Gastronomiaren topaleku izango da beste behin Tolosa, abenduaren 6tik 8rako Txuletaren Festa antolatu baitute. Otorduez gain, ganadu azoka, pilota partidak, zesta-punta txapelketa eta idi dema izango dira.
Aurten, aurkezpena Casa Julian jatetxean egin zuten. Bertan izan ziren Ibai Iriarte alkatea, Tolosako erretegien ordezkariak, Matias Gorrotxategi (Casa Julian), Pedro Ruiz (Casa Nicolas), Juanjo Pascual (Burruntzi), Claudio Sanchez (Orue) eta Javi Uhalde (Berrobiko Iriarte jatetxea), Cristina Aldalur (Alejandro Goya), Joxean Goia (Carnicas Goya), Iñaki Oiarbide (GIFEko lehendakaria), Xabier Zabaleta (Jakitea elkarteko lehendakaria), Kino Martinez (Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea) eta Fernando Elola (Jose Ignacio Elolaren semea).
Iriartek hartu zuen hitza: “Euskaldunei jatea gustatzen zaigu, baina ondo jatea gustatzen zaigu, kalitatezko, bertako eta ondo prestatutako produktuak. Tolosak badu lotura hori, eta Txuletaren Festak erantzuna ematen dio horri, herrian ditugun erretegien bitartez”.
Matias Gorrotxategi Casa Julian jatetxekoak gaineratu zuenez, “Txuletaren Festa bikaina izan da, eta hemendik aurrera ere berdin izango da”. Txuletaren eta Tolosaren arteko “amodioa” mundu guztian zabaltzea nahi dutela esan zuen Gorrotxategik.
Parrilarien lehia
Aurtengo berritasuna Gipuzkoako Parrileroen Txapelketa izango da. “Euskal Herriko Txapelketa Donostian egiten da, eta aurten herrialdeetan txapelketak egitea pentsatu dugu. Gipuzkoako txapelketa egiteko pentsatu genuen Tolosa toki ezin hobea zela”, azaldu zuen Xabier Zabaleta Jakitea elkarteko lehendakariak.
Txapelketak aldaketa bat izango du, Tolosako Txuleta Festari egokitzeko. Izan ere, parrileroek arraina epaimahaiarentzat bakarrik egingo dute, eta haragia, berriz, epaimahaiarentzat eta afaltzera joaten diren guztientzat prestatuko dute. Txapelketan parte hartu nahi duenak igandera arte izena eman dezake. Zabaletak aitortu zuenez, aurkezpenean zeuden eta epaile izango diren parrilleroei begira, “inoiz baino epaimahai zorrotzagoa eta hobea izango dute parte hartzaileek”, eta jendea animatu zuen lehiaketan izena ematera.
Txapelketako lehen bi sailkatuak Euskal Herriko Txapelketarako sailkatuko dira. Txapelketa abenduaren 7ko gauean egingo da.
Otorduetako erreserbak egiteko, 943-69 74 13 telefono zenbakira deitu behar da (Tolosaldea Tour) edo, bestela, posta elektronikoz tour@tolosaldea.net helbidera idatzita egin daiteke eskaera.
Leave a Reply