85

Irakurle denei ez zitzaien gauza bera bururatuko. Batentzat hogeigarren mendeko urte baten amaiera izango da. 1985ean zer gertatu zen pentsatzen jarriko zen, eta agian Ardanza lehendakari izendatu zutela oroituko zitzaion. Edo ez. Auskalo.

Beste irakurleren batek emakume edo gizonezko baten adinarekin lotuko zuen. Hiltzeko urte kopuru ederra litzatekeela ere pentsa zezakeen.

Baina inork pentsatu al du gabonetako loteria nazionalaren zenbakiarekin lotuta egon zitekeenik? Dagoeneko egongo da bukaera hori daraman zenbakia erosi duenik. Seguru baietz. 85 bukaerak txin-txin hotsa dakar berarekin. Hala dio behintzat loteriaren historiak. Loteriaren histeriak ere numero ederrak sortzen ditu.

Harrigarria da gobernatzeko zein artalde samurra garen batzuetan. Eguneroko arazoen aurrean otso talde bat gara, baina ilusioaren eta itxaropenaren izenean etsai dugun artzainari ere men egiten diogu.

Loteria nazionala. Izendapenean ez naiz sartuko. Izanarenpean ere ez. Bakoitzak ikus beza. Duela gutxi arte familiakoen edo lagunen artean zorrak kitatzeko edo esker oneko agertzeko modu bat zen Euskal Herritik kanpoko txokoren batetik dezimo bat ekartzea. Hurrengorako konpromisoa ere bai hartzailearentzat. Gaur egun, ordea, zuk nahi duzun zenbakia hauta dezakezu zure etxetik edo herritik mugitu ere egin gabe.

Erakargarri, hunkigarri, ahaztezin edo amesgai zaizun eguna izan daiteke desio duzun zenbakia. Zure ilusioa eta itxaropenak zenbaki bakarra du dezimo bakarra baduzu. Infinituraino ameslari bihur zaitezke, ordea, dozena erdi zenbaki badituzu. Hilaren amaierara ezin iritsi ibiliko gara, baina berdin dio, bizi osorako dirua eskura dezakegun sinesmenak elikatzen gaitu.

Jokalari batzuek zozketaren norabidea zortearen esku uzten dute. Beste batzuk, ordea, estatistikaren esku. Zein bukaera da historian zehar gehienetan errepikatu dena? Zein herrialdetan jokatzen da diru gehien? Horren arabera mugitzen da artaldea. BEEEhin eta BEEErriz. BEEEjondeigula!

Gastatzeko astirik gutxien dutenak omen dira diru gehien xahutzen dutenak. Hirurogei urtetik gorakoak, hain zuzen. Horrek ere zer edo zer esan nahiko du, ezta?

Nik aurten ere ez dut hogei euroko ilusiorik izango, baina badut eskaini didaten lekuetan ez tokatzeko itxaropena. Ezezkoa eman diedanei egokituz gero kosta egingo litzaidake pena eta damua ezkutatzen. Ni ere halakoxea naiz: ardi larrua jantzi nahi ez duen kontraesanez betetako otsoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.