“Naturari bizkarra emanda bizi gara, inguruan dugunarekin gozatu gabe”

Urmaela leheneratu du Aranzadi zientzia elkarteak Lezon, anfibioen egoera hobetu eta populazioa zein espezieak ugaritzeko asmoz. Txikiak izanagatik, putzu horiek izugarrizko garrantzia dute hainbat espeziek bizirik irauteko: hori argi du Ion Garaik, Aranzadiko Herpetologia Saileko ikerlariak, eta haiek babesteko deia egin du. Anfibioen onurarako, baina baita herritarren hobe beharrez ere.

Bigarren urmaela leheneratu duzue Lezon. Zer esan nahi du horrek anfibioentzat?

Anfibioen egoerak hobera egitea da helburua. Lezok nahiko substratu porotsua dauka mendialdeko lurretan, eta zaila da bertan putzuak sortzea. Urmael gutxi dituzte anfibioek, eta horietako bat leheneratu dugu, bertan bizi diren anfibioentzat, nahiz eta oraingoz asko ere ez diren.

Azaldu duzu gutxi direla inbentarioan azaltzen direnak. Zenbat dira guztira?

Hiruzpalau aurkitu ditugu. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban hamabost espezie daude. Uhandre bat eta hiru anuro edo isatsik gabeko anfibio espezie topatu ditugu Lezon.

Anfibioentzat onurak ditu urmaelak, baita beste animalia espezieentzat ere. Eta herritarrentzat?

Hain zuzen, hori da bigarren helburu nagusia. Gaur egun naturari bizkar emanda bizi gara; jende askok ez du inguruan duenarekin gozatzen. Halako eremuak herriguneetatik gertu sortzea aukera izan daiteke jendeak halako eremuak bisitatu eta baloratu ditzan. Geroz eta jende gehiagok naturarekiko errespetuzko kontzientzia hartzea nahi dugu.

Jendeak errespetatzen al ditu herri guneetatik gertu sortzen diren putzu horiek?

Putzua herrigunera asko hurbiltzen baduzu, ez errespetatzeko arriskua dago; urruntzen baduzu, berriz, jendeak ez du bisitatuko. Urmaelak errespetatzea ezinbestekoa da; horretarako hesitu dugu putzua, ez dugulako nahi txakurrak sartzea. Gehien kezkatzen gaituena urmaelean beste espezie batzuk sartzea da. Dortokak eta arrainak sartzea debekatuta dagoela dioen kartela jarri dugu, espezie talde horiek baitira gehien erosten direnak eta jendeak abandonatzen dituenak.

Gipuzkoan zein da urmaelen egoera?

Hezeguneen kontserbazioa eta zentzuzko erabilpena sustatzeko, 1971ko otsailaren 2an Ramsarko hitzarmena sinatu zen. Hezeguneak babesten ditu, baina tamaina oso handikoak: Urdaibai, Txingudi… Tamaina txikiko hezeguneak ez ditu babesten, ordea. Garrantzitsua da, beraz, halako hezegune txikiak ere babestea, batzuetan espezie batzuentzako ez direlako egokiak urmael handiak. Errepide ondoan dagoen putzu txiki bati ez diogu agian garrantzirik ematen, baina espezie batzuentzat oso garrantzitsua izan daiteke. Otsailaren 2an ospatzen da Hezeguneen Nazioarteko Eguna, eta, horren harira, mikrohezeguneak babesteko deia egiten dugu urtero. Hala ere, azken hamarkadan putzuak leheneratzeko eta hezeguneak sortzeko joera ugaritu egin da.

Hori positiboa da, ezta?

Bai, hala da, baina sortu edo berreskuratzean oso garrantzitsua da jakitea zeinentzat egiten diren. Ez baita gauza bera ur gutxi behar duen espeziearentzat putzua egitea edo asko behar duenarentzat.

Eta anfibioen egoera zein da herrialdean?

Gipuzkoako errealitatea Europan dauden espezieek dutenaren parekoa da. Ornodun talde mehatxatuena da anfibioena: hiru espezietik bat arriskuan baitago. Egoera kezkagarria da, oro har. Hobera beharrean, okerrera egiten ari gara, eta horren erakusgarri da azken katalogoan bi espezieri babes maila igo zaiela.

Eta hobetzeko zer egin daiteke?

Espezieei dagokienez, lan zaila da, oso banatuta daudelako, eremu zabalak hartzen dituztelako. EAErako kudeaketa plan integral bat egin beharko litzateke. Alpeetako uhandreak banaketa puntuala du, adibidez, baina Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian bizi da. Errazagoa da agian banaketa mugatuago daukaten espeziak kudeatzea, baina betiko arazoak sortzen idira: ekintzak aurrera eramateko zailtasunak, jabego pribatu askorekin arazoa… Apo lasterkaria da gehien jarraitu dudan espeziea. Galzorian dago, baita igeldoko igeltxoa eta uhandre alpetarra ere. Hainbat putzu berri sortu zaizkio apo lasterkariari Bidasoa eskualdean, hainbat teknika erabiliz, eta oso ongi dago. Putzuak egitearekin ez da nahikoa, ordea; anfibioak ugaltzera uretara joaten dira, ur guneak baliatzen dituzte, baina udaberrian putzuetatik kanpo bizi behar dira, eta habitat lurtarra babestea eta ongi kudeatzea oso garrantzitsua da. Hori egiteko, ordea, arazoak izaten dira, lur eremu asko pribatuak direlako, eta ez da lan erraza izaten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.