Askotarikoa da Gipuzkoako gizartea. Jatorri askotako pertsonak bizi dira herri gehienetan, eta egoera hori kudeatzea erronka bilakatu da eragile sozial eta erakundeentzat. Izan ere, gertu bizi izanagatik ere, eguneroko bizimoduan elkarrengandik urrun egon ohi dira kanpotik hona etorritako pertsonak eta hemen jaiotakoak. Ezjakintasuna handia da, eta kulturen arteko harresia, altuegia.
Elkarbizitza aberatsa osatzeko bidean, baina, distantzia oztopo bilakatzen da, eta, horretaz jakitun, talde asko ari dira kulturen arteko harresia txikitzeko lanean: SOS Arrazakeria, kasurako.
Bide horretan aurrera egiteko asmoz, SOS Arrazakeriak Bizilagunak programa antolatu du hirugarren aldiz, etziko. Hemengo familiak eta kanpotik hona iritsitakoak elkartuko dituzte mahaiaren bueltan. Familia batek anfitrioiarena egingo du —izan daiteke hemengoa edo kanpotik etorritakoa—, eta bisitariarena besteak, eta, modu horretan, elkar ezagutzea erraztuko dute, mahaiaren bueltan, hango eta hemengo gastronomiaren laguntzaz.
Bazkari hori prestatzeko, SOS Arrazakeria elkarteko bitartekari baten laguntza izango dute familiek. Gipuzkoan eta Bizkaian, aurten berrehun familiak eman dute izena; Errenterian, 22k.
Bigarrenez
Kukai konpainiako Jon Maia eta Vanesa Castaño dantzariek bigarren urtez jarraian parte hartuko dute egitasmoan. Errenterian bizi da bikote gaztea, eta jatorriz Marokokoa den familia batekin partekatuko dute mahaia bigarren urtez jarraian. Iaz anfitrioi rola egokitu zitzaien, eta aurten bisitariak izango dira. “Iaz gure etxean izan zen familiak jatetxe bat zabaldu berri du herrian, eta hara goaz bazkaltzera”, azaldu du Maiak.
Bizilagunak programa “oso aberasgarria” iruditzen zaio Maiari, “bakoitza bere mikrounibertsoan bizi delako eta ondokoaren errealitatearen berri askotan ez dugulako izaten”.
Migratzaileen inguruan izan ohi diren aurreiritziak elkar ezagutzatik gainditu beste biderik ez dela esan du Maiak, eta uste du Bizilagunak bezalako programak baliagarriak direla aurreiritzi horiei buelta emateko. Horregatik parte hartu zuten iaz jardueran, eta horregatik parte hartuko dute aurten ere.
Nepaldik Euskal Herrira
24 eta 28 urte dituzte Bhagawati Hamal eta Krishna Rijal nepaldarrak. Arrazoi politikoak direla eta, orain dela bi urte utzi zuten beren herria, eta Errenterian hartu dute bizileku. Ikasten ari dira biak; joskintzan ari da trebatzen Bhagawati, eta sukaldaritzan Krishna. 2 urteko alaba dute.
Gustukoa dute hemengo kultura, eta baikor begiratzen diote etorkizunari. Bigarrenez parte hartuko dute Bizilagunak programan. “Etorkinak gara, baina guztiaren gainetik pertsonak gara, eta, alde horretatik, ez gara desberdinak: eskubide berberak ditugu”, dio Krishna Rijalek, etziko bazkarira zergatik joango diren galdetuta.
Bhagawatik, berriz, bestelako motibazio bat du: “Niri jendea ezagutzea gustatzen zait. Lagunak behar ditut, familiak ezagutu kalera irteten garenerako”.
Beren kultura ezagutzera eman eta, bide batez, hemengoan sakontzeko aukera paregabea iruditzen zaie biei etzikoa, eta horretarako gastronomia oso bitarteko egokia dela iritzi diote. Anfitrioi rola egokitu zaie aurten, eta menua argi dute jada: “Ogia, haragi arrautzaztatua, arroza, oilasko currya; eta, postrerako, jogurta, fruta eta mahaspasak; nola ez, guztia Nepalgo eta Indiako teak lagunduta”.
Leave a Reply