Gipuzkoako Foru Aldundiak ezin izango du hondakinak kudeatzeko plana esperotako epeetan egin. 2015erako martxan jartzea aurreikusten zuen, baina ez da posible izango. Gipuzkoan zabortegi eta errauste plantarik gabeko hondakinen kudeaketa martxan jartzea du helburu aldundiak, eta horretarako azpiegituren zerrenda bat ere aurkeztu zuen urte hasieran: hiru konpost planta, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta bat eta hondakin geldoen biltegi bat. Eusko Jaurlaritzak, ordea, galga jarri die diputazioaren asmoei.
Jaurlaritzako Ingurumen Sailak proiektuari ez dio luzatu ingurumen baimen bateratua. Azaroan emandako ebazpenaren arabera, lehendik baimendutako proiektuari “funtsezko aldaketak” egin zizkion aldundiak, eta tramitazioari hasieratik ekin behar dio berriz. Hori dela eta, errauste plantaren proiektuari emandako baimenak ez du balio aldundiaren planak aurrera egiteko. Jaurlaritzak dio “beste proiektu bat” dela oraingoa. Plan berrian TMB planta ezinbesteko azpiegitura denez, plana ezingo da martxan jarri azpiegitura horrek baimena lortu arte.
Diputazioak gogor kritikatu zuen Jaurlaritzaren erabakia. Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren esanetan, “zabortegien inguruan bizi diren herritarrei eragingo die” erabakiak, eta gipuzkoarren “kaltetan” ari da EAJ: “TMB plantak lehengo azpiegiturek baino ingurumen eragin txikiagoa du, eta, kasu horietarako, legeak ez du aurreikusten beste baimen bat eskatu beharrik”. Oztopoak oztopo hondakinak birziklatzean oinarritutako ereduarekin aurrera egingo dutela adierazi zuen Errazkinek.
EAJko Markel Olanok, berriz, Jaurlaritzaren erabakia babestu egin zuen: “Proiektu berria denez, baimen berria behar du”. Bilduren aurka jo zuen Olanok. PSE-EEko Denis Itxasoren ustez, “espero zena” gertatu da, eta “okerrena iristeko” dago hondakinen inguruko gatazkan. PPko batzarkide Txema Murgiondoren esanetan, hondakinen kudeaketa “ezin okerragoa” ari da izaten, “beste atal askotan bezala”.
Aldundiaren asmoa da TMB planta Zubietan eraikitzea, errauste planta egitekoa zen lursailaren ondoan. Aurkeztutako proiektuaren arabera, 170.000 tona jasotzeko egongo da prestatuta azpiegitura hori, eta bi dira plantaren helburuak: hondakinak bereizi eta ahal den gehiena berreskuratzea, birziklatzera edo konpostatzera eramateko; eta nahastutako hondakinak sortzen dituzten kutsagaiak desagertzea. Ondoren, berreskuratu ezin diren hondakinak hondakin geldoen biltegira eramango lituzkete.
Proiektuaren beste oinarria konpost plantak dira. Hiru aurreikusten ditu aldundiak, lurraldearen beharrei erantzuteko: Lapatxeko planta (Azpeitia) —martxan dagoen bakarra—, Epelekoa (Bergara) —eraikitzen ari dira— eta Zubietan egin asmo dutena. Urtez urte materia organiko gehiago ari da biltzen Gipuzkoan —13.000 tona iaz—, eta Lapatxeko planta ez da nahikoa. Ondorioz, zati handi bat Gipuzkoatik kanpo ari dira eramaten, Nafarroara. Hiru planten artean, 80.000 tona tratatu ahal izango dituzte, herrialdean bildutako hondakin organiko guztia.
Plan berriaren helburu nagusienetakoa lurraldeko hiru zabortegiak ixtea da. Epeak ere zehaztu zituen aldundiak, baina Jaurlaritzaren ebazpenaren ondoren kolokan gelditu da zabortegien itxiera. Zarauzko Urtetakoa abenduaren 23an zuten ixtekoa; Azpeitiko Lapatxekoa, apirilean; eta Sasietakoa (Beasain), hurrengo abenduan. Oso litekeena da zabortegien itxiera atzeratu behar izatea. Hiru herrietako alkateek gaitzetsi dute Jaurlaritzaren erabakia.
Zestoan, biltegia
Zabortegien itxieraren egutegian ez ezik, hondakin geldoen biltegian ere eragingo du Jaurlaritzak TMB plantari baimena ez luzatu izanak. Izan ere, Zubietako plantako hondakin bizigabeak eraman behar zituzten bertara.
Aldundiak urriaren 13an jakinarazi zuen biltegia Zestoako Osinbeltz harrobian jartzea erabaki zuela. Erabakiak zeresan ugari sortu zuen herrian, eta aldundiko ordezkariak bertan zirela hainbat batzar ireki egin zituzten, proiektuaren berri emateko. Hainbat zestoarren kezkak ikusirik, azkenean galdeketa bat egingo dute biltegiari buruz. Parte-hartze prozesu bat jarriko dute martxan herrian informazioa zabaldu eta herritarren ekarpenak jasotzeko.
Leave a Reply