Hau ez da euskararen kontrako erabaki bat. Alderantziz, euskararen mesedetan egiten dugu”. Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituztenek era horretan justifikatu ohi dituzte euren erasoak. Horixe esan zuen, adibidez, Angel Acebes Espainiako Barne ministro ohiak 2003ko otsailaren 20an, Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuen egun berean.
Iragan astean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria izan zen argumentua errepikatu zuena —ia hitzez hitz—, Gipuzkoako Foru Aldundiak euskara hutsean idatzitako bide seinale batzuk kendu ditzan exijitzeko: “Kontua ez da euskara ez erabiltzea, baina gaztelerarekin ezin da ezikusiarena egin, eta gutxiago legedia ez betez”.
Urkijok auzitara jo du aldundiaren kontra, Euskal Herria marka daramaten bide seinale horiek legea urratzen ei dutelako. “Bide seinaleak zerbitzu bat dira, intereseko leku batzuk aipatzen dira, eta, beraz, gutxienez gazteleraz egon behar dute idatzita”, nabarmendu du Espainiako Gobernuko ordezkariak; oharkabean, ustez ofizialak diren bi hizkuntzen arteko desoreka agerian utziz. Bata, beharrezkoa; bestea, hautazkoa soilik.
Izan ere, euskararen eta euskaldunen aurkako mespretxua kontu zaharra da, baina horrek ez du esan nahi gaindituta dagoenik. Ezta hurrik eman ere. “Erasoen katea ez da eten”, dio Dabid Anaut euskal filologoak. “Ziburuko ikastolako ikasleak zein baldintzatan dauden ikusi besterik ez dago, errealitate horretaz ohartzeko. Hizkuntza eskubideen urraketak etengabeak dira, eta bilatzeko interesa duenak egunero topatuko du adibideren bat edo beste”.
Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria izeneko liburua argitaratu zuen Anautek iaz, Euskal Memoria fundazioaren eskutik. Bertan, testuak, agiri ofizialak, legeak eta testigantza zuzenak bildu zituen filologoak, euskararen kontrako oldarraldiaren erretratu zehatza egiteko. “Kasu asko ikertu nituen. Eraso horietako batzuk oso agerikoak ziren: euskaraz egiten zutenen kontrako jipoiak, debekuak, isunak… Baina ezinegon handiena sortzen didatenak beste batzuk dira, hain argiak ez direnak: mespretxuak, umiliazioak, burlak… Min handia ematen dute horrelakoek, eta euskaldun askok nozitu behar izan dituzte, erdaraz ondo ez moldatzeagatik. Gutxiagotasun konplexua eragin diete euskaldun askori, eta horrek euren ama hizkuntza alboratzera eraman ditu”.
Hizkuntza eskubideen urraketa horiek “estrategia uniformizatzaile” baten barruan kokatzen ditu Anautek, eta Madril zein Paris jo ditu horren erantzule nagusi. “Eraso planifikatua, kontzientea eta sistematikoa, gehienbat, Espainia eta Frantzia auzo estatuek ezarri dituzten egituretatik etorri da, borondate politiko, militar eta kultural bat dagoelako hor atzean”. Hala ere, adituaren ustez, hizkuntzaren zapalkuntza ez da beti kanpotik etorri: “Botere lokalek ere parte hartu izan dute inoiz, eta, zoritxarrez, herritarrak ere ailegatu dira zapalkuntza eta gutxiespen prozesu horretan laguntzera”.
Probintzia traidoreak
Euskararen kontrako jazarpenaren historian, pasarte beltzenetako bat 36ko gerraren ondorengoa izan zen, eta Gipuzkoak pairatu zituen erasorik bortitzenak. “Frankismoaren lehendabiziko urte horietan, Gipuzkoa eta Bizkaia probintzia traidoreak ziren, eta euskararen kontrako erakustaldirik zakarrena lurralde horietan egin zuen diktadurak. Adibidez, Donostian, guardiak jarri zituzten kalean, euskaraz hitz egiten zuten herritarrak identifikatzeko, isunak jartzeko, atxilotzeko… Emakume euskaldunei ilea mozten zieten, edo errizino olioa irentsarazi”, gogoratu du Anautek.
2014an, jakina, egoera oso bestelakoa da, baina hizkuntzarekiko mespretxuak eta gutxiespenak bere horretan dirautela uste du euskal filologoak: “Formak dezente aldatu dira azken hamarkadetan, baina horrek ez du esan nahi erasoak eten direnik”.
Hain zuzen, euskarak eta euskal hiztunek gaur egun jasaten dituzten erasoak zerrendatzeaz arduratzen da Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Urtero-urtero txostena egiten du jasotzen dituen kexa ugariekin, eta administrazio, enpresa eta elkarteei helarazten dizkie erreklamazio horiek. 2013ko txostenean —argitaratu den azkena—, kritika gogorrak egiten zaizkie Espainiako Gobernuaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren menpe dauden hainbat erakunde publikori. Osasun zerbitzuei lotutako kexak dira ugarienetakoak —Osakidetzako medikuekin, erizainekin edo harrerako langileekin ezin euskaraz mintzatzea—; baina baita administrazioari, hedabideei edo herrizaingoari dagozkienak ere.
Donostia, Errenteria eta Zarauzko ertzain etxeen kasuak nabarmentzen dira txostenean, zerbitzua euskaraz jaso ezin izan zutenen zerrenda luzea baita. “Estoy yo solo y no sé euskara; si quieres declarar en euskara, vienes a la tarde o te vas a Azkoitia” (bakarrik nago, eta ez dakit euskaraz; deklarazioa euskaraz egin nahi baduzu, etor zaitez arratsaldez edo zoaz Azkoitira), erantzun zion ertzain batek salaketa bat jarri nahi zuen herritar bati. Txostenean azpimarratzen denez, errepidean Ertzaintzak geldiarazitako hainbat gidari euskaldunek ere isekak eta umiliazioak jasan zituzten, zerbitzua euskaraz jaso nahi izateagatik.
Baina hizkuntza eskubideen urraketak ez dira eremu horretara mugatzen: Euskal Herriko herrialde guztietan, alor publikoan nahiz pribatuan eta lan sektore guztietan jaso ditu kexak Behatokiak. Anauten aburuz, garaiak aldatu badira ere plano berean koka daitezke gaur egungo hizkuntza eskubideen urraketak eta duela lau, bost edo sei hamarkadakoak. “Urkijok aurkezten dituen salaketak, adibidez, logika berean sartuko nituzke nik: hizkuntza zapalkuntzarako mekanika bat da. Lehen isunak, debekuak eta atxiloketak zirenak dekretuak edo helegiteak dira orain. Formak eta erasoen intentsitatea da aldatu dena, baina horien atzean dagoen filosofia berbera da”.
Leave a Reply