“Zirkua ihesbide bat izan daiteke; niretzat terapia da”

Ezin du edonork bost pilotarekin malabarismorik egin, ezta monozikloa trebe maneiatu ere, edo akrobaziaren bat egin. Ipotx Zirkolosak, bai (Sara, 1978). 18 urte zituela, zirku munduan murgildu zen, eta geroago Baionako zirku eskolan hasi zen ikasten. Urtetan ibili da handik hona, Euskal Herriko malabaristekin elkartuz, zirku topaketetan parte hartuz. Duela bi urte, Sara utzi, eta Tolosara etorri zen bere ezagutzak zabaltzera. Egun, Txapi Txapo ikuskizunarekin dabil, eta tarteka zirkurako hastapen klaseak ere ematen ditu. Baina bere ametsa harago doa: zirku eskola bat ezarri nahi du eskualdean, Tolosan bertan.

Ez da egunero entzuten zirku eskola bat irekitzeko asmoaz. Nolatan burutazioa?

Iparraldean aspalditik hasi ginen zirku trebakuntzarekin; iparraldean irekiagoak gara zentzu horretan. Alde batetik, hemen hutsune bat ikusten genuen, hau da, oraindik ez da zirkua asko ezagutu hegoaldean; Bilbon eta Gasteizen, adibidez, gehixeago ezagutzen da, baina Tolosaldean apenas ezagutzen dugu. Egon badaude zirku klaseak eskaintzen dituztenak, baina gazteleraz dira. Oro har, ez dago horrelako trebakuntzarik eskaintzen duenik… Hortik dator ideia.

Zirku artista izaten ere ikasi egin daiteke beraz.

Bai, ikas daiteke. Niretzat zirkuak gauza on asko ditu; horietako bat da ez duzula irabazten eta ez duzula galtzen. Zirkuan aritzeko hainbeste bide daude, denek topa dezakete gustuko zerbait; oso irekia da.

Horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko, trebea izango zara zirku ariketak egiten. Zein da zure espezialitatea?

Eskujokoak eta monozikloa —gurpil bakarreko bizikleta—. Baina askotan esaten dut zirkuan guztiontzako lekua dagoela. Adibidez, akrobazietan giza piramide bat egin nahi badut, klase guztia behar dut; norbait azkarra behar dut oinarrian, norbait mehea eta ttipia goian. Azken batean, zirkuan denok dugu gure tokia, eta hori oso garrantzitsua da. Fisikoki ere mota guztietako pertsonek dute lekua. Ez duzu zertan gorpuzkera jakin bat izan honetan aritzeko. Badut lagun bat, esaterako, kontorsioa egiten duena; ez da bereziki argala, eta beste edozeinek bezain ondo egiten du, edo agian hobeto.

Zer ikasiko du zuen eskolara jotzen duenak?

Ikasgai aldetik, denetarik probatzea da asmoa; izan ere, zer da zirkua? Teknika bat hartu eta beste batekin nahastu, probatzea da kontua. Gero eta gehiago probatu behar da; adibidez, dantza bat eta antzerki bat nahas daitezke. Eskola bera taldeka antolatu nahi dugu, 4 urtetik gorako umeetatik hasita. Taldeak 10-12 kidekoak izango lirateke, ezin baita 30 laguni batera klaserik eman. Eskolak urte osoan emateko asmoa genuke. Gainera, eskola Tolosan egin nahi dugu. Pentsatzen dut leku fisikoak badirela, baina oraindik ez dut topatu hori ixteko modua. Orain ari naiz harremanak egiten, baina oraindik ez dugu prozesua hasi.

Zer ezaugarri ditu gaur egungo zirkuak?

Bi zirku klase ditugu gaur egun. Horietako bat da animaliekin egiten duten zirkua. Ni horren kontra nago. Gainera, duela hilabete inguru Santanderko herri batean debekatu egin dituzte animaliekin diharduten zirkuak. Umeei askotan galdetzen diet: zer da zirkua? Eta beti lotzen dute animaliekin. Baina gero eta jende gehiago ohartzen da animalien egoera horretaz, eta espero dugu hemendik gutxira desagertzea. Eta beste zirku klasea da zirku berria. Nahasketa moduko bat da, antzerkia, dantza, musika… Arte mota guztiei irekia dago. Niri hori gustatzen zait, material desberdinak erabiltzea, espero ez duzun zerbaitekin mila gauza egin ditzakezulako; agian zerbait magikoa ateratzen da.

Eskujoko asko egin behar dira zirku eskola martxan jartzeko?

Ni jadanik nazkatu naiz paper kontuekin. Gogaikarria da zure ideia hori paperean jartzea; oso zaila da niretzat. Enpresak tarteko zailtasunak topatzen dira, eta zenbait oztopo topatu ditut. Askotan, gainera, kultur ekimenak antolatzerakoan badituzte ekintza finkoak, eta urtero errepikatu egiten dituzte.

Kanpotik etorrita, hori etsigarria da. Hala ere, nire asmoa, orain, proiektu hau ezagutaraztea da, eta pixkanaka aurrera egitea. Ea jendea honi buruz hitz egiten hasten den. Gainera, batzuek jada ezagutzen naute, kalean praktikatu izan baitut, Zerkausi inguruan. Publizitate onena ahoz ahokoa da. Bi urte daramatzat hemen, eta orain hasi naiz jendea ezagutzen; prozesua luzea izango da.

Zertarako izan daiteke baliagarria zirku mundura hurbiltzea?

Zirkua ez da kaleko gauza bat bakarrik; alderdi askotara eraman zaitzake. Zirkua ihesbide bat izan daiteke; niretzat, adibidez, terapia bat izan zen. Zeure buruan konfiantza izaten ikasten duzu. Urritasunen kasuan ere laguntzen du, bere mugan, baina gauza txikiak lortzen laguntzen du, gorputza eta burua lagunduz… Pixkanaka aurrera eginez.

Zer da funtsezkoa zirkuko artista on bat izateko?

Lan asko egitea, urte mordoan aritzea. Konpromiso ugari hartu behar dira, eta norbere buruarengan sinetsi eta norbere ametsarekin jarraitu behar da. Egin, egin eta egin, egunen batean lortuko duzula sinetsiz.

Nazioartera begira, badaude zirku ospetsu eta arrakastatsuak. Euskal Herrian, ordea, zirkua maite al dugu?

Nik baietz uste dut. Tolosan bertan egiten dira zirku inguruko gauzak. Zortea dugu Tolosan, Amarotzen zirku eta antzerki jaialdi bat egiten delako urtero. Eskualdean badago joera horrelako ekimenetarako. Batzuk etorri zaizkit esatera haurra apuntatuko luketela zirkuko ariketak egitera, baina ez daukagu oraindik lekurik.

Jendeak, oro har, zer-nolako aurreiritziak ditu zirkuarekiko? Inoiz zure lanbidea defenditu beharra izan duzu?

Nik uste dut jendeak begi onez ikusten duela zirkua; jendeak interesa agertzen du. Hala ere, batzuei kosta egiten zaie mundu honetatik bizi daitekeenik sinestea. Izan ere, oso zaila da, baina posible da. Nire kasuan, agian egia da beste batzuk baino gehiago zaindu behar izaten dudala, baina badakit enpresa batean lan egingo banu “zer egiten dut hemen?” galdetuko niokeela neure buruari. Nire lekua zirkua da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.