Gazteak eta indarkeria matxista. Zertan ari gara? Nola egin aurre? izenburupean, mahai ingurua antolatu du Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroak. Astelehenean izango da, 19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Lorea Aizpuru ariko da moderatzaile lanetan, eta mahaiaren bueltan parte hartuko dute Josebe Iturriotz Medeak taldeko kideak, Susana Manzanedo Sortzen aholkularitzako kideak eta Arremanitz kooperatibako Axier Bagliettok (Eibar, 1975) eta Haizea Egigurenek (Azpeitia, 1984). Arremanitzekoak, besteak beste, Harremonak programa ari dira lantzen Azkoitiko eta Azpeitiko eskoletan, sexu hezkuntza, hezkidetza eta tratu onak landuz.
Zein da Azkoitiko eta Azpeitiko Hezkidetza Foroaren zeregina?
AXIER BAGLIETTO: Azkoitiko eta Azpeitiko eskolak, bi udaletako berdintasun sailak eta Azpeitiko gazteria zerbitzuak biltzen dituen espazio bat da. Herrian ere berdintasunaren inguruan eragileak aktibatzea du helburu. Eragileak bilduz eta bakoitzak hezkidetza aldetik zer egin dezakeen partekatuz eta elkarrekin gauzak eginez. Bertatik hainbat proiektu atera dira jada: jolas denborari lotuta, jolas kooperatiboen egun bat antolatzen hasi gara, baloia pixka bat baztertuz eta jolas espazioa modu hezkidetzaile batean antolatuz.
Azaroaren 25ari lotuta mahai ingurua antolatzea ere foro horretatik sortu da, ezta?
A. B.: Bai, forotik sortutako beste ekintza bat da. Iaz, ikasle bat bortxatzen saiatu ziren. Orduan, ikasle horren eskolan erantzuna izan zen, eta lanketa bat egin genuen ikasle eta gurasoekin, baina beste eskoletan ez zekiten oso ondo nola jokatu, eta denon artean protokolo bat egitea pentsatu genuen, era horretako gertaeren inguruan erantzun bateratu bat emateko. Ondorioz, testu bat adostu genuen, indarkeria matxistaren irakurketa bat eginez eta nolabaiteko gutxieneko konpromiso batzuk hartuz, horrelako gauza bat gertatzen denean nola erantzun jakiteko. Gero, gurasoentzako mahai inguru bat antolatzeko ideia bururatu zitzaigun. Eta egin egingo da.
Gazteak eta indarkeria matxista da mahai inguruko gaia. Nolakoa da egoera gazteen artean?
A. B.: Gazteen egoera jendartearen egoera dela esango nuke, ez da asko desberdintzen. Askotan, gazteez hitz egiten dugunean, gugan ikusten ez ditugun gauzak ikusteko joera dugu haiengan. Baina jendartearen ispilu dira. Oraindik indarrean daude nesken eta mutilen rolak eta estereotipoak: nesken eta mutilen izateko moduak, zer dagoen debekatuta bakoitzarentzat, zer den neska eta zer mutil izatea… Horrek berdin jarraitzen du. Bestalde, indarkeria matxista elementu bakana balitz bezala ikusten da: bikoteetan gertatzen den zerbait, norbanakoaren arazo bat ia-ia; estrukturala zer den aintzat hartu gabe, jendarte honetan gizon nahiz emakumeak zein egoera desberdinetan gauden eta zer sozializazio prozesu desberdin jasotzen ditugun ikusi gabe. Horregatik, kolpeak edo tratu txar psikologiko batzuk indarkeria matxista gisa identifikatzen dituzte, baina gainontzeko indarkeria estruktural guztia ez.
HAIZEA EGIGUREN: Neurri batean barneratua dute diskurtsoa, eta badakite zer esan behar duten: “Oraindik ez gara berdintasunean bizi, baina garai batetik hona asko aldatu dira gauzak“, esan ohi dute. Haientzat, kultura arabiarrean dago matxismoa, baina Azpeitian eta euren gelan, ez.
Belaunaldi gazteetan aldaketarik ez al da antzematen?
A. B.: Aldaketa bat badago: lehen, indarkeria matxista kontzeptua ez zen existitzen; bikote barruan gertatzen ziren gauzak ziren. Gaur egun ikusten da, baina hori onartuta ere, indarkeria egoera batez hitz egiten hasita, soluzioa erasotzailea zigortzea dela uste dute gazte askok. Haientzat, ez du zerikusirik jendartean gertatzen denarekin. Kosta egiten zaie harreman hori ikustea; sozializazioak daukan eraginaz jabetzea. Egoera naturalizatzera jotzen da: gizonak honelakoak dira, eta emakumeak, halakoak.
Hezkidetzaz lanean ari zarete hainbat eskoletan. Zer lan dago egiteko arlo horretan?
H. E.: Aurrena, bereizketa horietaz ohartarazi behar ditugu: zein desberdin hezten gaituzten, zer espero den bakoitzarengandik, gugan indartzen dituzten ezaugarriak, eta horrek denak nola eragiten digun; batzuetan hori identifikatzea ere kosta egiten baita. Gure lehenbiziko lana da mapa edo errealitate hori ezagutaraztea. Gero, neskekin eta mutilekin lan egiten dugu, nor bere aldetik. Neskekin, orain arte irakatsitakoa aztertzen dugu, eta horri nola aurre egin azaldu. Elkartasunaren eta autodefentsaren eremuan kokatzen dugu lana. Gure indarrak, gaitasunak eta autoestimua lantzen ditugu.
A. B.: Mutilen kasuan, berriz, inportanteena da ohartaraztea egiazki ez gaudela berdintasun egoera batean. Normalean, mutilek amorru handia gordetzen dute: zentzu batean, egoera pribilegiatuan egotea egokitu zaie, baina, aldi berean, tratu txar pilo bat jasotzen dute. Mutilen bizitza indarkeriaz josita dago, baina indarkeria horri ez diogu garrantzirik ematen. Mutilez ondo pentsatzea zailagoa da: beti dira ganberroak, ganoragabekoak, narrasak, arduragabeak, ez dute sentitzen… Deshumanizazio bat da. Mutilei beren buruaz ondo pentsarazten laguntzea lan handia da. Esatea “zu ez zara matxito bat, zu pertsona bat zara”: pertsona gisa sentitu egiten duzu, hunkitu egiten zara, emozio batzuk dauzkazu, zure ondokoak nola dauden inporta zaizu. Behin ate hori irekita, euren buruari utzi behar diote mutilen artean ere beste jokabide batzuk izaten: besteak goxo tratatzen, ondoko mutilengan konfiantza izaten, gaizki egindakoak onartzen, euren pribilegioak erabili dituztela onartzen… Hortxe dugu lanik handiena.
Ikasleekin egiten dituzuen saioetan azaltzen al dute indarkeria matxistaren gaineko kezkarik?
A. B.: Printzipioz, ez da kezka sorrarazten dien gai bat. Esaterako, sexu heziketa aipatzen diezunean askoz interes handiagoa erakusten dute hasieratik. Berdintasuna, normalean, ez da interesa sortzen duen gai bat, agian kontu gatazkatsua delako ikasgeletan. Nesken eta mutilen artean eztabaidak pizten dituen gaia da. Dena den, behin berdintasunaren gaian sartzen direnean, normalean bai neskak eta bai mutilak piztu egiten dira. Neskengan gogoa sumatzen da. Orain 13-14 urteko gazteekin aritu gara lanean, eta gogo handia erakutsi dute. Euren jolas garaian gurekin elkartzeko deitu ditugu, eta hirurogei lagun bildu dira. Beraz, gauzak egiteko gogoa badago. Mutilen artean erresistentzia handixeagoa dago, baina, hala ere, bada pizten dituen gai bat: finean, beren bizitza, harremanak eta bizi espektatibak direlako.
Gazteekin ikastetxeetatik kanpo lantzen al da hezkidetza?
A. B.: Hezkidetza programak berez eskoletan egiten dira, eta gure ahalegina pixka bat hortik ateratzea eta poliki-poliki bidea urratzea da. Hezkidetza Foroa urrats bat da horretan.
H.E.: Eta ikastetxeetan ere ikasleak beren kabuz antola daitezen lan egin genuen iaz. Jolas orduetan haiekin biltzen hasi ginen, haiek nahi dutenaren inguruan jarduteko, lan saioez gainera beraiek ere elkarrekin zer egin dezaketen pentsatzeko eta antolatzeko. Guretzat giltzarria da hori, lan saioetatik kanpo ere hausnartzen dutelako. Orain ere, azaroaren 25arekin lotuta, bai Iraurgiko eta bai Urolako ikasleek euren kasa zerbait egiteko asmoa dute. Kontzientzia eta barne lan bat egiten ari dira, eta, alde horretatik, gure programan hori da giltzarri inportanteenetako bat.
Leave a Reply