Urtea bete begirada

Irudi asko utzi ditu joan den 2014ak. Besteak beste, Gure Esku Dago taldeak antolatutako giza katea, PPren kongresuan abortu librearen alde egindako protesta, Hondarribiko alardeko plastiko beltzak. Horiek eta gehiago izan dituzte gogoan Gipuzkoako hainbat arlotako sei pertsonaia ezagunek. Gipuzkoako Hitzak eskatuta, 2014ko gertakari esanguratsuenak aukeratu dituzte, eta heldu berri den urtean sortuz joango diren irudiak margotzen saiatu dira. Tartean, maiatzeko hauteskundeak, datozen hilabeteetan izango diren dinamikak eta bakoitzaren desioak.

JON MAIA

Bertsolaria

“Mugimendu berriak erabakitze eskubidearen bueltan etorriko dira”

Hasi berri dugun urteari begira, kontzeptu politiko bat nabarmendu du Jon Maia bertsolariak (Zumaia, 1972): erabakitze eskubidea. Haren esanetan, iazko gertakari garrantzitsuenak kontzeptu horri lotu behar zaizkio, eta uste du heldu den urteko gertakariekin ere hala gertatuko dela: “Politikoki erabakitze eskubidearen urtea izan da. Iazko momentu bat nabarmendu beharko banu, Euskal Herriko mapa zeharkatu zuen giza katea izango litzateke. Horri lotuta, Eskozian jende guztia normaltasun osoz bozkatzera joan zeneko irudia ere nabarmentzekoa da, bai eta Kataluniako mobilizazio erraldoia ere”. Bertsolariaren ustez, 2015ak ildo beretik jarraituko du eta mugimendu eta aurrera pauso “ikusgarrienak” kontzeptu horren eskutik etorriko dira. “Mugimendu bakarra herritarrek ekarriko dute. Pentsatuta daude gauza asko, eta giltza erabakitze eskubidea izango da”. 2015eko maiatzean, gainera, udal eta foru hauteskundeak izango dira Gipuzkoan. Maiaren hitzetan berrikuntzak ikusi dira legealdi honetan. “Transformazio fiskal garrantzitsua eraman da aurrera, eta zaborren kudeaketan Europako abangoardian jarri gara, birziklapen tasetan gizarte aurreratuenen kopuruetara hurbilduz”. Hala ere, argi du bertsolariak lau urte motz direla “edozeinentzat”. Ekonomia hizpide, eta atzera ere iazko egutegiari erreparatuz, langileek antolatutako protestak nabarmendu ditu zumaiarrak. “Gure eskualdean izugarria izan da langabeziara joan den langile kopurua. Oso presente izan dugu gure eguneroko bizitzan. Mobilizazioak, jendea pankarten atzean bilduta… Etxe askotara sartu den drama izan da”.

ARANTXA URRETABIZKAIA

Idazlea

“Elkarbizitzan aldaketa gutxi izan dira. Ia lehen bezain zaila dugu”

Iazko urteari gainbegiratu bat eginez gero Euskal Herritik kanpo irudi deigarririk ez dela falta izan dio Arantxa Urretabizkaia idazleak (Hondarribia, 1947). Hala ere, bizitoki duen Hondarribian gertatutako zerbait deskribatu du: “Aspalditik burmuinean grabatuak ditudan irudien artean, bada bat irailaren zortzikoa, Hondarribiko Kale Nagusiko plastiko beltzena. Bertatik bertara, izugarriak dira, intolerantziaren eredu, otsoaren ahoaren pareko”. Datozen hilabeteei begira, Urretabizkaia konforme da “atzerapausorik” gertatuko ez balitz, “alor pertsonalean nahiz publikoan”. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeekin batera legealdi berri bati emango zaio hasiera. Hala ere, idazle gipuzkoarrari gehien kezkatzen dion alorrean aldaketa gutxi sumatu duela aitortu du: “Aldaketa gutxi izan dira elkarbizitzan. Ia lehen bezain zaila dugu”.

KATTALIN MINER

Kazetaria

“Feminista ugari batu gara, eta aliantza horiek praktikan jar ditzakegu”

Urte bukaera “bortitza” izan da Kattalin Miner kazetariaren esanetan (Hernani, 1988). “2014an gutxienez bost emakume erail zituzten Euskal Herrian eraso matxistetan. Baina ez erailketak bakarrik, bortxaketak eta hainbat eraso ere izan dira, batik bat urte amaieran. Tamalez, hori ere bada 2014aren aurpegi bat”. Alde onik ere ikusi dio bukatu berri den urteari. “Murrizketa eta erasoen gainetik, aktibazio handia egon da, eta horrek hainbat garaipen sozial lortzea ahalbidetu du”. Garaipen horien artean Espainiako Gobernuak atzera botatako abortuaren lege erreforma nabarmendu du, bai eta Alberto Ruiz-Gallardon ministroak emandako dimisioa ere. “Ikusten genuen Espainiatik sekulako kolpea etor zitekeela emakumeen eskubideak murrizteko, eta uste dut gaitasun handia erakutsi dugula aktibaziora deitzeko. Ohituta ez gauden arren, ikusi dugu badirela garaipen txikiak, edo handiak, nondik begiratzen duzun”. Aktibazio sozial horren barnean, epaiketa politikoen aurka Libre plataformak aurrera eramandako mobilizazioak goraipatu ditu Minerrek. 2015ari begira, politikoki bizitasun handiko urte hasiera iragarri du kazetariak. Izan ere, begirada asko egongo dira jarrita maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetan. “Aro interesgarria izango da. Ziurgabetasun une batean gaudela uste dut; ez dakigu zer emaitza izango diren, baina nago betiko moduek ez dutela balioko, eta datorren hauteskunde kanpaina ez dela ohikoa izango. Maiz, politikariek kontu askorekin betetzen dute ahoa, baina uste dut euskal gizarteak ez dituela onartzen horrelako jarrerak. Ikusmina sor dezake kanpainak”.

Era berean, Euskal Herriko mugimendu feminista “garai onean” dagoela nabarmendu du Minerrek, eta adierazi du urte garrantzitsua izan daitekeela 2015a. “Arlo askotan feminista ugari batu gara, eta urte honetan aliantza horiek guztiak praktikan jar ditzakegu”.

JOSEBA BARANDIARAN

Ekonomialaria

“Nahi nuke epe luzeko ikuspegia sendotu, alderdikeriak gutxituz”

Joseba Barandiaran ekonomialariaren aburuz (Legazpi, 1973), 2014a Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka, Eskoziako erreferenduma eta Kataluniako galdeketaren urtea izan da. Hala ere, Euskal Herrira etorrita, urteak utzitako bi gertakari nabarmendu ditu gipuzkoarrak. Alde batetik, ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotu zituen giza kate jendetsua; eta, bestetik, Egunkaria auzia behin betiko itxi zuten unea, “auzipetuengatik sentitutako pozagatik”. Ekonomiari dagokionez, Catak Fagor berriz martxan jartzeko hartutako erabakia nabarmendu du Barandiaranek, bai eta EAEko aurrezki kutxak banku fundazio bihurtzeko aurrera eramandako prozesua eta Luxenburgok multinazionalei emandako tratuaren gaineko informazioa ere (Luxleaks). Ekonomialariak ez du ahaztu nahi izan petrolioaren prezioak jasandako beherakada. Urte berriarekin, ordea, ez du espero gauzak “egun batetik bestera erraz” aldatuko direnik, ez elektoralki, ez ekonomikoki: “Gehiengo absolutu gutxiago izatea espero dut 2015ean, eta hori ona izan liteke. Nahi nuke epe luzeko ikuspegia sendotzen hastea, alderdikeriak gutxitzea, ditugun erronka demografiko, kultural, ekonomiko eta sozialei gizarte gisa aurre egiteko. Ez lau urterako ikuspegiz, baizik eta epe luzeagoan eta herri ikuspegiz”. Agintaldi berri bati ekin aurretik, Gipuzkoako politikaren azken lau urteek emandakoa aztertu du Barandiaranek. “Zerga alorrean eta zaborren kudeaketan islatu dira akaso gatazka zaratatsuenak. Baina nago aldaketak eta eztabaidak ez direla txarrerako izan”. Hala ere, akordioaren beharra azpimarratu du, “gauzak herritarrentzat hobetu daitezen”. “Gutxi gara, eta elkarren aurka borroka gehiegi egiteko joera dugu, nirekin edo nire kontra ikuspegiekin. Podemos Ahal Dugu fenomenoa ere agertu da aurten, zeinak hurrengo hauteskundeetan zeresana emango duen”.

XABI BASTIDA

Musikaria

“Elkartasun puntu bat gehiago behar dugu gizartean”

Gizarteak elkartasuna behar duela dio Xabi Bastida Su Ta Gar taldeko musikariak (Eibar, 1969). “Indarrak elkartu eta indibidualismoak alde batera utzita, elkartasun puntu bat gehiago behar dugu gizartean”. Izan ere, krisiaren ondorio zuzenak antzeman ditu bizi den inguruan. “Duela gutxi hemen gertu ikusi izan ditugu Bergarako Candy garbigailuen enpresako langileak protestaka. Enpresa asko itxi dituzte azkenaldian”. Horregatik, egoera irauli eta enplegua sortzen hasteko garaia dela nabarmendu du Bastidak. “Ea urte berriarekin lana ere sortzen hasten den”. Musikaren industria ere krisiaren ondorioak pairatzen ari dela aitortu arren, Su Ta Gar-eko gitarra jotzaileak uste du egoerak hobera egingo lukeela lanpostuak sortuko balira. “Zenbat eta lanpostu gehiago sortu eta ekonomia gehiago suspertu, orduan eta jende gehiago joango da kontzertuetara”. Bastidak ere gogoan izan ditu Eskozia eta ekaineko giza katea 2014ko irudi esanguratsuenak aukeratzeko orduan.

EIDER OLAZAR ELDUAIEN

Kazetaria

“Burujabetzan eta gatazkaren irtenbidean urratsak ikusi nahi ditut”

Eider Olazar Elduaien kazetariari (Tolosa, 1982) 2014ko bi irudi geratu zaizkio giltzatuta buruan. Bata, Kursaalean PPren kongresuan hiru emakumek egin zuten ekintza abortu eskubidearen alde. Eta bigarrena, Loiolako herri harresia. Info7 irratiko esatariaren esanetan, bietan desobedientzia zibilaren bidez aldarrikapenek oihartzuna izatea lortu da: “Borroka feministaren bidez lortu da abortu legea bertan behera uztea, eta, bigarrengoan, auzipetuekiko elkartasun sarea zabaltzea erdietsi da”. Maiatzean etorriko diren hauteskundeei so, tolosarrak antzeman duen aldaketa nagusia Podemos Ahal Dugu alderdia izan da. “Podemos Ahal Duguren sorrerak uste dut lagundu dezakeela jada hainbat instituzioetatik martxan jarri diren politiketan eta politika egiteko moduetan sakontzen”. Hala, Olazar Elduaienek parte hartze prozesuak aipatu ditu politika egiteko gako moduan. Urte berriari helduta, gatazkaren konponbidean eta burujabetzan urrats eraginkorrak egitea nahi du. “Ez dakit 2015ean euskal preso politikoak Euskal Herrian ikusiko ditugun, edota Katalunian egin duten galdeketa izango dugun gurean. Baina bide horretan urrats sendoak ikusi nahi nituzke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.