Etxerik gabekoak hotzetik babesteko zerbitzua abian jarri dute Donostian

Donostiako Udalak prest dauka etxerik gabeko pertsonentzako Ate Irekien Zerbitzua. Muturreko baldintza meteorologikoetan zabaltzen da zerbitzua; hau da, zero azpitik gradu bateko edo hori baino baxuagoko hotzaldiak iragarrita daudenean. Leku kopurua mugagabea da, beraz, gerturatzen diren lagun guztiei eskainiko zaie lo egiteko tokia. Aurreko negoan, gau bakar batez aktibatu zen zerbitzua —2013ko azaroaren 27ko gauean—, eta 17 lagunek erabili zuten.

Abegi Etxean kokatua dago Ate Irekien Zerbitzua, Mons pasealekuko 3. zenbakian, eta martxoa bukatu arte egongo da indarrean. Han, beste bi baliabide eskaintzen ditu Donostiako Udalak: Abegi Etxea bera, eta gaueko aterpea. Horietan, 40 eta 32 pertsonentzako lekua dute hurrenez hurren, baina gaur egun, beteta daude.

Jon Albizu Gizarte Ongizateko zinegotziaren esanetan, “administrazio publikoaren betebeharra da” egoera ahulenean dauden pertsonak artatzea eta laguntza ematea: “Donostiako Udalak konpromiso sozial irmoa dauka, eta lehentasunezkoak dira guretzat izaera soziala duten politikak; baliabide hauek sustatzea horren baitan kokatzen da”.

Pobrezia, hedatzen

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako azken Pobreziaren Inkestak errealitate gordina azaleratu du: herrialdeko adingabeen laurdenak pobrezia eta gizarte bazterketako egoeran bizi dira. 33.213 adingabe daude egoera horretan herrialdean —18 urtetik beherakoen %26,6—, eta horietatik 10.000 pasatxok (%8,1) gabezia material larriak dituzte.

Oro har, 160.600 pertsona daude pobrezia eta gizarte bazterketako arriskuan Gipuzkoan; alegia, biztanleen %22,7. “Inkestaren emaitzek argi uzten dute pobreziaren poltsa adinduetatik haurretara mugitu dela; alegia, beren kargu seme-alabak dituzten familia gazteen sektorera, eta eragin berezia du ama bakarreko familietan”, nabarmendu du Ander Rodriguezek Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.