Gorrak komunikatzeko bideak

Goierriko eta Tolosaldeko gorren elkartea da Gainditzen, eta 2002an sortu zuten, gorrek zituzten komunikazio arazoak konpontzeko helburuarekin; izan ere, egunerokoan komunikazioarekin dute arazoa. Gizartean “ikusgarritasuna” lortzea dute helburu.

Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko zuzendaria eta keinu hizkuntzako irakaslea da. Gorra izanik, badaki zer den egunero arazoei aurre egitea, eta jabetuta dago zenbat zailtasun dituzten gizartean integratzeko orduan.

“Behar-beharrezkoak ditugu komunikatu ahal izateko interpretatzaileak, gure komunikatzeko tresna nagusia keinu hizkuntza baita”. Rodriguez pozik dago, geroz eta jende gehiagok baitaki keinu hizkuntzan komunikatzen; baina, hala ere, keinu hizkuntza ikasteko kurtsoak antolatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du, dakitenen kopurua handitzeko. Moldaketen inguruan ere aritu da Rodriguez, eta, haren ustez, kultur etxeetan, eskoletan eta udaletxeetan, adibidez, ezinbestekoak dira gorrak komunikatu ahal izateko moldaketak egitea.

Ezagutzera emanez

Elkartea 25 kidez osaturik dago, eta erabiltzaileak “herri txikietakoak izanik”, Rodriguez “pozik” dago bazkide kopuruarekin. Elkarteko kide direnetatik lau entzuleak dira, zerbait entzuten dute. Beste batzuek, zuzendariak tarteko, ez dute ezer entzuten, “soinuren bat, ez besterik”; “Denetik dago elkartean; batzuek zerbait entzuten dute. Halere, denok dakigu keinu hizkuntza, eta horrela komunikatzen gara”.

Duela hamabi urte, elkartea sortu baino lehen, gorren beste elkarte bat zegoen, Gipuzkoako gorren elkartea, Donostian. Rodriguez bizilekuz aldatu eta Tolosara joan zen. Orduan hartu zuen elkarte bat sortzeko erabakia: “Hemen mugimendua behar zela konturatu nintzen”.

Mugimendu hori tarteko, gizartean leku bat egiteko eta jendeak gorren berri izateko, Gainditzen elkarteak urtero bi ekintza nagusi antolatzen ditu: alde batetik, sentsibilizazio astea, eta, bestetik, keinu hizkuntzako zinema jaialdia.

Sentsibilizazio astean ematen dute ezagutzera egiten duten lana, jendeak ikus dezan ez daudela geldirik, mugimenduan baizik. “Bizirik gaudela erakusten dugu”. Hainbat ekintza antolatu ohi dituzte, hala nola keinu hizkuntzen film laburren lehiaketa eta pelikula saioak interpretearekin. Iaz, adibidez, kalean alfonbra more luze bat jarri zuten, eta, horrela, jendea biltzea eta ikusgarri izatea lortu zuten. Beraz, urtez urte gauza berriak ere antolatzen dituzte jendea sentsibilizatzeko asmoarekin.

Bestalde, keinu hizkuntzako zinema jaialdia nazioartekoa da, eta horrek izugarrizko ikusgarritasuna ematen die gorrei, baita elkarteari ere. “Erreferente” bihurtu direla adierazi du Rodriguezek; izan ere, Espainia mailan antolatzen den ekintza garrantzitsuenetakoa da. “Denek ikusten dute Tolosan mugimendu handia dagoela, eta guretzat oso garrantzitsua da jaialdi hori”.

Lan esparruan ere bai

Lehenengo beharra hainbat espaziotan interpretea egotea da. Figura horren garrantzia azpimarratu du Rodriguezek: “Interpreterik gabe, gorrak garenok komunikatzeko zailtasun handiak ditugu”.

Gainera, gorrak hainbat esparrutan egoteko interpreteak behar dituztela nabarmendu du, bai kalean, bai lantokietan eta baita enpresetan ere. “Gorrak egotea garrantzitsua da, eta gorrak interpretatzeko jendea egotea ere bai”. Zuzendariak azaldu du, askotan, enpresetako buruek gorrei arazoak ikusten dizkietela lanerako, interprete baten beharra dutelako. Hala ere, honela azaldu du elkarteko zuzendariak: “Lehenengo egunetan interpretea beharko lukete gorrek, baina, ondoren, ez. Hasieran, lantaldean integratzeko behar izaten ditugu, baina, behin egin behar dugunaz jabetuta, independenteak gara. Ez dugu dependentzia maila hori”.

Ez daude ahazturik

Biztanleriaren gehiengoak gorren berri duen arren, Rodriguezek uste du gizarteak ez duela haiengan pentsatzen: “Gizartean gutxiengoa gara, eta inguruan gorren bat izan arte, asko ez dira jabetzen hor gaudenik”. Alabaina, norbaitek gorren bat inguruan duenean, orduan jabetzen da zenbat zailtasun dituzten. Rodriguezek uste du Goierrin eta Tolosaldean, oro har, jendea “sentsibilizatua” dagoela; jende asko joaten baita Gainditzen-ek egiten duen lana ikustera.

Elkartearen garrantzia ere nabarmendu du: “Elkarterik ez balego, ahaztuta egongo ginateke gorrak garenok”. Elkarteari esker, baina, ez daude ahaztuta.

Gainera, gero eta ekintza gehiago antolatzen dira gorrak kontuan hartuta. Horren isla da, adibidez, Beasaingo Igartza jauregian datorren azaroaren 30ean arratsaldeko bostetan egingo duten ekitaldia. Kimutx proiektuaren helburua da 12 urte arteko haurrek eguneroko ekintza zehatz batzuk modu alai, jostagarri eta maitekorrean egiten laguntzea.

Gainera, jarduera horiek Euskal Herriko kulturaren testuinguruan daude. Proiektu horretatik abiatuta, ZeinuTx sortu dute: Kimutx izaki mitologikoen ipuinak keinu hizkuntzan azaltzen dituen ikus-entzunezkoen bilduma aurkeztuko dute. Horrela, haur gorrek ere aukera izango dute euskal mitologiaz gozatzeko, eta komunikatzeko. Horrelako ekintzak antolatzen direla ikusteak asko pozten du elkarteko zuzendaria, “benetan jendea sentsibilizatu dela” ikusten baitu. Egiten diren ekintza guztietan interpretea egotea “ideala” izango litzatekeela uste du, aldi berean, Gainditzen elkarteko zuzendariak.

Egin duten bidean, baina, oraindik bada egitekorik, eta hor egin nahi du indarra elkarteak. Izan ere, gaur-gaurkoz Gainditzen-ek badu interpretea, baina hilabete batzuetarako bakarrik. “Kezkatuta” daudela azaldu du Rodriguezek, “arazo handia” baita elkarterako interprete gabe gelditzea; gorren elkarte bat nekez uler daiteke interpreterik gabe. “Nola komunikatuko gara jendearekin, nola antolatuko ditugu ekitaldiak ez badugu interprete bat komunikatu ahal izateko?”. Ez da egoera erraza. Hala ere, boluntarioen laguntza dute, eta orain arte jasotako babesa eta laguntza “bihotzez” eskertzen du, “horiek gabe ez litzatekeelako elkarterik egongo”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.