Boluntarioen Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur mundu osoan, eta aitzakia horrekin, Sareginez plataformak boluntario izatearen garrantzia azpimarratuko du beste behin —Gipuzkoako hainbat elkartek osatzen dute—. Horretarako, harlauzaz osaturiko mosaiko erraldoi bat osatuko dute, eta harlauza bakoitzean esperientziak, leloak, marrazkiak eta burutazioak islatuko dituzte. Ekitaldia Donostiako Gipuzkoa plazan egingo dute, eguerdi aldera, Boluntariotza, esperientzien mosaikoa lelopean.
Elkarteetako kideez gainera, herritarrak ere gonbidatu dituzte mosaiko erraldoiaren osaketan parte hartzera. “Elkarteen gizarteratzea eta herritarren parte hartzea sustatzea da gure egitasmoaren funtsa”, adierazi du plataformak, ohar batean.
Horrez gainera, hainbat helburu ditu gaurko ekitaldiak: boluntarioek orain arte egindako lana eskertzea, boluntarioen artean dagoen aniztasuna gizarteari helaraztea, boluntariotzaren helburuak eta egitekoak bistaratzea eta horren guztiaren inguruan hausnarketa sustatzea.
Izan ere, Sareginez elkarteko arduradunen esanetan, boluntarioek bultzatzen dituzten balioak ezinbestekoak dira gaur egun: “Gizarte baldintzak alde batera utzita, hazkunde ekonomiko eta norberaren etekinari garrantzi osoa ematen dion sistema baten aurrean, boluntarioek doakotasuna, gehiengoaren ongizatea eta halako balioak bultzatzen dituzte. Horrez gainera, norberak gizartean duen ardura beren gain hartu eta guztiontzat justuagoa izango den mundu baten eraikuntzan, ezinbesteko garrantzia dute boluntarioek”.
Hamaika elkarte
Irabazi asmorik gabeko hainbat talde biltzen ditu Sareginez plataformak, zenbait esparrutan gizarte lanak egiten dituen elkarteak: “Sareginez-en xede nagusia gizartean boluntariotza sustatzea da, horri balioa ematea eta boluntario izatea bultzatzen duten elkarteak babestea”.
Fundazio eta elkarte hauxek dira plataforma osatzen dutenak: Afagi, Agaeb, Agipad, Agipase, Alboan, Atzegi, Gurutze Gorria, Gipuzkoako Caritas, Gipuzkoako DYA, Mugarik Gabeko Ekonomialariak, Ekintza-Dasalud, Eraldatzen, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Gaztetxo, Haurralde Fundazioa, Hezkide Eskola, InteRed, Jatorkin, Kaebnai Europe, Nagusilan, Rais Euskadi eta Surfrider.
Leave a Reply