Urteurren oparia Barandiarani

Batera eta bestera mugitzeko Saran (Lapurdi) erabiltzen zuen bizikleta esku artean, haren bizitzako garai esanguratsuetan barrena egin zuten bidaia. Umetako zalgurdia, Norteko trena, Vespa, Lambretta edo ziklomotorra… Txapel eta sotanarekin Gasteizko seminarioan ibiltzen zen garairaino joan, eta haren apaiz ibilbideari egin zioten gainbegiratua. Musikaren bidez, ahots grabazioekin… emanaldi berezia prestatu zuen Jon Aizpurua kazetari ataundarrak Joxemiel Barandiaranen inguruan.

102 urte egiteko zorian zela hil zen Joxemiel Barandiaran, 1991ko abenduaren 21ean. Urteak adina lan egin zuen ataundar antropologo eta etnografoak, eta ezaguna da haren izena Euskal Herrian. Ikerketa sakonak egin zituen, euskaldunon ezaugarriak aztertu, bildu eta ezagutarazten. Euskal kultura ahatz ez zedin oinarriak finkatzen zeresan handia izan zuen Barandiaranek. Jaio zeneko 125. urtemuga aitzakia hartuta, haren bizitza eta lana zabaltzeko egitaraua prestatu dute Ataungo Barandiaran museoan.

Hamaika objektu, hamaika kontu emanaldi berezia izan zen egitarau horretako lehen saioa. Giro goxoan elkartu ziren Barandiaran museoko ganbaran dozenaka lagun. Barandiaranen prismatikoek, labanak nahiz arbelak kontu eta istorio ugaritarako bidea ireki zuten. Han erakutsi zuen Aizpuruak XX. mende hasierako argazki kamera bat ere. Irratia modu sinplean muntatzen ere asmatu zuen Barandiaranek, eta buruko min bat edo beste eman zion asmakuntzak.

Barandiaranen bizitza alderdirik pertsonalenetik ezagutzeko, hamarkadetan zehar bere lanean erabilitako objektuak hartu zituen abiapuntu Jon Aizpuruak. Igandetik aurrera ikusgai egongo da museoan objektu horiez osatutako erakusketa.

Ahatz ez dadin

Aita Barandiaranen lana eta figura zabaltzeko asmoz lan egiten dute urte osoan Ataungo Barandiaran museoan. Tailerrak, arkeologia irteerak eta mitologia oinarri duten antzerki eta ipuin kontaketen saioen bidez. Nahiz eta Barandiaranen izenak oihartzuna duen, hark egindako lana horren ezaguna ez ote den susmoa dute Ataunen Barandiaran museoan.

Etnologia, mitologia, historia, historiaurrea, arkeologia. Ikerkuntza adar asko ukitu zituen Barandiaranek. Euskal Herriko arkeologo eta etnografo garrantzitsuenetako bat izan zen, baita hemendik at ere. Ainhoa Diez de Salazar Barandiaran museoko langilearen arabera, Barandiaranen irudi “gertukoagoa” eskaini nahi izan dute antolatu dituzten ekintzen eta ekitaldien bidez. “Oso garrantzitsua izan zen Barandiaranek egin zuen lana. Ezin zituen galtzen utzi ia ahaztear zeuden ohitura eta herri ezagutzak, eta etengabeko bilketa lana egin zuen. Orain guri dagokigu horri guztiari garrantzia eta balioa ematea”, dio Diez de Salazarrek.

Iritzi berekoa da Aizpurua ere: “Aspaldiko pertsonaia da Barandiaran; hil zela ia 23 urte dira, eta ahazten ari zaigu. Urtemuga honek aukera polita emango du haren bizitza eta lanaren gaineko ekitaldiak egin eta haren figura berritzeko”.

Mitologia kontakizunak

Lan sakona egin zuen Joxemiel Barandiaranek Euskal Herriko kondaira eta istorio zaharrak biltzen. Urtemugako ekitaldien artean, etxeko txikientzako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, mitologia oinarri hartuta. Hala, igande honetan, azaroaren 30ean, Euskal Herriko mito eta ipuin zaharrak ipuin kontaketaren saioa egingo dute. Ipuin, mito eta kondairak antzeztuko ditu Marimunduko Ataungo sorginak ume zein familia giroan gozatzeko. Tartalo eta Maruren istorioak hartuko ditu ahotan, beste hainbat kontakizunez gain. San Martin Txikik garipilari jauzi eginez Tartalori ilea hartu zionekoa ere antzeztuko dute.

Abenduaren 14an, bestalde, Jentilak Aralarren ibilaldi magikoa egingo dute. Jentilak, lamiak, sorginak… pertsonaia ugari ezagutzeko aukera izango da ibilaldian. Neguko solstizioaren aurreko egunetan, Olentzerok ere parte hartuko du ekitaldian. Urteroko legea bihurtu den ibilaldi berezi hori berrikuntza ugarirekin dator aurten. Diez de Salazarrek aurreratutakoaren arabera, “Barandiaranek hain ondo ezagutzen zituen basoetatik zehar” ibiliko dira pertsonaia zein izaki mitologiko artean. Izena eman beharko da aurrez.

Jentilbaratza kultur elkarteko kideekin elkarlanean antolatu dituzte ekitaldi horiek. Ataunen sortu zen Jentilbaratza elkartea, 1992an, Barandiarani esker jasota gelditu diren Ataungo nahiz Euskal Herriko mitologiaren inguruko garai bateko sinesmen, ipuin zahar eta kondairak helarazteko eta arbasoen ohitura zaharrak ez galtzeko zubi lana egiteko helburuarekin.

Ataundarraren izaera eta lana hobeto ulertu eta Ataundik Euskal Herrira zabaltzeko ahaleginean hondar aletxoa jarri nahi izan dute, Barandiarani “merezitako oparia” egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.