Gatazkaren memoria, gazteen ikusmiratik

Euskal gatazkak orban sakonak utzi ditu Errenterian, azken lau hamarkadetan, eta hamaika saio egin dira horren lekukotza jasotzeko. Iaz, adibidez, Eraikiz giza eskubideei buruzko zinema zikloa egin zuten, udalean ordezkaritza duten alderdien atxikimenduarekin.

Ideia horretatik abiatuta, Iñaki Gomez Irusoin ekoiztetxeko kideak eta Ixiar Garcia artistak —biak dira errenteriarrak— antzeko proiektu bat sortu nahi dute herriko 18 eta 23 urte arteko gazteekin zein Oiartzualdeko gainontzeko udalerrietakoekin, Nik Mash Up egitasmoaren barruan.

Gomezek adierazi duenez, antzeko esperientzia bat gauzatu zuten iaz Donostian: “Ubiqa eta Irusoinek, Donostiako Udalarekin batera, proiektu bat jarri zuten martxan, San Telmo museoan”. Bertan, tailerrak egin zituzten, eta gazte talde batzuei hainbat gai proposatu zizkieten. Aditu batzuen laguntzarekin, gaiaren inguruko gogoetak egin zituzten: bakea eta elkarbizitza izan zituzten ardatz.

Orduan, gaia landu zuten hainbat tailerretan, Gomezek azaldu duenez, eta ondoren kalera irteten ziren sakelako telefonoekin. “Galderak planteatzen dizkiote edozeini, identitateari, elkarbizitzari eta abarri buruz”, zehaztu du. Grabatutakoa bere horretan kargatzen dute Ubiqarama plataformara. “Agian pixka bat editatuta”, onartu du Irusoingo kideak. Plataforma horretan elkarrizketak geolokalizatuak daude, eta hainbat galbahe daude sexuaren edota adinaren arabera elkarrizketak aukeratzeko.

Ixiar Garcia artista izango da proiektua aurrera eramateko baldintzak erraztu eta sortzeko arduraduna. Errenteriako kasuan, trantsiziotik gaur egunera arte egondako egoera gatazkatsuak jaso eta horren gaineko hausnarketa egingo dutela adierazi du Garciak: “Prozesu bat prestatu dugu gazte talde horrekin lantzeko, elkarbizitzaren, memoriaren, nortasunaren eta gatazkaren inguruan hausnarketa egiteko. Garciaren arabera, sorkuntzaren inguruan “lanketa handia” egingo dute. “Gazte hauentzat garrantzitsua da baldintzak zaintzea prozesu horretan euren iritziak parteka ditzaten eta beren sentimenduak landu ditzaten”. Hori izango da Garciaren eginbehar nagusia.

Hiru asteburu iraungo du prozesuak —ikus taula—. Bihar izango da lehen saioa, Torrekuan. “Bi asteburutan tailerrak izango dira, Geuz taldean gatazkak konpontzen aritu diren adituekin. Horrez gain, sakelakoarekin enkoadraketak egiten, zein motatako galderak planteatu eta abar ikasiko dute, hirugarren asteburuan kalera ateratzeko”, azaldu du Gomezek. Gainera, ariketa mentalak eta fisikoak egingo dituztela jakinarazi du Garciak. Prozesu hori guztia grabatuko dute, eta dokumentalerako errekurtsoak hartzeko beste hiruzpalau egun solte hartuko dituzte. Alaitz Arenzana arduratuko da gazteek egiten duten guztia filmatzeaz. Dokumental hori herriz herri erakutsi nahi dutela adierazi dute proiektuko kideek.

“Prozesu polita eta berezia izango dela uste dut. Dokumentu hori erreparatzailea izatea nahi dugu”, adierazi du Garciak. Gomezek, berriz, “herrian, herritik eta herrirako” sortua izango dela iritzi dio: “Polita izan daiteke errenteriarrek beste herri batean ematea esperientziaren berri. Hainbat lekutan anima daitezke antzeko esperientziak abiatzera”.

Izena emateko aukera

Garciak azaldu duenez, Don Boscoko hainbat ikaslek parte hartuko dute, “sentsibilitate askotakoek”. Gazte horiek gatazkarekiko “distantzia handiagoa” dute, “nahiz eta badauden batzuk zuzenean jo dituztenak”. Gazteek eurek jakinarazi diote Garciari gaur egun erraztasun handiagoak dituztela “sentsibilitate ezberdinekoekin” lan egiteko. “Beste gaitasun eta baldintza batzuk dituzte. Momentua bera berezia da; pausoak ari gara ematen”. Izena eman nahi dutenek badute oraindik aukera. Mezu bat bidali beharko dute ixi@nikmashup.org helbidera, edo webgunean dagoen eskaera bete ((www.nikmashup.org).

Leave a Reply

Your email address will not be published.