Bihartik azaroaren 30era, txotxongiloen magiak harrapatuko du Tolosa. Titirijai jaialdiak 32. urtea du aurten, eta Tolosara bertaratuko diren taldeen kalitatea nabarmendu dute antolatzaileek. 11 konpainia izango dira orotara, eta 43 ikuskizun eskainiko dituzte Gipuzkoa osoan, horietatik 27 Tolosan.
Aurtengo jaialdiak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Batetik, Tolosa&Co merkatarien elkartearen eskutik, kalean izango dira hainbat ikuskizun, eta, bestetik, Eszena Irekia atala estreinatuko dute. Azken horretan, konpainia gazteei egin nahi izan zaie lekua. Lau taldek parte hartuko dute, eta horietako bat euskalduna izango da, Bilboko Aura taldea, hain justu.
Gainerakoan, kartela bera ere azpimarratu dute, beste urteekin alderatuta desberdina baita, eta, gainera, jolas egiteko aukera ematen du. Bertan azaltzen den moduan moztu, eta norberak txotxongilo antzerkitxoa egiteko aukera ematen du. Horrez gain, berrikuntza gisa, emanaldi batzuk keinu hizkuntzan eskainiko dituzte.
Titirijai jaialdia tailerrek, erakusketak eta tertuliek osatuko dute. Tailerrei dagokienez, iazko harrera ona ikusita, Elduaien hizkuntz eskolarekin elkarlanean, ingelesez txotxongiloak egiten ariko dira bihar goizean, Topic zentroan, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrak. Bigarren tailerra ere bihar izango da, larunbateroko Zerkausiko azokan, Tolomendi landa garapen elkartearekin elkarlanean; bertako produktuekin txotxongiloak egingo dituzte gaztetxoek. Bi tailerrak doakoak izango dira. Tertuliei dagokienez, berriz, arratsaldero elkartuko dira, Topic-en bertan, txotxongiloen inguruan solasalditxoa egiteko txotxongilo adituak nahiz txotxongiloen mundua maite dutenak.
Bestalde, Titirijai jaialdiak irauten duen bitartean, Altzoko Erraldoia erakusketa egongo da ikusgai Topic zentroko Anbigu aretoan. Altzoko Erraldoia operako txotxongiloen sorkuntza prozesua ikusteko aukera izango da. Nestor Basterretxeak diseinaturiko txotxongiloen ereduak ikusteko aukera ere izango da.
Topic-en bost urteak
Bost urte beteko ditu Topic txotxongiloen nazioarteko zentroak azaroaren 28an. Idoia Otegi zentroaren zuzendariak azaldutakoaren arabera, “oso ondo” joan dira lehen bost urteak. “Krisi garaian sortu zen, eta une askotan ez da erraza izan, baina eutsi egin diogu”. Topic zentroak nazioartean leku bat egitea lortu du, eta ez soilik txotxongiloetan berezituriko museoen artean. Horren adierazle dira jaso dituen sariak eta aitorpenak.
Otegik azaldu duenez, “bide berean jarraitzea eta maila berean mantentzea” da Tolosako Ekinbide Etxearen asmoa. Hala, aurrera begirako erronken edo helburuen artean, urrutiko hezkuntza garatzea dago.
Bosgarren urteurrenerako, azaroaren 28rako, bestalde, ekitaldi “berezi eta xume bat” ari dira prestatzen.
Leave a Reply