Buruntza eta Belkoain mendietako sasi eta belarrak kenduz, eta 36ko gerraren ondorio lazgarrienak pairatu zituzten lasartearren bizipenak bilduz, oroimen historikoa berreskuratzen ari da Islada Ezkutatuak elkartea. Testigantza ugari bildu dituzte Lasarte-Orian, horietatik batzuk mendian bertan, lekukoek miliziano errepublikanoen gorpuak ehortzi zituzten lekuak identifika zitzaten. Asko aldatu da ingurua urte hauetan, baina belarrak hartutako lekuak garbitu ostean, lubaki bat ere topatu dute. Eta esku granadak, bonba morteroen zatiak, balak… Eta isiltasuna.
Isiltasun horri ahotsa jarri nahi dio orain Islada Ezkutatuak elkarteak, eta asteburu honetarako ibilbide bat prestatu du: oroimenaren ibilbidea. Bertan, Lasarte-Oria eta inguruetako oroimen historikoa osatzen duten 34 leku aukeratu dituzte. Tartean, fusilamenduak burutu zituzten lekuak, gerra guneak, militarren aginte etxeak, barrikadak, sindikatu eta alderdi politikoenak izandako egoitzak eta bonbardatutako etxeak.
Ibilaldi bat egingo dute larunbatean, igandean bestea, eta interesa duen orok izango du aukera gune historiko horiek bertatik bertara ezagutzeko. Eguerdiko hamabietan aterako dira Villa Mirentxutik, eta ordu eta erdiko ibilbide gidatua osatu ostean hipodromoko zubira iritsiko dira. Larunbatekoa euskaraz izango da, eta igandekoa, gazteleraz.
Ibilaldia Lasarte-Oriako erdigunera mugatuko da, bertan biltzen baitira memoria historikoaren mapa osatzen duten gune garrantzitsu asko eta asko. Hala ere, astelehen honetan elkarteak Lasarte-Oriako etxeetako gutunontzietan banatutako panfletoetan ikus daitekeenez, gune historiko horiek herria inguratzen duten mendietara ere hedatzen dira, soldaduak kanpoaldeko gudalekuetan ere borrokatu zirelako. Horien artean daude aurtengo martxoan Buruntza eta Belkoain mendi artean aurkitu zituzten 120 metro lubaki.
Segurtasun neurriak direla medio, oraingoz ez dute lekua non dagoen zehaztu. Izan ere, aurkikuntzaren egunean esku granada bat ere aurkitu zuten, Ertzaintzako lehergailu teknikariek leherrarazi behar izan zutena. Hala ere, gunea arakatu eta garbitu ostean lekua publiko egingo dutela jakinarazi dute.
Informazio eskasia
“Ezer gutxi idatzi da gerrak Lasarte-Orian eragin zuen sufrimenduaz. Bagenekien hipodromoa hegazkin zelai bezala erabili zutela, baina ezer gutxi gehiago. Badirudi gerra ez zela hemendik igaro, eta hori ez da egia”. Josu Agirretxe mintzo da, Islada Ezkutatuak elkarteko kidea. Elkarte gisa lan egin aurretik, duela bi urte kultur etxean biltzen hasi zen herritar talde bat, grina berarekin: 36ko estatu kolpearen ondorioz Euskal Herrian gertatu ziren sarraskiak argitu nahi zituzten, hau da, irakatsi ez zieten beste historia entzun nahi zuten, galtzaileena. Hala, orain gutxira arte ezagutu gabeko herriko iheslari, desagertu eta errepresaliatuen izen-abizenak idazten hasi ziren.
Aranzadi zientzia elkartearekin jarri ziren harremanetan, eta euren informazio eta artxiboak erabiltzeko aukera probestu zuten. Era berean, informazio eskasiari aurre egiteko, edadetutako jendearekin biltzen hasi ziren, eta haiek emandako argibideak artxibategietan aurkitutako datuekin konparatzen. Lasarte-Orian fusilatu zituztenen zerrendak osatzen hasi ziren, eta zerrendei izen-abizen berriak batuz joan zitzaizkien. “Asko ezagunak dira, gertu-gertukoak. Ezagutzen dugun jendearen gurasoren bat edo aitonaren bat agertu izan da”.
Exekutatu edo desagertutako bederatzi pertsona ageri dira listan. Baita frontean hildako beste hamazazpi ere, ziegetan aurkitutako hiru gorpu, bonbardaketetan bizia galdu zuten sei, ebakuazioetan hildako beste bi eta beste arrazoi batzuengatik hildako hamar lagun. Lista ilun horretan Errusiara erbesteratutako haurrak ere ageri dira.
Puzzlea osatuz
4otik gora testigantza jaso dituzte. Hitz egin duten senide askok “barruak husteko” beharrez egin dutela azaldu du Agirretxek, eta gogora ekarri ditu senideek Islada Ezkutatuak elkarteari emandako argazkiak. “Funtsezkoak”. Kontaketa bakoitza osatuz doan puzzle erraldoi gisa irudikatu du Agirretxek. Senide askok emandako argibideak txikiak izan arren, edo ahopeka kontatu arren, beste informazio iturrietatik edandakoarekin osatuz gero, “puzzlea osatuz” doala dio. “Askok ez dute hitz egin nahi. Ez dakitela ezer esaten dute, baina mingainetik tiraka hasi eta informazio baliotsua lortu izan dugu”. Baina isiltasuna ere jasotzen dute erantzun gisa. “Beldurra, mina…”.
Tamalez, ezin izan dituzte testigantza guztiak jaso, adinagatik hainbat lekuko hil baitira azken urteetan. Jasotako erreferentziei esker lortu dute, besteak beste, Buruntza eta Belkoain mendien artean aurkitutako 120 metro luzeradun lubakia. Agirretxeren esanetan, bertan topatutako balek, armek eta sardina latek garbi erakusten dute lubakia denbora luzez erabili zutela altxamendu faxistaren aurkako milizianoek.
‘Oria, gorria’
Frankistak eta erreketeak Oriako bailaratik sartu ziren herrira, Tolosa eta Andoain zeharkatu ostean. Helburua Donostiara iristea zutelarik, kokaleku estrategikoa zen bailara. “Faxistek soldadu asko galdu zituzten Buruntzako gaina hartzeko saioan, baina, azkenean, herrira heltzea lortu zuten. Oria erreferentzia bat zen. Oria gorria deitzen zitzaion garai hartan, bertako fabriketan ideia sozialistak nahiko errotuta zeudelako. Langile kopuru handia baitzen zen fabriketan”.
Herritar askok bat egin zuen miliziano errepublikanoekin. Horietatik askok Rosa Luxenburgo batailoiarekin, PCEren adarrekoa. Frankisten aurrerakadarekin herritar askok alde egin behar izan zuten Lasarte-Oriatik. “Herria hustu egin zen. Pentsa hori gaur egun zer izango litzatekeen”. Gerra bukatu ostean jende askok buelta egin zuen atzera herrira. “Ez zeukaten ezer. Ondasun guztiak lapurtuta, hutsetik hasi behar izan zuten. Zerrenda beltzak ere bazeuden”.
Batailoietara batu ziren soldaduek gerran jarraitzea besterik ez zuten izan, une oro atzera eginez. Tropa frankistek 1936ko irailaren 13an hartu zuten Donostia, eta milizia errepublikanoak Gipuzkoako mendebaldean antolatu ziren erresistentzia osatzeko. Etsaien aurrerakadak bultzatuta, baina, Bilboraino jo behar izan zuten atzera, eta handik gutxira Kantabriara. 1937ko abuztuan, Frankistek Santander hartu zuten. Bizkai aldera ihesi zihoazen bi lasartear gazte Talledon (Kantabria, Espainia) gelditu ziren baserritarrei laguntza eske. Baserritarrek Guardia Zibilari abisua pasa eta hil zituzten, tiroz. Ia 70 urte geroago, 2005eko irailean, Aranzadi elkartekoek gazteen gorpuak atera zituzten lurpetik. Ateratzean han egon zen hil zutenetako baten iloba. Beste gorpua, beste asko bezala, izena berreskuratzeko zain dago, historiaren lubakietan.
Leave a Reply