“Aberastasunaren banaketa dirudunen alde egiten da”

Karitateak ezin duela justizia soziala ordezkatu argi dute Alfredo Rodriguezek (Donostia, 1941) eta Jose Mari Uriak (Errenteria, 1947). Duintasuna Gipuzkoako erretiratuen eta pentsiodunen elkarteko kideak dira biak. Azkenekoz lehengo astelehenean manifestatu ziren, “pentsioak %0,25 igotzea pentsiodunen lepotik barre egitea” dela salatzeko.

Noiz eta zergatik erabaki zenuten Duintasuna eratzea?

ALFREDO RODRIGUEZ:2012ko otsailaren 21ean sortu genuen elkartea,hainbat lagunen kezkak bultzatuta, pentsioen eta berrordainketaren gainean protestatu eta informazioa zabaltzea beharrezkoa zela iritzita.

JOSE MARI URIA: Batez ere, erretiroaren adina 67 urtera arte atzeratzeak bultzatu gintuen, erabaki hori etorkizuneko pentsiodunen kaltetan hartu delako; horrez gain, emakume alargunen lehengo eta oraingo egoerak kezkatzen gaitu, etxean egindako lana ez zaielako aitortzen.

Hileko lehen astelehenean manifestazioak egiten dituzue Errenterian eta Donostian. Zein da manifestazio horien helburua?

A.R: Uste genuen erretiratuen elkarteetan hutsunea zegoela, eta ez zegoela pentsioen eta antzerako gaien inguruko nahikoa informaziorik. Horregatik erabaki genuen haiengana jotzea. Hasieran, kostata, baina akordio bat egin genuen, eta pentsioen gaia, berrordainketarena eta emakume alargunek pairatzen duten egoera salatzea adostu genuen. Horretarako antolatzen ditugu hileroko manifestazioak.

Astelehenean irten zineten azkenekoz kalera, “2015ean pentsioak 0,25 igotzea pentsiodunen lepotik barre egitea” dela salatzeko. Espainiako Gobernuak, ordea, harro iragarri du igoera.

J.M.U:  Haiek esaten dutena da KPIa baino gehiago igoko dituztela pentsioak. Baina baieztapen engainagarria da, kontuan hartuta KPIaren balorazioa egitean zein aldaketa egin dituzten. Azkenaldian KPIa negatiboa da, baina errealitatea da iaz soilik argindarra %11 igo dela, eta oinarrizko elikagaiak %4 eta %6ren artean. Gasolioa jaitsi egin da, eta, aldiz, oinarrizko beharrizanen prezioak mantendu edo igo egiten dira.

A.R: Prezioak igo baino gehiago, BEZak egin du gora. Enpresariek beren kuotak BEZaren bitartez ordaindu daitezen nahi dute. Baina noiz ikusi da halakorik? Nola baimenduko diegu hori? Beren kuotak ez ditugu zertan guk guztiok ordaindu.

Gutxieneko pentsio duinak 1.000 eurokoa izan behar duela aldarrikatu izan duzue. Zoritxarrez, erretiratu askok kopuru horretatik urrun irauten dute.

A.R: Jubilatu asko oso gaizki pasatzen ari dira, batez ere, pentsio baxuak kobratzen ari direnak eta emakume alargunak. Gainera, adineko askok seme-alabak lagundu behar dituzte, lanik gabe geratu direlako edota haien etxeak hipotekatzen ari direlako, horrek dakarren guztiarekin. Datuek erakusten digute adineko askok ezin dituztela berogailuak ere piztu, eta beste askok behar dituzten botikak hartzeari utzi diotela.

Baina agintariek pentsioen sistemari eustea ezinezkoa dela esaten dute behin eta berriz.

J.M.U: Kontua da aberastasuna nola banatzen den. Soilik ustelkeriari eta lapurretei aurre eginez, kontuak bestelakoak lirateke. Gaur egun, aberastasunaren banaketa dirudunen alde egiten da, eta hori ezin da ulertu. Aldundiek ahalegin handia egin dute enpresek ekonomia jardueren gaineko zerga ordain ez dezaten, eta horrek beti jokatuko du boteretsuenen alde.

A.R: Horregatik uste dugu fiskalitatea oso garrantzitsua dela, baina ondo aplikatutako fiskalitatea.

Justizia sozialaren aldeko borrokan ari zarete zuek. Askok, baina, nahiago lukete erretiratuak karitatearen aldeko iniziatibetan ikusi.

J.M.U: Guk argi dugu karitateak eta errukiak ezin dutela justizia soziala ordezkatu.

Erantzuna egoerak eskatzen duen adinakoa iruditzen zaizue?

A.R: Jendea etortzen da gure mobilizazioetara, baina, gure iritziz, jende gehiagok egon beharko luke kalean, egoerak hala eskatzen duelako. Horregatik, guk, kaleko mobilizazioak egiteaz gain, sentsibilizazioa lantzen dugu, eta hitzaldiak ematen ditugu erretiratuen egoitzetan. Otsailerako ongizate diputatuarekin hitzaldia antolatu dugu Koldo Mitxelena institutuan, Errenteria-Oreretan.

Dependentziaren Legeari ere erreparatu diozue, ezta?

J.M.U: Duintasunak gaur egun hiru lan lerro nagusi ditu: pentsioak, berrordainketaren kontrako borroka eta Dependentziaren Legearen kontrakoa. Azken urteetan, udalek pribatizatu egin dituzte beren zerbitzuak beharko lituzketenak, eta gu ez gaude hori onartzeko prest. Gaur egun, pertsonak makinak balira bezala artatzen dituzte. Adinekoen egoitzetan lanean ari diren profesionalekin asko hitz egin dugu, eta beren ahotik dakigu egoera oso prekarioa dela; fardelen eskasia, ratioek eragindako miseriak…

A.R: Zerbitzu horiengatik, ordea, milioi asko ordaintzen ari gara. Ikusi nahi ez dugun errealitatea da hau, beldur garelako, eta oso errealitate bortitza delako. Zerbitzu publikoen erabilera merkantilistaren kontra gaude.

Behin baino gehiagotan beste hainbat kolektiborekin irten zarete kalera. Zein garrantzi ematen diozue elkarlanari?

J.M.U: Aldarrikapen komunak ditugu, eta horiek batu egin behar dira, adineko askok, esaterako, seme-alaben etxeentzako abalak eman dituztelako, eta adineko horiek guk defendatu behar ditugulako. Bestalde, pobreziaren kontra gaude, eta indarrak eta ikusmirak batu behar ditugu baimendu ezin daitekeen egoera baten aurrean. Lan lerro horietan ari garen guztiok indarrak batu behar ditugu.

Adineko emakumeek pairatzen dituzten tratu txarren inguruko kezka ere agertu duzue.

J.M.U: Estatistikek argi erakusten dute adineko emakumeen artean biktima asko daudela. Senarrarekiko dependentzia ekonomikoa batetik, eta garai bateko estereotipo ideologikoak bestetik, babesgabetasuna erabatekoa da.

Berrordainketaren kontra 43.600 sinadura bildu zenituzten.

A.R: Berrordainketaren kontra gaude, gure iritziz lehendik ordaindu duguna ez dugulako zertan berriro ordaindu. Guk sinadurak bildu ondoren “ez dakigu horren ondorioz edota erabakia lehendik hartua ote zuten”, Eusko Jaurlaritzak 18.000 eurotik behera kobratzen zutenei dirua itzuliko ziela iragarri zuen. Guk orduan beste kanpaina bat egin genuen, eskatzeko jendea ondo informatzeko. Hamabost milioi euro zituzten itzultzeko, eta zortzi baino gutxiago gastatu dituzte; beraz, argi dago dirua bueltan jaso behar zuten askok ez dutela eskaera egin. Dirua zuzenean itzultzea litzateke bidezkoena, baina, funtsean, lehendik ordaindutakoa berriro ordaintzearen kontra gaude.

Seme-alaben eta biloben etorkizunaren alde ari zaretela diozue.

J.M.U: Egiten diren lan kontratu ia denak aldi baterakoak dira, eta, ondorioz, kotizazioak txikiak izateaz gain aldizkakoak izango dira. Ondorioz, argi dago etorkizuneko pentsio publikoak oso txikiak izango direla. Bestetik, nola ulertu 67 urteko erretiroa, gazteriaren erdia lanik gabe egonik? Erabateko kontraesana iruditzen zaigu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.