“Topic-en txotxongiloei dieten maitasuna nabarmenduko nuke”

Roberto White argentinarraren Ametsak 1 lana izango da ikusgai Titirijai jaialdiaren lehen egunean. Topic zentroan txotxongilolari profesionalei eskaintzen zaien egonaldien fruitua da emanaldia. Argentinarrak azaldu duenez, “oso gustura eta eroso” sentitu da Tolosan bere lana sortzen aritu den bitartean.

Nolakoa izan da zure emanaldi berriaren sormen prozesua?

Nire konpainiaren eta Topicen arteko elkarlanaren ondorioa da lan hau. Hiru hilabeteko egonaldia izan da Topic zentroan: lehendabizi, ikerketa eta material bilaketa egin dugu, eta, ondoren, Argentinara joan gara konpainiaren zuzendariarekin batera lana borobiltzera. Txotxongiloen Nazioarteko Egunean aurkeztu ahal izan nuen, eta jadanik hainbat lekutan eskaini dut emanaldia; harrera oso ona izan du.

Zergatik aukeratu zenuen Topic zentroa lana sortzeko?

Duela bi urte, txotxongiloen jaialdian parte hartu genuen, eta epaimahai gaztetxoaren saria jaso genuen. Orduan izan genuen egonaldi horien berri, eta probatzea pentsatu genuen. Erabakiarekin asmatu genuen, baldintzak oso egokiak izan baitira.

Nola deskribatuko zenuke zure egonaldia?

Oso gustura egon naiz, oso eroso. Topic zentroa luxu bat iruditzen zait. Hamar urte daramatzat txotxongiloen munduan lanean, eta txotxongiloekin loturiko proiektu eta egitasmo ugari ikusi ditut, baina gutxi daude Topic bezalakoak. Azpiegituren kalitateaz gain, bertakoen giza kalitatea eta txotxongiloekiko sentitzen duten maitasuna nabarmenduko nituzke.

Nolakoa da Ametsak 1 lana?

Burukoa edo garunekoa den etxe batek lotzen dituen bizipen desberdinak dira. Umorea eta poesia uztartzen ditu, eta ia testurik ez duen formatu erdiko lana da. Nik oso ondo pasatzen dut, gozatu egiten dut lana antzezten, eta ziur ikusleek ere oso ondo pasatuko dutela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.