Gaueko ordu txikitan, zabalik da oraindik multinazional baten izena daraman jostailu denda handia, eta argitan blaitzen du kale osoa. Erakusleihoan kontu handiz jarritako jostailuei so dago neska-mutil talde bat, sudurrak kristalera itsatsita. Jostailuen gainean kartel handiak daude zintzilik. Merry Christmas, letra larriz idatzita. Aldamenean, berriz, eskua gora eta behera mugitzen duen Bizarzuriren panpina erraldoi bat dago. Ho, ho, ho! esaten du noizean behin, ahots metalikoz. Duela zenbait urtera arte, AEBetako edo Erresuma Batuko edozein hiritako eszena izan zitekeen hori, baina egun, Donostian, Arrasaten, Eibarren edo Irunen ere ikus ditzakegu halakoak. Izan ere, atzerriko kontsumo ohiturak gero eta hedatuagoak daude hemengo herri eta hirietan.
Iazko nahiz aurtengo azaroan, adibidez, Black Friday edo Ostiral Beltzaren fenomenoak idar handia hartu du Gipuzkoako saltoki handi zein txikietan, orain arte inor gutxik jakin arren zehazki zer den eta nondik datorren ohitura. Deskontu handiak eskaintzen dituzte saltokiek, eta Gabonetako erosketak aurreratzeko aukera ikusi dute askok moda berri horretan.
“Horrelako ekimenek 80 eta 90eko hamarkadetan AEBetan dute jatorria, eta, orain dela pare bat urte, Espainiako merkatura iritsi ziren, saltoki zein marken eskutik”, azaldu du Ikusmer merkataritzaren behatokiko teknikari Itziar Ruizek. Kontsumoari buruzko datuak, joerak eta berrikuntzak aztertzen ditu behatokiak, eta, besteak beste, azken urteetan Euskal Herrian adoptatutako kontsumo usadioei buruzko ikerketa lanak ere ikus daitezke Ikusmerren webgunean.
“Ostiral Beltzak, adibidez, ez du gure merkatuarekin inolako erlaziorik”, dio Ruizek. Berez, azaroko laugarren ostiralean egiten den eskaintza sorta da. AEBetan ospatzen den Thanksgiving edo Esker Oneko Egunaren ondorengo zubia baliatzen zuten askok erosketak egiteko. Hori ikusita, prezioak merkatzeko erabakia hartu zuten hainbat saltoki eta kate handik, eta joera horrek mundu osora egin du salto. “Hemen, adibidez, ez da existitzen Esker Oneko Egunaren zubia”, gogoratu du Ikusmerreko teknikariak.
Apple eta Amazonen gisako multinazional erraldoiak izan ziren deskontuak antolatzen aintzindariak; 2010. urtean ekin zioten mota horretako deskontuak aplikatzeari, batez ere, Interneteko dendetan. “Hemen, adibidez, ez da existitzen Esker Oneko Egunaren zubia, baina multinazionalek ezarritako joera bereganatu dute banaketa sektoreko Europako beste kate batzuek: El Corte Ingles, Inditex, Fnac eta Mediamarkt, kasurako”. Eta hortik, edozein herritako erakusleihoetara.
‘Ziberastelehena’, indartzen
Interneten orokortzeak, gainera, beste hainbat ohitura atzerritarren zabalkundea ahalbidetu du. Horren adibide da Cybermonday edo Ziberastelehena izeneko eguna. Kontsumitzaileei Internet bitartez erosketak merkeago egiteko aukera ematen zaie egun horretan. “Aurreko urteko datuekin alderatuz, Ziberastelehenean parte hartu duen enpresa kopuruak %35eko hazkundea izan du; beraz, egun honek gero eta garrantzi handiagoa duela egiaztatu da”, azpimarratu du Ruizek.
Atzerriko beste kontsumo ohitura batzuek, ordea, urte asko daramatzate hemengo merkatuan errotuta —Halloween festa, besteak beste—, baina azkenaldian indartu egin dira, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukeren gerizpean.
Horren zergatia ulertzeko, konpainia handien marketin bulegoetara jo behar dela uste dute Ikusmer taldeko ikerlariek: “Banaketa kate handien parte diren merkataritza gune eta saltokien hazkundearen proportzio berean indartu dira anglosaxoi erroko ohiturak ere. Hau da, Gabonetako kanpainia gehienak marketin sail nagusitik diseinatzen dira, eta sustapenerako material bera erabiltzen da saltokiaren kokapen geografikoa edozein dela ere. Beraz, zenbat eta gehiago hedatu tankera honetako kateak, orduan eta Bizarzuri gehiago ikusiko ditugu erakusleihoetan”.
Tokiko saltoki gehienek, berriz, hemengo ikonografiari eusten diotela uste dute Ikusmerreko kideek. Ezin jakin, ordea, joera horrek iraupen luzea izango duen, edo AEBetako ohiturak propiotzat hartzeko joera gailenduko den pixkanaka-pixkanaka.
Onurak merkatarientzat
Gipuzkoako merkatari handi zein txikiek, oro har, begi onez ikusi dute Atlantikoa zeharkatu duten ohituren zabalkundea, promozioak egiteko eta salmentak goititzeko aukera ematen dien heinean. Ostiral Beltzaren inguruan, esate baterako, hamaika egitasmo abiatu dituzte herri eta auzoetako merkatari elkarteek. Bakan batzuek, gainera, atzerriko ohiturak hurbiltzeko ahalegina egin dute.
Oñatiko Txanda elkarteak, adibidez, Ebakoitz Baltza izeneko jardunaldiak antolatu zituen Black Friday egunean: bertan parte hartzen zuten saltokien ordutegia gaueko hamarretara zabaldu zuten, eta deskontu nahiz eskaintza bereziak eskaini zituzten. Horrez gainera, hainbat kultur ekitaldi antolatu zituzten, kaleak dinamizatzeko eta giroa berotzeko.
Merkatari elkarteek antolatutako ekinbideez gainera, tokiko saltoki txiki askok ere deskontuak egin zituzten beren kasa, elkarte edo multinazional baten barruan egon gabe ere. “Kanpainia hauek izandako harrera onaren berri eman digute merkataritza elkarteek, atxikitako saltokietara joan ziren kontsumitzaileen zenbatekoari eta horiek egindako erosketei dagokienez”, adierazi du Ruizek.
Behatokiko ikerlarien ustez, kanpaina berri hauek eskaintza onenak egiten dituzten saltokiei egiten die mesede, horien jatorria edo tamaina edozein dela ere. “Erosketa ohituretan eta lehentasunetan gertatu diren aldaketen inguruan egin ditugun ikerketek adierazten duten moduan. Kontsumitzaileek salneurriaren aldagaia hartzen dute kontuan, batez ere. Zehazki, EAEko kontsumitzaileen %63k erosketa erabakitzeko aldagai nagusiena prezioa dela esaten dute”.
Krisiak, gainera, ez ditu halako modak ahultzen, kontrakoa baizik. “Kontsumitzaileak eskaintzen ardura izatera bultzatu ditu krisiak, eta horrek, ziurrenik, fenomenoa sendotzen lagundu du. Krisialdiak ziurgabetasuna eragiten du, eta prezioarekiko sentikortasuneko mekanismoak aktibatzen ditu. Ez bakarrik low cost profila duen kontsumitzailearengan, kontsumo arduratsua ere aktibatzen du”.
Leave a Reply