“Jendea ez da aldatu: lehen bezain zikin segitzen du”

“Edozein zerrikeria botatzen dute edozein bazterretara”. Felipe Ugalde (Hernani, 1970) kale garbitzaileak ez du uste herritarren jarrera aldatu denik lanean hasi zenetik. “Lan handia” dute oraindik: “Jendea dabilen lekuan berehala sortzen da zaborra”.

Noiztik zabiltza kale garbitzaile lanetan?

Zortzi urte oraintxe bete dira lan honetan hasi nintzenetik, 2006ko Gabonetan hasi bainintzen. Donostian egin nituen lehen asteak, baina gero segituan nire herrian bertan hasi nintzen, Hernanin. Geroztik, hemen nabil jendeak utzitako zerrikeriak garbitzen.

Donostian eta Hernanin egin izan duzu lan. Alde handia al dago batean edo bestean aritu?

Donostian aste gutxi pasatu nituen. Batez ere, Hernanin egin izan dut lan. Halere, esango nuke alde handia dagoela batean edo bestean lan egin. Berez, lan bera dugu: kaleak garbitzea. Baina Donostian jende gehiago ginen lanerako, makineria gehiago zegoen, makineria hobea… Han errazago egiten ziren gauzak. Hernanin juxtuago ibiltzen gara askotan.

2006tik hona asko aldatu al dira erabiltzen dituzuen lan tresnak?

Bai, aldatu dira, bai. Batetik, makinak gero eta modernoagoak dira. Gero eta azkarrago eta hobeto garbitzen dituzte kaleak. Eta, bestetik, betiko erratza eta karroa ere dezente aldatu dira. Erosoagoak dira gaur egungoak. Lehen, gainera, ontzi handi bat besterik ez zegoen karroaren barrualdean. Orain, atal gehiagotan banatuta dago, eta egokiagoak dira.

Lan tresnak aldatu dira, orduan. Eta, jendea? 2006an lanean hasi zinenean baino garbiagoa dela esango zenuke, edo zikinagoa?

Nire ustez, jendeak lehen bezain zikin segitzen du. Horretan behintzat ez dugu onera egin. Nik Hernanin ikusten dudana dakit. Jendeak edozein zerrikeria botatzen du edozein bazterretara.

Hernaniko Udalak 2011n animalien ordenantza berria onartu zuen. Besteak beste, bide ematen zuen kalean kaka egiten zuten txakurren jabeak zigortzeko? Igarri al duzue aldaketa?

Lehen kakak biltzen, eta orain poltsak biltzen ibiltzen gara. Hori da aldaketa. Harrigarria da zenbat jendek egiten duen txakurren kaka lurretik poltsa batera jaso, eta gero poltsa hori lurrera bota, zaborrontzira bota beharrean.

Zein da zure lan ordutegia?

Asteburuetan egiten dut lan orain, larunbat eta igande goizetan, 06:00etatik 12:00etara.

Asteburuetan egiten duzu lan, eta Hernanin. Sagardotegi denboraldia laster hasiko da. Pentsatzen dut hemendik aurrera lan dezente izango duzula.

Bai, horrela da. Jendea dabilen lekuan izaten dugu lan handiena guk, eta sagardotegi sasoian mugimendu handia izaten da Hernanin. Asteburu normaletan sei kale garbitzaile aritzen gara lanean. Bada, hurrengo hilabeteetan pare bat gehiago batuko zaizkigu lantaldera. Ez zaigu lanik faltako, hala ere.

Parrandan dabilen jendearekin topo egingo duzue astebururo. Errespetatzen al dute lanean ari dena?

Denetariko jendea dago. Orokorrean errespetatzen gaituzte, baina beti dago txororen bat iskanbila sortzen. Karroak kentzea ohiko samarra da, tamalez. Botilak ere bota izan dizkigute noizbait. Horrelakoetan, hala ere, berehala agertzen da babesten zaituen norbait. Nik, gainera, herrian egiten dut lan, eta herriko jendeak aurpegia eman ohi du zerbait gertatzen denean.

Sagardotegi sasoia kenduta, beste zein urte sasoitan izaten duzue lanik handiena?

Batez ere, festak direnean egin behar izaten dugu gogor lan: sanjoanetan, auzoetako jaietan, bestelako ospakizunetan. Urte garaiari dagokionez, udazkena ez da batere samurra izaten guretzat. Hostoek lan izugarri ematen digute. Uda, adibidez, lasaiagoa izaten da. Behin sanjoanak pasatuta, mugimendu gutxiago izaten da herrian, eta asko igartzen da hori.

Zortzi urte hauetan egin izan duzu lan bitxiren bat?

Behin Errege magoen desfilean aritu nintzen lanean Donostian. Moroz jantzi, eta idien atzetik ibili ginen, haien kakak biltzen. Denetarik egin beharra dago!

Leave a Reply

Your email address will not be published.