondarea zein ondoko herrikoa ezagutzeko deia, “ziur baikaude zerbait berri ikasita eta interes berriren batekin aterako dela bisitaren ondoren”.
Leave a Reply