Hiru urte bete dira Enrique Villarreal Drogas musikariak ibilbide berriari ekin zionetik. Ia 30 urtez Barricada talde mitikoaren abeslari eta baxu jotzaile izan ostean, Txarrena proiektuari heldu zion berriz ere 2011n, eta Azulejo frío diskoa kaleratu. Txarrena taldeak 1992an aurkeztu zuen aurreneko lana, baina kontzertu gutxi eman zituzten, proiektu hura Barricadarekin batera uztartu behar izan zuelako Drogasek.
Behin Barricada eta Txantreako musikariaren bideak bananduta, Txarrena gorpuztuz joan da. Bigarren bidaia honetan, gainera, taldekide berriak ditu Barricadako abeslari ohiak: Brigi Duque, Komako abeslaria izandakoa orain bateria jolea da. Txus Maravik eta Eugenio Flako dira Drogasen talde berria osatzen duten musikariak.
Gainbegiratua ibilbideari
Orain bi urte, baina, Txarrena taldeak orotara lau disko kaleratu ostean —bat zuzenekoa—, taldeak El Drogas izena hartu zuen. Te cantamos las 40 birarekin eman zituzten estreinako kontzertuak, eta Drogas abeslariak bere ibilbide luzean Barricada, Txarrena eta La Venganza de la Abuela taldeetan abestutako hainbat abesti berreskuratu zituzten.
Gaur, Demasiado tonto en la corteza disko hirukoitza aurkeztuko du taldeak, Donostiako Doka kafe antzokian. Bertan biltzen direnek, taldearen azken diskoetako abestiak entzuteaz gain, Barricadak 30 urtetan ereserki egin dituen abestiez gozatzeko aukera izango dute, Animal caliente, La silla eléctrica, No sé qué hacer contigo eta En blanco y negro abestiez, esaterako.
Gaur, 20:00etan, Doka kafe antzokian (Donostia).
Leave a Reply