Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalerriok hondakinak atez ate biltzeko erabakia hartu genuenetik, gure herrien birziklatze tasak %30etik %80ra igo ziren oso denbora gutxian. Baina, tamalez, erabaki hori ez zuen babestu San Marko mankomunitatea modu ez-naturalean gobernatzen duen Denis Itxaso PSEko kideak.
Sei udalerriok hartutako erabakiaren kontra egin ezinik, horiek ekonomikoki zigortzea erabaki zuen. Nola? Gure herrietako atez ateko bilketaren gastu guztiak gure gain hartzera behartuz eta gainerako udalerrien edukiontzien bidezko sistema denon artean ordainaraziz.
Jokabide horren aurrean, Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo udalerriok San Marko mankomunitateko aurrekontuei helegitea jarri genien, gure herriek ordaindu beharreko kopuruak ez zetozelako bat jasotzen genituen zerbitzuekin. Eta helegitea jartzearekin batera, mankomunitateak helarazten zizkigun hainbat faktura geldiaraztea erabaki genuen, sei udalerriok mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenak bete zitezen aldarrikatzeko.
Egunotan Denis Itxasok, berriz, gure herriei buruzko informazio faltsua argitaratu du, zorraren zenbatekoa puztuz eta arazo honen aurrekari eta testuingurua isilduz; izan ere, beti egon gara gure partea ordaintzeko prest, baina soilik jasotzen ditugun zerbitzuei aurre eginez, San Marko mankomunitateko batzarrak onartu zituen hitzarmenetan jasotzen den bezala.
Mankomunitatearen fakturak hitzarmen horien arabera egokitzeko eskaera egin diogu Denis Itxasori behin eta berriz, baina bere ezezkoarekin egiten dugu topo beti. Izan ere, mankomunitatea bere etxaldea balitz bezala gobernatzen baitu, erabakiak dekretuz inposatuz eta modu artifizialean mantenduz herrien arteko desorekak. Atez ateko bilketaren aurka ahal zuen guztia egingo zuela esan zuen, eta formula aurkitu duela uste du: atez atekoa egiten dugun herriak ekonomikoki zigortzen gaitu, gainerako herrien edukiontzien bidezko bilketaren gastuak ordainaraziz; sistema horrekin %50eko birziklatze mailatik pasatzea ezinezkoa dela jakinda.
San Marko mankomunitateko lehendakaritzan Denis Itxaso PSEko kidea jarri zutenean, EAJk eta PPk babestuta, argi geratu zen zein izango zen haren jokabidea. Orain diputaziorako bere hautagaitza aurkeztean, garbi ikusten dugu politika atzerakoien morroi bihurtuko dela berriz ere, bere helburu politikoak lehenesteko. Horregatik, Denis Itxasori eskatzen diogu alderdikeriak alde batera uzteko eta, behingoz, mankomunitate barruan dituen arazoak konpontzeko.
Gure herritarrei adierazi nahi diegu, aldiz, dagokiguna ordaintzeko erabateko prestasuna daukagula, baina ez gaudela prest jasotzen ez dugun zerbitzu batengatik ordaintzen jarraitzeko.
Leave a Reply