Ikasmahaiak tintontzi eta guzti, emakume ona izateko eskuliburuak, idatzizko zigorrak, ikastetxeetako aktak, argazkiak, maisu-maistra batzuek ikasleak jotzeko erabiltzen zituzten tresnak… Horiek eta gehiago ikus daitezke Arbel beltza. Sasoi ilunak euskal hezkuntzan erakusketan. Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa lanen ondorioa da, eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailarekin elkarlanean prestatu du. Martxoaren 13ra arte egongo da ikusgai Aieteko kultur etxean.
Euskal irakaskuntzak izandako ibilbidearen berri ematen dute erakusketan; XIX. mendean hasi, eta Errepublika, frankismoa eta klandestinitatean sortutako lehen ikastolak landu dituzte, besteak beste. Batez ere, 36ko gerraren hasieratik Francisco Franco diktadorea hil arte Euskal Herriko irakaskuntza nolakoa zen erakusten ahalegindu dira.
50etik gora erakundek, elkartek eta norbanakok utzi dizkiete objektuak eta argazkiak. Erakundeen artean daude Madrilgo Liburutegi Nazionala, Salamancako Agiritegi Historikoa eta Kutxaren Fototeka. Horrez gain, garai hura bizi izan zuten hainbat lagunen lekukotzak ere bildu dituzte.
Erakusketaren helburuetako bat da frankismo garaian jazarpena eta indarkeria jasan zuten irakasleak gogoratzea. Hori dela eta, erakusketa gelan sartu orduko ikus daiteke panel handi batean izen zerrenda luze bat. 1936tik 1942ra artean baztertu eta zigortu zituzten 140 maisu eta maistren izenen zerrenda da, hain zuzen.
Argazki zahar ugari bildu dituzte erakusketarako: XIX. mende amaierako ikastetxeetakoak, tropa frankistak Donostian liburuak erretzen ageri direnak, haurrak Cara al sol abesten…
Erakusketaren harira, liburuxka bat atera dute. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak egin du hitzaurrea: “Ikusteak eta ikasteak argitzen gaitu, baina ez atzeko iluntasunari begira bizitzeko: iraganeko akatsak errepikatuko ez dituen historia berria denon artean eraikitzeko baizik”.
Leave a Reply