Euskara, belaunaldiz belaunaldi

Umetako lagunak dira Joxepa Iparragirre eta Miren Iparragirre zubietarrak. Joxepa errebotean jokatzen den plaza ondoko etxean bizi da, eta Miren plazaren beste muturreko paretaren ondoko baserrian jaio zen. Distantzia 100 metrokoa baino ez da, jokalekuaren luzerak markatzen duena. Frontoi berezia da Zubietakoa, Hego Euskal Herrian bakan batzuk baino ez baitira errebotean jokatzeko erabiltzen direnak. “Gaurko gazteek ere oraindik jarraitzen dute praktikatzen. Inguru honetan baino ez da jokatzen”. 80 urte bete dituzte aurten Joxepak eta Mirenek, eta ingurua asko aldatu dela diote. “Alde zaharra ez, hori berdin-berdin dago”. Jokalekutik kale batzuk kanporago eraiki dituzten etxeek egiten dute paisaia ezberdin. Belarriak zorroztuta, ordea, hainbeste aldatu al da auzoa? “Ez. Egungo umeek guk bezala hitz egiten dute, euskaraz”. Zubietan, nagusiek gazteei errebotera jokatzen erakutsi dieten bezala, euskararen haria ere belaunaldiz belaunaldi transmititu da.

Aste honetan Euskararen Nazioarteko Eguna izan da, eta Donostiako Udalak belaunaldi zahar horiek izan ditu gogoan. Euskara, etenik ez duen haria izeneko ekitaldia antolatu zuten joan den larunbatean, eta garairik zailenetan ere euskara ondorengoei transmititu zieten donostiarrak omendu zituzten bertan, tartean Joxepa eta Miren.

“Gaztea zenean semeak inoiz erdaraz egiten zuen etxean, kalean ere gaztelera gehiago entzuten zelako ordu hartan. Beti esaten nion: niri euskaraz hitz egin, erdaraz ez dizut ulertzen eta”. Joxepak kontatu du pasadizoa. “Semeak oraindik ere gogora ekartzen ditu esan nizkion hitz haiek. Nagusitzen joan zenean euskaraz bakarrik hitz egiten hasi zen”.

Umetatik euskaraz egin diote elkarri Joxepak eta Mirenek. Baina beti eskolaz kanpo, mojek erdaraz hitz egitera behartzen zituztelako. Kopeta zimurtuta, “oso zorrotza” zen moja batekin oroitu da Miren. “Zubietakoa zen. Gu baino zaharragoak zirenak oso gogor zigortzen zituzten. Makila batekin jotzen zieten atzamarretan, euskaraz egiteagatik”.

Mirenek gogoan du garai haietan euskaraz hitz egin nahi ez zuen jendea ere bazegoela auzoan bertan. “Bazegoen euskara eraman ezin zuenik. Asko kanpotik etorritakoak ziren”. Pasadizo batekin moztu dio Joxepak: “Lasartera joaten ginenean ‘aquí vienen las caseras’ esaten ziguten mespretxuz”. Iraina hitza darabilte ahoan. Bitartean, beste pasadizo batekin oroitu da berriz ere Joxepa: “Ziziliari entzun nion behin hurrengoa gertatu zitzaiola: autobusera igo, eta txartela eskatzean ‘¿a dónde vas?’ galdetu omen zion txoferrak erdaraz. ‘Lasartea’, erantzun omen zion euskaraz Zizilik. Eta txoferraren erantzuna? ‘Esa a sobra'”.

Zerbitzari eta esnedun

Joxepak ez zuen eskolara joaterik izan. “Zoritxarrez”. 6 urterekin hil zitzaion ama, eta 11 bete zituenean Zarautzera joan zen bizitzera, izebarengana, eskolara eramango zutelakoan. “Baina ezer ez. Umeak zaintzen eman nituen hiru urte, berriz etxera bueltatu arte. Tabernan hasi nintzen lanean 14 urterekin”. Gogoan ditu gaztetan Mirenekin batera Lasartera eta Irubidera egindako joan-etorriak, igandetako erromerian dantza egin eta ilundu aurretik etxera bueltatzen zirenekoak. Denetariko musika jotzen zuten. Euskaraz, zein gazteleraz. “Gure artean ere euskaraz egiten genuen, egia esan gazteleraz ere justu ibiltzen ginelako. Bueno, Mirenek gehiago jakingo zuen, orduan esnea partitzera joaten zelako Donostiara, kar kar”.

Zubieta-Lasarte-Donostia ibilbidea osatzen zuen autobusean egiten zuen bidaia Mirenek. “Xisterak buru gainean eta hamar-hamabi litroko marmitak eskuan hartuta”. Baserriko esnea eramaten zuten saltzera. San Markosera iritsi eta han izaten zuten karreteteroa zain, ontziak Amararaino eramateko. “Bertan izaten nituen hartzaile guztiak. Etxez etxe ibiltzen nintzen esnea partitzen. Hartzaile asko kargu handikoak izaten ziren. Ogasuneko langileak eta. Horiek euskaraz gutxi”, gogoratu da Miren. 14 urterekin hasi zen esnezale. “Orain Donostiara joaten naizenean konturatzen naiz jendeak gehiago egiten duela euskaraz. Orain gutxira arte dendetan sartu eta lehen hitza beti ateratzen zitzaidan gazteleraz, baina orain beti euskaraz. Eta gehienek euskaraz erantzuten dizute”.

14 urterekin hasi zen Joxepa ere lehenengo tragoak zerbitzatzen Postretxe tabernako bezeroei. “Giro ederra izaten genuen tabernan. Gaupasa asko egiten zituzten hemen, batez ere larunbatetan. Jokoan ibiltzen ziren, kartetan. Eta beste asko, kantuan. Ze kanta!”. Kanta haietako asko Ipar Euskal Herritik etorritako errebotezaleen ahotik abesten ziren. “Guztiak euskaraz!”. Elkar ondo ulertzen zutela dio Joxepak, Ipar Euskal Herritik larunbatero etortzen baitziren herriko plazara partidak ikustera. “Aurreko larunbatean ere hemen izan ziren”.

Saiatu arren, Joxepa ez da gai abesti haiek gogoratzeko. “Gaur egun ez dira entzuten abesti horiek; lehengo garaikoak dira. Umetan etxera iristen nintzenean nire logelan sartzen nintzen lanak egitera, eta arratsalde osoa pasatzen nuen abesten. Esaten zidaten baxuago kantatzeko, bestela ondoko tabernatik entzungo zidatela eta, kar, kar. Beste garai batzuk ziren; denbora gehiago pasatzen genuen familia artean”.

Mirenek eta Joxepak faltan sumatzen dituzte garai batean etxeko mahaiaren ondoan senide artean hizketan emandako orduak. “Erru handia du telebistak. Iloba gaztea etxera etorri, eta amonari gauzak kontatu ordez, telebistaren agintea hartu eta badaki ze kate jarri behar duen. Orain solasaldi gutxiago egiten ditugu mahaiaren inguruan. Eskolatik atera eta umeak plazara joaten dira jostatzera. Gure garaian pentsa ezina zen. Etxera etortzen ginen askaria hartzera”.

Belaunaldi batetik besterako transmisioan, kantuak bezala, euskarazko hitz asko galduz joan dira. Joxepari, esaterako, senarrari askotan entzundako hitz bat etorri zaio burura: malatxa. “Asko erabiltzen zuen malatxa hitza, bitsadera edo espumadera esateko. Gogoratzen dut gure semeak lehen aldiz entzun zuenean asko harritu zela. Ez dut uste egungo gazteek hitz hori erabiliko dutenik”. Hala ere, garrantzitsuena eguneroko bizitza euskaraz egitea dela diote. “Nahi duguna da gure ilobek euskaraz egitea, eta haiek ere beren seme-alabei euskaraz irakastea”.

‘Ahotsak’ proiektua

Mirenen eta Joxeparen antzeko hamaika pasadizo ditu bilduak Ahotsak-ek bere atarian. Izan ere, egitasmoaren helburua Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da. Horretarako, adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzen dituzte webgunean, herritarren artean ezagutarazteko. Guztira, 285 herritako 51.000 pasarte baino gehiago daude grabatuta, horietatik 24.800 bideoz. Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.

“Giltza transmisioa da. Lehen, sutondoan kontatzen ziren istorioen bidez egiten zen. Orain, Internet tresna garrantzitsua da hori egiteko”, dio Idoia Etxebarriak, Ahotsak proiektuko kideak.

Proiektua Badihardugu Euskara Elkarteak sortu zuen, Deba ibarreko euskaltzaleak biltzen dituen elkarteak. Geroztik, hainbat udalekin sinatutako hitzarmenei esker lan egin du atariak, eta herrietan lehendik zeuden grabazioak berreskuratu eta katalogatzeko aukera izan dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.