Gabonak jantzi dira

Gabonak ate-joka dira, eta baserritarren jantziak egiteko, erosteko edo moldatzeko garaia da askorentzat. Jostunak eta dendak jarduera bete-betean ari dira, urteko garairik lantsuenetakoa dutelako abendua: hasi San Andres inguruko azoketatik, eta San Tomasekin jarraituta Gabon eguneko kantu eskeetara arte. Santa Ageda inguruan bukatuko da sasoia euskal jantzi tradizionalen esparruan.

Gloria Sukia debarra izan da baserritar jantzien bilakaeraren eragile eta egileetako bat. Gaur egun erretiratuta dago, 72 urterekin, baina zaletasunari eusten dio: “Bi oihal ikusi orduko zoratu egiten naiz; zer egin daitekeen pentsatzen hasten naiz. Denbora librean aritzen naiz orain; zaletasuna dut”.

Izan ere, azkeneko hiru-lau hamarkadetan asko aldatu da arropa tradizionalen itxura. Sukiak joskintzan lan egin izan du betidanik. “Hasieran, jantzi denak txuri-beltzak ziren. Orain, geroz eta kolore gehiago ikusten da, arropa puska desberdinak eta”.

Artisau eran lan egin duten jostunek bultzada handia eman diote eskaintzari eta aniztasunari. Sukia bera Gabiltza Gipuzkoako artisau elkartearekin azokaz azoka ibilia da: “Urtean 30-33 azoka igual egiten nituen”.

Batean eta bestean ikusitako ereduak izan ditu patroi. Baina baita ikerketa etnologikoak ere. Juan Antonio Urbeltz folklorista iruindarrak berreskuratutako janzkerak, adibidez: “Urbeltz hasi zen ikerketak egiten, ganbaretan-eta lehengo jantziak bilatzen. Kalera irteten hasi zirenean, Zarautzen adibidez, han ikusten nituen nik jantzi desberdinak, politak. Zarautz erakusleiho handia izan da, bai lehen, eta baita orain ere, euskal jaiarekin. Ikusitakoa pixka bat kopiatzen hasi, eta ikertutakoarekin osatu dut”.

Hala, merkatua berezitu egin da, eta jostun bakoitzak bere ukitua eman die beren sorkuntzei, begiratu hutsera antzemateko modukoa, Sukiak dioenez. Moda-joerak ez dira urterik urte aldatzen oraindik, baina garai bateko uniformetasuna galdu dute baserritar soinekoek, eta aukera zabala dago merkatuan.

Aurrez eginda ala josiak

Jostunek ere lana egiteko modu desberdinak dituzte, ohituren edo bezeriaren arabera. Sukiak, esate baterako, jantziak aurrez eginda edukitzen ditu. “Modelo desberdinak dauzkat, neurri askotan aterata. Denbora libreetan egiten ditut. Urtebetekoen neurritik 42ra arte dauzkat, gehien erabiltzen dena. Jendeak deitzen didanean, etorri eta ikusteko esaten diet. Probatuta beste zentzu bat hartzen dute oihalek. Nik horrela jokatu dut beti”.

Beste hainbat dendatan neurrira egiten dituzte, oihala aukeratu ondoren. Beasaingo Otea dendak, bestetik, ikastaroak ere antolatzen ditu, euskal jantzi tradizionalak josten erakusteko.

Oihaletik jantzia eginda dagoenera ikuspuntua “asko” aldatzen dela ohartarazi du Sukiak. “Jantziak ez dira geratzen oihalean ikusita bezala. Behin arropa josita dagoenean ikusi egiten da nolakoa den. Koloreak uztartzen ditut, adibidez, marrak koadroekin eta loreekin igual. ‘A zer astakeria!’, esaten dute zenbaitzuek. Baina gero, eginda ikusten duenean, polita iruditzen zaio”, azaldu du Sukiak.

Bezero gehienak Goierrin eta Deba Garaian ditu. Webgunearen bidez ere (Gloriasukia.com) geroz eta gehiago iristen zaizkio.

Hain justu, kolorea da gaur egun baserritar jantzien ezaugarri bereizgarriena, bai andrazkoen soinekoetan, bai gizonezkoen praka-txalekoetan. “Koloretsua gustatzen zaio jendeari”. Jostunaren ikuspegia ere aldarazi du horrek: “Orain arte tradizioa galdu gabe ibiltzearen aldekoa izan naiz. Kolorea eman bai, baina lehengo ukitu hori galdu gabe. Baina hain gauza arraroak eskatzen dizkidate… Jende horri ere egin behar zaio”.

Soineko bati gaineko mantoia ertz urrekara distiratu batekin jartzea da, adibidez, “arraroa”. “Niri hori ez zait sartzen. Ez da nire trajeetan inon kokatzen. Baina jende bat badago axola ez zaiona”, iritzi dio Sukiak.

Betiko osagaiak falta gabe

Emakumezkoen soinekoak sortzen gehiago gozatzen du Sukiak, “joko gehiago” ematen dutelako. Koloreak kolore, euskal baserritar jantzi tradizionalak baditu alda ezin litezkeen osagaiak, ordea. Sukiaren aburuz, emakumeen trajeak honako pieza hauek eduki behar ditu, ezinbestean: “Gona bat, buelo askorekin. Hori garrantzitsua da. Nik lau metro oihal ematen dizkiot, batzuei bost ere bai. Gero, txandra eder bat, gorputzera doitua. Zabalak ez zaizkit gustatzen; gorputzean ondo egokituta gera dadila. Mauka-muturretan ere 18 bat zentimetro-edo tolesturak egiten dizkiot; estu geratzen da. Eta besoan gora puztuagoa. Horiek dira nire berezitasunak”.

Lepoan zapi bat behar du trajeak, eta buruan beste bat. “Hori da errematea. Buruan zapia jantzi behar da. Ez dute nahi izaten askok, baina ari dira ohitzen. Buruan, zapia. Mutilek txapela erabiltzea bezala da. Bestela, ematen du ez dagoela osatuta”, ebatzi du.

Gizonezkoen kasuan, berriz, blusa ilunak “oso elegante” geratzen dira. Lauburuarekin hornitzen ditu batzuk Sukiak. “Berez ez da horrela, baina jendeak berezitasunak nahi izaten ditu”.

Prakei eusteko, gerrikoa. Txalekoa aukeran ipini ohi du Sukiak. “Batzuek txalekoa eta blusa, biak eramaten dituzte. Dantzariek, adibidez. Eta txapela buruan, eta ibili munduan”.

Oinetan zer jantzi, berriz, ez du zalantzarik: larruzko abarkak. “Nire anaiak egiten ditu eta!”, dio barre artean.

Euskal jantzi tradizionalen aukerak, hala ere, ezin konta ahalakoak dira. Jatorria gogoratu du Sukiak: “Trajeak, berez, eguneroko jantziak ziren lehenago. Orduan ere, orain bezala, ahal zuenak ahal zuen ondoen eta dotoreen jantzi nahi izango zuen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.