Urtea amaitzera goazen honetan, kometa batean lehen aldiz lur hartu eta Martera begira ipini garen garaian, herrialde askotan eboluzioaren teoria dudan ipintzen da ikastetxeetan. Zuetako askori eboluzioaren teoriak eta Darwintarreneko Karloxek zioena agian ez zaizue garrantzitsua iruditzen, baina geu bezalako biologo xumeentzat, Darwin handiak ipini zituen oinarriak ezinbestekoak izan dira geure ikasketak ulertzeko.
Darwinek azken finean ez zuen berebiziko teoriatzarra atera, Darwin sinplea izan zen bizidunen eboluzioa azaltzen. Darwinek zioen espezie baten barruan ale bakoitza besteekiko ezberdina zela. Bestetik, zioen ingurua aldakorra zela eta aldaketa horien aurrean ale bakoitzak, besteekiko ezberdina izaki, erantzun ezberdina ematen ziola aldaketa horri, eta erantzun horrek ale hori ingurune berrira hobekiago egokitzen bazuen ale horrek ugaltzeko aukera gehiago izango zituela, baina, bestetik, erantzun hori ezegokia bazen ez zela ugalduko edo hil egingo zela. Urrengo belaunaldiak ale arrakastatsuen kumeez osatuko ziren eta, noski, beren gurasoen antza zeukatenez, beren aita-amei inguru berrian aurrera joateko ezaugarri berak edukiko zituzten, denboran zehar ezaugarri horiek gehiago garatuz eta nabarmenagoak izanez.
Modu horretara azaldu zuen Galapago irletako txori espezie ezberdinen moko mota ezberdinen sorrera, eta gaur egun honela azaltzen dugu nola balea bat, lau hankako ugaztun batetik abiatuz, uretara egokitutako ugaztun bihurtu zen.
Teoria horren alde mila eta bat froga dauden arren, XXI. mende honetan, bada sasi-zientzialari eta bibliazale ugari, zeinak infernu, zeru eta arimez arduratu ordez, muturrak ez dagozkien lekuan sartzen eta frogatu ezin diren beren teoriak ikastetxeetako ikasketa planetan txertatzen dituzten, agintari batzuei zeruan etxe adosatu bat eskainiz. Froga ezin daitezkeen teoria asmatuak ikasketa planetako ikasgai bihurtuz. Horra fedearen magia!
Gizaseme horientzat berdin dio erregistro fosilak zer dioen, berdin dio genetikak azkenaldiotan zer argitaratu duen, horien ustetan mundua mundua da, horrelaxe baten batek sortu zuelako.
Eta batenbat hori konkretuki nor den ez dakiten arren, beste batenbatek orain milaka urte idatzitako liburu zahar batean oinarritzen dira. Liburu hori oso fidagarria omen da, nahiz eta historian zehar milaka aldaketa egin zaizkion eta zenbait atal kendu, eta beste batzuk gehitu diren.
Umiltasuna ez da jende horien ezaugarria; izan ere, batenbat horren seme-alabak omen gara, bere itxuran egindakoak, bere kume kutunak, beste animalietatik ezberdinak.
Ez dute onartzen gu eta gutarrak noizbait Afrikako sabanan gosea pasatzen zuten bi hankako hominido sarraskijale koitadu batzuengandik gatozela.
Ez dute onartzen, bestalde, gu, gure planeta eta urruneko izarrak materia berarekin osatuak gaudela, eta materia horren ostean gertatutako prozesuen ondorio garela, azken finean izarren hautsa gara, ez gara unibertsoaren ardatz… oxigenoa hartu eta karbono dioxido ekoizten dugun bizidun soilak gara.
Horrez gainera, berebiziko obsesio patologikoa daukate askok unibertso hau norbaitek sortu zuela esateko. Ez dute onartzen unibertso hau zerbaitek sortu zuela esatea. Prozesua konplexua izateak eta oraindik berau ulertzeko erremintak garatu ez izanak ez du esan nahi unibertsoa goreneko intelijentzia batek sortu zuenik.
Gure planetaren bizidun mota ezberdinen kopurua konplexuegia omen da zori hutsez gertatutako prozesu bat izateko; ezinezkoa omen da putzu zikin batean bizi zen muki itxurako izaki sinple batetik, gaur egun dugun dibertsitatea zori hutsez sortu izana.
Gauza horien guztien gainetik, geuk geureari eutsi diogu, ez baitugu sinisten, nahikoa ditugu frogak eta ikerketak.
Ikerketa horiek, gainera, beste edozeinek berrikus ditzazke, bere akatsak zuzenduz edo atal gehiago gehituz. Hala ere, ikastetxe xume batean plazarik lortu ez duen irakasle xume batek Darwindarreneko Karlox nor zen eta zer esan zuen azaltzen duen heinean, seguru gara.
Fedeak eta fede predikatzaileek zientziari eta ikerketari bere bidea jarraitzen uzten diotenean, orduan etorriko da gure gizartearen garapena.
Leave a Reply