Dardoen munduan modu naturalean barneratu bazen ere, Europako txapelketa batean parte hartu eta taldekako sailkapenean laugarren geratu zenean erabaki zuen Joseba Unanuek (Orio, 1978) dardo jokalari gisa zerbait egin zezakeela. Gaur egun, kirol federazio batek egin beharreko lanak hartzen ditu bere gain.
Dardo jokalari izatera nola heldu zinen?
Berez, ostalaritzan lan egin dut 17 urteez geroztik, eta 2004an taberna propioa ireki nuen. Dardo makina bat jarri nuen, eta han hasi nintzen zaletzen. Dardoen munduak esku pilotakoak bezala funtzionatzen du, enpresaka. Eta neure tabernan hamar urte egin eta gero, Connection Darts enpresak Gipuzkoan arduradun berria jarri nahi zuen, eta nitaz oroitu ziren, munduko hiru txapelketatan parte hartua nintzelako eta lurralde mailan jendeak ezagutzen ninduelako. Hasiera batean, kolaboratzaile modura soilik hasi nintzen, baina alaba jaio zen, eta enpresari esan behar izan nion ziurrenik utzi egin beharko nuela kolaboratzaile lana; tabernakoa eta dena egiteko ez nintzen moldatzen bestela. Orduan, enpresak apur bat itxaroteko esan zidan, proposamen bat egingo zidatela; eta, nire sorpresarako, halaxe izan da: lana eskaini didate.
Eta zer esan nahi du enpresa horren Gipuzkoako arduraduna izateak?
Ba, federazio batek egingo lukeen lana egitea: Gipuzkoa mailan jokalarien fitxak, taldekako inskripzioak eta abar koordinatzea. Makinen mantentzeaz ere arduratzen naiz, eta dardo jokalariek material eta ekipazio aldetik dituzten beharrak asetzea ere niri dagokit. Horrez gain, lau hilabetetik behin, lehiaketa nazional bat egoten da; eta ni arduratzen naiz jokalarien ostatuez eta inskripzioaz, besteak beste.
Noiz erabaki zenuen dardoen munduan serio sartzea?
Lehen aldiz Europako txapelketa batean parte hartzera joan ginenean, ezjakin modura joan eta laugarren postuan geratu ginen taldekako sailkapenean. Nik uste handik datorkidala afizioa, orduan pentsatu bainuen dardoen mundua gustatzen zitzaidala eta zerbait egin nezakeela.
Ingurukoek zer esaten dizute, friki bat zarela?
Batzuei arrantza gustatzen zaie, eta kapaz dira gau oso bat hotzez arrantzan pasatzeko, beste batzuei billarra gustatzen zaie… Niri dardoak, besterik gabe.
Las Vegasen (AEB) izan zara orain gutxi, munduko lehiaketan parte hartzen.
Bai, lehenik, Gipuzkoako txapelketan, Espainiako txapelketarako lekua irabazi behar izan nuen. Eta gero, Espainiako txapelketan garaile suertatuz gero, posible da munduko lehian parte hartzea. Nire laugarren munduko txapelketa izan da Las Vegaskoa; bi aldiz egon naiz Chicagon [AEB], eta beste behin Tokion [Japonia]. Munduko txapelketak gogorrak izaten dira, han gauden guztiok zerbaitegatik gaudelako, geure herrialdeko onenak garelako. Ez da egunero izaten aukera halako maila duten jokalarien aurka jokatzeko, eta esperientzia polita izaten da. Gu, gainera, ez gara profesionalak; dardotan hiru maila daude: profesionalak, masterrak —nire maila izango litzateke— eta amateurrak. Gure intentzioa etorkizun batean profesionaletara igarotzea da, baina, oraingoz, ekonomikoki ez da posible.
Las Vegasen hamaseigarren postuan geratu zinen, eta zure aurreikuspenak hobetu zenituen, ezta?
Bueno, Tokioko kasuan, finala galdu, eta bigarren geratu nintzen. Baina bai, gure aurreikuspena lehen 32en artean sartzea izaten da, top 32-edo deitzen dioten horretan. Hor sartuz gero izena erregistratuta geratzen delako eta sailkapenetan izena agertzeak ilusioa egiten duelako. Nitaz aparte, Lasarteko Jon Merino eta Urnietako Rafa Mellado zeuden. Egia da Las Vegasen hamaseigarren geratu ginela, baina han ze maila zegoen ikusita, zapore gazi-gozoarekin itzuli ginen, maila onean geundelako eta une jakin bateko okerrak gauzak asko alda ditzakeelako.
Orain gutxi, berriz, Espainiako txapelketa jokatu da Galizian, eta zuri antolakuntzan aritzea egokitu zaizu.
Bai, epaile lanetan aritu naiz, talde arteko liskarrak baretzen eta funtzionatzen ez duten makinez arduratzen, besteak beste. Gipuzkoako jokalarien zalantzak, arazoak eta abar konpontzea ere nire lana izan da.
Dardo makinak tabernetan irudikatu ohi ditugu. Lehiaketetan, nolakoa da ingurunea?
Asko aldatzen da; bereziki, asko aldatu da azken urteetan. Tabernetan bertan ere aldaketak izan dira, lehen tabernetan erre egiten zelako eta gaur egun ez; hori aldaketa handia izan da jokalari askorentzat. Orain, Espainiako, Europako zein munduko txapelketak kiroldegietan egiten dira, tabernetako ingurune horretatik irten eta kirol kutsu gehiago izan dezaten. Aldaketarik nabarmenena, hala ere, geroz eta dardo elkarte gehiago sortzen ari direla da.
Gipuzkoan ere gora egin du zaletasunak, ezta?
Aurten, adibidez, Errenterian sortu dute Gipuzkoako bigarren dardo elkartea; lehenengoak hamar bat urte izango ditu, eta Urnietan dago. Esan daiteke nahiko osasuntsu gaudela Gipuzkoan, betiere kontuan izanda hemen nolako kopuruetan mugitzen garen. 30 bat dardo jokalari egongo gara hemen, baina Madrilen eta Bartzelonan ehunka daude. Norbait dardotan aritzera animatuko balitz, gurekin harremanetan jartzea baino ez luke egin beharko; 630 95 87 39 telefonora dei dezake horretarako.
Zer izan behar da kontuan dardotan jokatzeko orduan?
Gaitasuna eduki behar da lasai egoteko, eta irabazteko gosea ere oso inportantea da. Kontzentrazioa ere bai, noski: imajinatu goizeko hamarretan jokatu duzula partida bat eta hurrengoa hamaiketan duzula; hori jakinda, kontzentrazioari eustea beharrezkoa da.
Hainbat modalitatetan joka daiteke: banaka, binaka, taldeka…. Zuk zer duzu nahiago?
Modalitate zailena taldekakoa da, emaitza ez dagoelako zure gain bakarrik, beste hiruk egiten dutenak ere asko esan nahi duelako. Baina, hor irabaziz gero, poza banaka irabazita baino handiagoa izaten da.
Punteria berezko ezaugarria izaten da, edo landu egin behar da?
Egia esan, batzuek gaitasun naturala izaten dute, baina landu ere egin behar da. Edonola ere, dardo munduan beharrezkoa da plazagizona izatea, oso ezberdina baita zeure tabernan, zeure lagunekin jokatzea edo txapelketa batean jokatzea, kontuan izanda ehun lagunetik gora begira dituzula.
Eta dardoa botatzerakoan begi bat ixtea ezinbestekoa da?
Kar, kar… Hobe ez ixtea, biak zabalik izatea. Ni horretan saiatzen naiz beti.
Leave a Reply