Ikasgela, sukalde bihurtua

Tipulak begietan erre egiten du”, diote ikasleek, begiak igurtziz, tipula eta piper berdeak labanarekin txikitzen ari diren bitartean. Azpeitiko Ikasberri Ikastola Kooperatibako Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak ari dira kozinatzen, ikastetxeko laborategian prestatu duten sukaldean. Asteartetik gaur arte, Sukaldatu izeneko programan ariko dira ikastolako LHko 5. eta 6. mailetako 80 ikasle; asteazken arratsaldean, berriz, guraso talde batek jardun zuen.

Basque Culinary Centerrek, Eroskik eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean sustatutako egitasmoa da Sukaldatu, sukaldaritza osasungarria sustatzeko asmoarekin sortua. Iaz, hamahiru ikastolak, 1.065 ikaslek eta 289 gurasok parte hartu zuten. Aurten, berriz, hamasei ikastolatako kideek jantziko dute mantala. Gipuzkoan, Azpeitiko Ikasberriz gainera, Oiartzungo Haurtzaro, Errenteriako Orereta, Villabonako Zubimusu, Irura-Anoetako ikastola, Oñatiko Txantxiku, Ibarrako Uzturpe eta Andoaingo Aita Larramendi ariko dira.

Gehienez hogei ikasleko taldeekin egiten dute saioa. Aurren-aurrena, 09:00etan elkartu eta prestatu behar duten menurako osagaiak erostera joan dira ikasleak supermerkatura. “Ikasleak osagai gehiago erosteko gogoarekin gelditu dira; nonbait gutxi iruditu zaie”, dio ikastolako irakasleak. Ondoren, osagaiekin ikastolara joan, bertan aurreko mantala jantzi, eta lanerako prest jarri dira; hiru-lau laguneko taldeetan banatuta, euren bazkaria prestatuko dute.

Basque Culinary Centerretik ikastolara etorritako Jokin Zabala eta Iñigo Jauregi sukaldariek gidatuta ari dira lanean. “Pixka bat ikastolako egunerokotasuna hausten dugu saio hauekin, eta jolas moduan kozinatzen ariko gara”, dio Zabalak.

Tipula eta piper berdeak txikitu dituztenean olioa berotzen zeukaten ontzira bota dituzte. Sua pixka bat altxatu, eta patatak zuritzeari ekin diote ikasleek. Zabalak azaldu die nola ebaki behar diren. Bitartean, elikagaien garrantziaz eta elikagai mota bakoitzak dituen propietateez jardun dute hizketan. Izan ere, programaren helburua familiarteko sukaldaritza sustatzearekin batera elikadura osasungarria bultzatzea baita. “Osasunaren alorrean, garrantzi handikoa da osasunari lotutako jarraibideak sartzea eguneko otorduak planifikatzean, baita produktu freskoak erabili eta sukaldaritzari denbora eskaintzea ere”, diote Sukaldatu programaren arduradunek.

Garaikoa eta hemengoa

Arrain salda ere gehitu dute eltzera, eta, segidan, urraburua zatitzeari ekin diote haurrek. Urraburu marmitakoa ari dira prestatzen. “Garai bateko arrantzaleek garaiko arrainarekin eta barazkiekin prestatzen zuten marmitakoa”, azaldu die Zabalak. Garaian garaiko eta hemengo produktuak kozinatzea ere bada programaren asmoa, “sukaldaritzaren aberastasuna hori baita”, dio sukaldariak.

Honako hauek dira Ikasberriko ikasleek prestatu beharreko platerak: barrengorri gisatuak arrautza lorearekin, urraburu marmitakoa eta fruta mazedonia jogurtarekin. Ondoren, eurek prestatutakoa bazkalduko dute ikastolan bertan. Arrainarekin badute nahiko kezka neska-mutilek: “Hezur asko ditu; arraina moztean asko antzematen da hori eskuetan”.

Gustura ari dira saltsan, labanarekin bat eta bestea moztu, koilararekin eltzekoari eragin, noizik eta behin prestatzen ari direna dastatu, eta gatz gehixeago bota. “Ikusten da aurreneko aldiz ari direla su gainean kozinatzen; aurreneko kontaktua dute sukaldaritzarekin, eta jolasean bezala ari dira. Hasiera-hasieratik, garbitasunaren garrantzia azpimarratu diegu, eta horrekin batera, gainera, elkarlana eta lan banaketa lantzen ari dira eurak konturatu ere egin gabe”.

Urraburu marmitakorako barazkiak egosten ari diren bitartean, barrengorriak prestatzen hasi dira. Gosea piztu zaie, eta aurrean zatitzeko duten urdaiazpikoari kolpeka ere hasi dira. Gustura dabiltza eltze artean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.