Hizkuntza eskubideen urraketa asko izan dira 2014. urtean. Garbiñe Petriati (Arbizu, 1962) Behatokiko zuzendariaren ustez, horrek frogatzen du administrazioa gizartearen nahien atzetik doala.
Carlos Urkijok salaketa jarri du aldundiaren kontra, bide seinale batzuk euskaraz soilik idazteagatik. Normaltasuna?
Mendeetan zehar euskaldunok gutxiagotze prozesu bortitzak pairatu izan ditugu, eta egun ere pairatzen ditugu. Estatuek ezarritako politika baten ondorio da hori, bertakoa den hizkuntza ordezkatzeko edo alboratzeko.
Eraso horiek ohikoak al dira gaur egun ere?
Bai. Euskaraz bizi nahi eta medikuarekin harremana euskaraz edukitzeko aukerarik ez izatea, euskaraz ikasteko aukerarik ez izatea, eguneroko salerosketak euskaraz egin ezin izatea, noiznahi eta nonahi euskaraz aritzeko aukerarik ez izatea… Horiek guztiak euskaraz bizi nahi dutenen aurkako erasoak dira.
Urtea amaitzear da, eta Behatokiak txostena argitaratzen du urtero, hizkuntza eskubideen egoeraz. 2014a nolakoa izan den aurreratzerik bai?
2014ko gertaerek erakusten dute euskaraz bizitzeko eskubidea ez dagoela bermaturik. Herritarren nahiaren atzetik doazela askotan administrazioak, eta axolagabekeriaz jokatzen dutela sarritan.
Azken hamabi hilabeteotan aztertutako kasuen artean, zeintzuk izan dira hizkuntza eskubideen urratzerik mingarrienak?
Hizkuntza eskubideen urraketa guztiak dira mingarriak. Ez dugu ahaztu behar oinarri-oinarrizko giza eskubideez ari garela. Urraketek bazterketa sentiarazten dute, nahigabea, amorrua… Hala ere, herritarrek hizkuntza eskubidea baliatzeko joera erakusten badute, posible da neurriak hartzea eta urratsak egitea. 2014an, adibidez, Zumaiako osasun etxean ordezko mediku erdalduna aldatu zuten, jendea kexatu ostean.
Euskararen transmisioa bermatua al dago?
Horretan berebiziko garrantzia du hezkuntza sistemak. Ikasleek euskara eta beste hainbat hizkuntza jakingo dituztela bermatu behar da. Baina azterketek erakusten dutenez, egungo ereduek ez dute hori bermatzen. Sistema hori gainditzea eta hizkuntza erabiltzeko espazioak sortzea da etorkizunerako erronka.
Leave a Reply