Oparitutako bizi tantak

Hamabi urte zituela, auto istripu larria izan zuen Iñaki Mikeok. Odol asko galdu zuen ezbeharrean, baina bizirik atera zen, besteak beste, ebakuntza egin ziotenean beste batek emandako odol poltsak zituztelako ospitalean. 2009tik hona, “zor hura bueltatzeko”, urtean hiruzpalau aldiz ematen du odola Mikeok.

Hura bezalako jende altruista ugari joaten da, egunero-egunero, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartera, Donostiako Artzain Onaren plaza ondoan dagoen egoitzara. Kanpotik antzeman daiteke zein den egoitza, kristalaren kanpoan itsatsirik dagoen tanta gorriari esker. Mahai gainean, gutun azal batean gordeta, diploma sorta handi bat du gordea Koro Zinkunegi erizainak. Elkarteak mende erdia bete du aurten, eta urte hauetan odola gutxienez ehun aldiz eman dutenak omenduko dituzte. Larunbatean izango da omenaldia, Kursaalean, 17:30etik aurrera; luntx batean elkartuko dira esperientziak trukatzeko, eta Donostiako Orfeoiak kontzertua eskainiko du.

“Hainbeste diploma ikusita, pentsatu zenbat jendek ematen duen odola. Behin hona etortzen dena normalean berriz bueltatzen da”, dio Zinkunegik. Goizetan, ordurik hartu gabe, nahi duen oro joan daiteke egoitzara. Hiru baldintza bete behar dira: 18 eta 65 urte bitarte izatea, 50 kilotik gora pisatzea eta osasuntsu egotea. Behin barrura sartuta, medikuek elkarrizketa bat egiten diote emaileari, tentsio arteriala hartu eta osasun egoera aztertu. Bost minuturen ostean prest da emailea odola ateratzeko.

Mikeoren esanetan, ez du lan handirik ematen odola ateratzeak. Ezta minik ere. “Hamar hamabi minutuko kontua da; ez da batere kostatzen urtean hiru-lau aldiz hona etorri eta odola ematea. Ni bizirik nago, hain justu ere, jendeak odola ematen duelako. Denok egin beharko genukeen zerbait da, oso baliotsua izan daitekeelako beste batentzat”.

Arratsaldetan, aldiz, ordua hartuta daukaten emaileak joaten dira egoitzara, batik bat plasmaferesi, plaketoferesi eta osagai anitzeko aferesi emaileak direnak. Emaile horiei makina bati konektatuta ateratzen diete odola, eta prozedurak ordubete inguru irauten du. Metodo horren bidez, odolaren osagai bat edo batzuk bereizten dira: plaketak, plasma eta globulu gorriak. Plaketek minbizia, transplanteak eta odol gaixotasunak tratatzeko balio dute; plasmak, berriz, erredurak, koagulazio aldaketak, gibeleko gaitzak eta odol jario handiak tratatzeko; eta globulu gorriek, kirurgia, traumatologia eta anemiak tratatzeko. Hala, soilik plasma ateratzen zaion emailea plasmaferesi emailea izango da.

Kontzientzia altruista

Iñigo Campo, adibidez, plaketoferesi emailea da. Plaketen funtzio nagusia odolaren koagulazioa indartzea da. Duela hamar urte hasi zen odola ematen, eta urtero hiru-lau aldiz egiten du. Camporen kasuan, ez du sekula inoren odolik behar izan, ezta senide edo lagunek ere. “Duela hamar urte, kanpaina bat hasi zuten Donostiako auzoetan, eta ama eta anaiekin batera animatu nintzen. Bizpahiru urtez aritu nintzen odola ematen. Denbora bat egin gabe egon ostean, duela hiru urte berriz hasi nintzen. Eta azkenean, aferesi bidezko odol osagaien emateaz hitz egin zidatenean, prest agertu nintzen. Modu horretan odol ematea osoagoa da, eta jende gehiagori lagundu diezaiokezu,,denborari ordu eskas bat lapurtuta”. Aferesi bidezko emanaldi bakarrean plaketen dosi oso bat lortzen da, eta ohiko odol emateen bidez dosi bera lortzeko bost zati batu behar dira. Makinara konektatuta ordubete egon arren, gustura egoten dela dio: “Profesional asko dituzu inguruan; ondo zaintzen zaituzte. Beraz, gustura egoten naiz. Hasierako ziztada txikia baino ez da. Laguntza eta esfortzu txikiarekin jende asko lagundu dezakezu”.

Campok altruismoarekin kontzientziatuta dagoela dio. Orain dela bi urte, hezur muinaren emaile ere egin zen: “Hori ere laguntzeko beste modu bat da. Donazio banku batean sartzen zara, eta norbaitek Winsconsinen edo Errenterian hezur muin bat behar badu, minbizia arazoengatik, prest egongo nintzateke laguntzeko”. Campo sarri saiatu izan da lagunak konbentzitzen. Emaztea ere odol emailea da. “Batek daki biharko egunean auto istripu bat izan eta inoren odola beharko duzun. Azkenean, helburua beharra duten pertsonei laguntzea da”.

Mikeo ere ahalegintzen da odol emaile egiteko zalantzan dauden ingurukoei azken bultzada ematen: “Baten bat animatu izan da, baina beste batzuei, beldurragatik edo, azken pausoa ematea kostatzen zaie. Informazio falta ere izan daiteke, azkenean konturatzen zarelako oso esfortzu txikia egin behar duzula. Baina uste dut jende askok ematen duela odola. Agian ez dira hona etortzen, baina uste dut beren lantegitik-eta pasatzen direnean asko animatzen direla odola ateratzen”. Izan ere, egoitza nagusia Donostian izan arren, unitate ibiltariek Donostia osoa zeharkatzen dute. Eta arratsaldero bi furgoneta ateratzen dira Gipuzkoako herrietatik, egunero tokiz aldatuz. Goiz batzuetan, astean hiru aldiz, enpresa, eskola eta unibertsitateetara ere iristen da Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko furgoneta.

Odol ematea bukatu ostean, Mikeo eta Campo mahaiaren alde banatan eseri dira. Indarberritzeko, ura, tea eta mokadutxo txikiak dituzte. Ateratzerako, emakume bat sartu da barrura, emango duen odolarekin norbaiti lagunduko dion itxaropenarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.